Ayana Nurdinovak (Kazakhstan, 1995), txikia zenean, udarak Balkhash lakuan igarotzen zituen bere familiarekin. Uda zoriontsu horietatik, oroiminez gogoratzen du kotxean iristean, zerumugan aintziraren urdina ikustean sentitzen zuen poza.
Sentimendu hori txikitatik zinemagilearekin egon da, bere lehenengo film luzearen muina bihurtu arte. Nurdinova Zinema Zuzendaritzan graduatu zen Kazakhstango Arteen Akademia Nazionalean. Zuzendari laguntzaile gisa hasi zuen bere ibilbidea Fire (Aizhana Kassymbek, 2021), Madina (Aizhana Kassymbek, 2023) eta Joqtau (Aruan Anartayev, 2024) filmetan.Mugalim bere lehen film luzea da eta Kutxabank-New Directors sailean parte hartzen du.
Mugalim egiteko, bere jaioterrian inspiratu zen, Taldykurgan. Hala ere, filmaketaren kokapena Balkhash laku inguruko herrixka bat izan zen, hain zuzen ere, ideia proiektu bihurtu zuen lekua. “Filma honen istorioa betidanik nirekin egon da. Nire laguna Yana Alzhanovari (kogidoilaria) kontatu nion eta batera elkarrizketekin gidoia moldeatzen hasi ginen, baina Balkhash lakura joan arte ez genuen zehaztu. Lakua ikustean, banekien gidoi hori nire lehenengo film luzea izango zela” azaldu digu.
Balkhash lakua da, beraz, eszenatokia, Aigul Nurbulatova argazki-zuzendariaren lanarekin pantailara eramana. Bertako herri txiki batean Zhandos, musika-irakaslea, bizi da, pianoa eta hark adierazten duen guztia maite dituena, musikak zentzua ematen baitio bere bizitzari. Zhandos piano musikari izugarria da eta amets bat dauka: hiri handi batera joatea bizitzera eta orkestra handi batean sartzea. Bere herrian ezin du bere talentua garatu eta itogarria da dena harentzat. Bizitza tristea, hutsa eta monotonoa da, motibaziorik gabea. Hala ere, horri guztiari eutsi nahi dio. Eskolan, zuzendariak eta beste irakasleek gutxietsi egiten dute eta ikasleek ez dute bere musika baloratzen. Batzuetan, urtebetetze eta jailadi txikietan pianoa jotzen du, inork kasurik egiten ez dion arren. Egun batean, filarmonika baterako audizioa egiteko aukera azaltzen da. Orduan, garrantzitsuena zer den erabaki beharko du: barnean daraman artea garatzea ala arteari berari egin diezaiokeen ekarpena.
“Mugalim nire irakasleengan zuzenean oinarritutako istorioa da. Filmaren estilo poetikoak, ipuin moralgarrien antzera, nostalgia bero bat du oinarri. Herri txiki batean igarotako haurtzaroak eta hezitzaileekiko esker-emate sakonak samurtasunez busti dute kontakizun hau. Hala ere, filmak errealitatearekiko zintzotasuna mantentzen du, Balkhash aintzirak dituen ingurumen-arazoak eta herriaren gainbehera islatzen baititu. Herri txikietako bizitzak dakarren nostalgia hunkigarria gorabehera, jendeak indarra aurkitzen du bere arloetan profesional konprometitu gisa jarraitzeko; lan hau sortzera bultzatu ninduten irakasleek egiten zuten bezalaxe”, azaltzen du Nurdinovak.
Amore ez ematearen garrantzia
Zinemagileak dioenez, filmaketa ez da erraza izan: “Kazakhstanen, emakumeekiko aurreiritzi ugari daude; gai ez direla pentsatu ere egiten da. Jendeak hitzezko babesa eskaintzen du, baina ez ekintza praktikorik. Baina orain, filma amaituta dagoela, pozten naiz ez nuelako amore eman, eta eskertuta gaude Zinemaldiaren babesagatik; babes hori benetakoa da, ez hitz hutsak soilik”.
IRATXE MARTÍNEZ