“Miguel maitea, ez zaitut ezagutzen, ez dut inoiz izan zu ezagutzeko interesik”, esanez zabaltzen du Irailak filma Izaskun Arandia zuzendariak. Ez ohiko modu batean hasten da filma baina, nahitaez, ikuslearen interesa lortzen du.
Miguel Barga Arnaiz, zuzendariaren birraitona, 1935ean familia Tolosan utzi eta jaioterrira itzuli zen, Burgosera. Familiari jakinarazi zioten gerran hil zela, eta bere gorpua ez zen inoiz itzuli, horrela, bere bizia zein heriotza familiako tabu bilakatu ziren hamarkada luzez. 2018an Gogora Institutuaren DNA programak haren gorpuzkiak identifikatu zituen eta datu asko jaso zituen familiak, baita galdera asko zabaldu ere. Zergatik alde egin zuen eta zergatik hil zuten?
Testuinguru horrekin abiatzen da filma, usteak eta datuak aurrez aurre jarri eta kontakizunak bat egiten ez dutela konturatzen diren unean; familia elkarrizketak nahitaez gertatu behar diren unean. Hain zuzen ere, familia argazki baten bidez barneratzen gaitu bere familian Arandiak, Miguel Bargari buruz familian dauden usteak ezagutuz. “Horrela hasi zen nire birraitonaren eta nire arteko istorioa, familian ez delako hitz egin berari buruz, eta hitz egin dena oso txarra izan delako”.
Gogora Institutuaren DNA programako lehen identifikatua izan zen Bargas, eta une horretan erabaki zuten bidaiari ekitea benetako istorioaren bila, aitarekin batera; “Road movie gisa planteatu dut. Ez bakarrik birraitonari zer gertatu zitzaion ezagutzeko, baizik eta bere pertsona ere ezagutzeko”.
Autokarabana bat hartu eta birraitonaren jaioterrira, zein hura erail zuten lekura bueltatzen dira. Filmaren ildoa jarraitzeko aita-alabak izango ditu bidelagun ikusleak, Arandiaren zuzendariaren rola dokumentalean bertan ere agerian utzita, eta binomio protagonista zoragarri bilakatzen dira. Filmak planteatzen duen bilaketaz haratago, ikuslearen hurbiltasuna bereganatzen baitu harremanarekin.
Gerraren sarraskia, zein horrek eragindako 90 urteko isiltasunaren pisuaren ondorioak, mahai-gaineratzen dira filmean. “Isiltasunak zer ekarri dezakeen ikusten da. Isiltasun horrekin gaizki ulertuak egoten dira, bakoitzak interpretatzen baititu gauzak. Hala nola, informazio apurrak nola berrinterpretatzen diren denboran zehar”. Belaunaldiz belaunaldi transmititu den inpresioaren zama bere gain hartzen du familiaren zuzeneko ordezkari bilakatzen den aitak; hain zuzen ere, ezagutu ez zuen arren entzundakoen arabera egindako iruditegia bere gain baitu. “Aitak arku handia du filmean, bera baita lehengusuen artean Miguelen irudi okerrena zuena”.
Bidaia bera, zuzeneko elkarrizketak, zuzendariaren offak eta animazioa erabiltzen ditu errelatu bat osatzeko ahaleginean. Istorioan pausoak eman ahala bi ildo banatzen dira; batetik, ziurtasun zientifikoa dutenak, eta bestetik usteak, eta hain zuzen ere, familiak duen informazio-hutsunea betetzeko helburuz erabiltzen da animazioa.
Filmak planteatzen duen gai mamitsutik haratago zertzelada asko marrazten ditu zuzendariak, hala nola, euskara, lehen sektorea, Espainia hustua eta etorkin familia baten bizipenak. “Ariketa hau ahalduntze bat izan da niretzat, arbaso etorkinak dituen euskaldun bezala. Nire familiari aitortza egin nahi izan diot”.
Osatu gabeko familia argazki batekin zabaltzen da filma, eta baita itxi ere. Galderek, elkarrizketek eta irekitako zaurien zaintzek usteak atzean utzi eta familia bateratu bat osatzea lotzen baitute.
NAIA ARANTZAMENDI