Amanda Kernellen hirugarren film luzeak Ejvaren istorioa kontatzen du, aita zenak oinordetzan elur-oreinen talde bat utzi dion emakume gaztearena. Orein-saldoa aurrera ateratzeko borrokan ari dela, bere bizitza sentimentalak, ordea, kolokan egingo du, bi gizonen artean endredatuta baitago: Egoera horrek erreakzio bortitza eta aztoratzailea eragingo du komunitatean, eta bizitza are gehiago korapilatuko zaio. Hartara, gizonezkoek nagusitasuna duten komunitate horretan bere lekua aldarrikatu beharko du.
Filmaren erronka nagusietako bat istorioaren indar emozionala eta Suedia iparraldeko klima gogorretako bizimodua uztartzea izan da. Sápmi, lehen Laponia izenez ezagutzen zen lurraldea, muturreko eguraldi-baldintzak ditu ia urte osoan. “Hemen akatsen bat eginez gero, hil egin zaitezke”, azaldu du Kernellek. “Izotza mehea da, negua hotza, eta denetik urrun zaude...”.
‘Gerrat du váimmu’ elur-oreinzainei esaten zaien esamolde bat da. “Literalki, zure bihotza gogortu esan nahi du”, esplikatu du Amanda Kernellek filmaren izenburuaz. “Adinekoek gazteei artzaintza-garaian animoak emateko esan ohi dieten leloa da, baldintza horietan bizirautea gogorra baita oso. Lanbide latz eta arriskutsua da: Elur-oreinen zaintza ez da bihotz ahulentzat”, gaineratu du.
Kernellek azpimarratu duenez, istorioaren muinean barkamena eta sendabidea daude. Zuzendariak galdera deseroso bat planteatzen du: “nola sendatu gertaera traumatiko baten ondoren, ihes egin ezin duzun komunitate txiki batean, non bizikidetza eta taldearen biziraupena bermatzeko dena barkatu behar den?”.
Torontoko zinemaldian ‘western arktikotzat’ jo zuten film honen atzeoihalak elurretako bizimodu izoztua erakusten du. “Gaizki atera zitekeen guztia gaizki atera zen”, dio Kesselek irribarrez. “Ez nioke inori gomendatuko horrelako baldintzetan filmatzea. Baina, hala eginez gero, egizue benetako elur-oreinzainekin. Telefono-estaldurarik ez dagoen eta elur-jausi ugari gertatzen diren lekuetan arazoak konpontzen ohituta daude”.
Aktore nagusietatik aparte pelikulan agertzen diren pertsonaia gehienak elur-oreinen artzaintzan diharduen komunitateko benetako kideak dira. Zuzendariak aitortu duenez, “filmaketa ez zen erraza izan, askok zalantzak izan baitzituzten parte hartzeko. Izan ere, haientzat antzezpena baino garrantzitsuagoa zen beren animalien zaintza eta ongizatea bermatzea”.
SERGIO BASURKO