Maleta bat egiteak denbora bat eskatzen du, zer sartu eta zer ez erabaki bat izan ohi da. Elementu edo objektuez haratago, nahiak, gogoak, beldurrak, ilusioak… askotarikoak gorde daitezke maleta batean. Alex Angulo aktoreak bere ibilbide pertsonal zein profesionalari lotutako dokumentuak, objektu zein argazkiak maleta batean gorde zituen, orotara, 5.000 bizipen zein oroitzapen.
Dodók, Anguloren alabak, bere aitaren maleta eskuartean hartu eta hura ezagutzeko bidaiari ekingo dio. Maletan dauden objektuak atera eta banan-banan jabeei bueltatuz joango da. Horrela, aita maite zuten horien begietatik ezagutuko du, eta izan ez zituzten elkarrizketak zabalduz joango dira.
Alejandro Cortés Calahorra zuzendariak Refugios (2015) filmean Alex Angulo aktorearen partaidetza izan zuen. “Bere baiezkoa jasotzeko zorte ikaragarria izan nuen, eta baita zorte txarrena ere, mundo mailako pantailetan ikusi zen Alexen azken filma izan zelako, hain zuzen ere”. Angulo auto istripu batean hil zen 2014an, eta zuzendariak ezin izan zion aktoreari filma erakutsi. Arantza horrek sortutako emozioetatik abiatzen da La maleta de Alex filma egiteko grina.
Filmak bi maleta jartzen ditu erdigunean. Batetik, aktoreak gordetako dokumentu eta objektuak biltzen dituena, hala nola, ibilbide profesional baten erakusleiho izateaz gain, belaunaldi baten kultur historiaren parte den lekukotza. Eta bestetik, Anguloren bizitzaren parte izan diren eta filmean agertzen diren guztiek bere gain daramatzaten maletak.
Maleta eta objektuak estruktura gisa hartu eta road movie batean barneratzen gaitu emozioz jositako kontakizunak. Zuzendariaren helburua pertsonaia publikoaren atzeko pertsona erakustea zen, eta horretarako hamaika modu dauden arren, Anguloren beraren ahotsa erabili du Cortesek pertsona ezagutzeko bide gisa.
Antzerkian, filmetan zein telesailetan egindako agerpenetan ikusiko dugu aktorea, kulturaren historiaren testigantza ukaezin bilakatuko den dokumentu bat eraikiz, baina baita orainaren eta iraganaren arteko etengabeko elkarrizketa bat sortuz. “Aktorearen historia intimoa eta kulturaren historia kolektiboak bat egiten dute filmean”.
Hala, bi ildo nagusi uztartzen ditu filmak, publikoarekiko hurbiltasun ukaezina eragiten zuen aktorearen ibilbide profesionala, eta Alex Anguloren bizitza pribatua zein eraiki zituen harremanak. “Filmaren gairik garrantzitsuena intimitatean Alex zen pertsonaren eta publikoki ezagutzen zen pertsonaiaren arteko kontziliazioa da”.
Hortaz, road movie gisa hasten dena, ez-fikziozko esperientzia bat bilakatzen da. Dokumentalaren eta fantasiaren artean, Dodók eskuan daraman maleta antzoki bilakatzen da, eta gutxinaka, bere aita nor zen deskubrituz joango da. “Alexen ibilbide profesionala jendearengandik hurbil sentiarazten zioten antzezlan zein telesailen eta ikur bilakatu zuten film handien arteko balantzea bilatuz igaro zen. Hortaz, road movie fisiko eta errealista egin nahi nuen, baina baita alderdi oniriko edota fantastikoa izatea nahi nuen”.
Alex Angulok 2010ean Zinemira Saria jaso zuen eta 2026an bere pertsonari, bere ibilbideari eta berak utzitako horri guztiari aipamen egiten dion dokumentala Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean filma aurkezteak zirkulu baten itxiera suposatzen duela argitu du zuzendariak. “Niretzat zein jende askorentzat zirkulu baten itxiera suposatuko du Donostian eskaintzeak. Alexen istorioa zineman eskaintzea, arte kolektibo bat den hori bide erabilita, eta berak maite zuen hirian, zoragarria izango da. Donostiak eta Alexek elkar miresten zutela esango nuke”.
N. A.