Sacamantecas ezizenak beldurrezko ipuin baten oihartzuna du. Belaunaldiz belaunaldi, haurrak izutzeko erabili izan den izena da, baina haren atzean benetako gizon bat dago: Juan Díaz de Garayo, XIX. mendeko Arabako nekazari bat.
David Pérez Sañudok hamar urte behar izan ditu Sacamantecas pantailara eramateko. Sail Ofizialeko proiekzio berezietan aurkeztutako filmak XIX. mende amaierako Araba du agertoki, III. Karlistaldia azkenetan
denean eta Gasteiz inguruan hainbat emakume hilda agertzen direnean. Zuzendari bilbotarrak, ordea, ez du hiltzailearen kondaira berreraiki nahi izan soilik. Haren inguruko gizarteari,garaiko indarkeriari eta biktimen
ahotsari begiratu nahi izan die.
Istorioaren erdigunean Ángela Berrosteguieta dago, biktimetako baten ahizpa. Justizia bila iritsiko da Gasteizera eta Díaz de Garayo krimenen erantzulea dela frogatzen saiatuko da. Patricia López Arnaizek antzezten duen emakumearen ikuspuntutik, ikerketa kriminalak beste dimentsio bat hartzen du: “gizarte patriarkal batean emakumeek zuten lekua eta haien heriotzek zuten balio eskasa agerian uzten du”.
Sañudoren asmoa, hain zuzen, Sacamantecasen mitoaren atzean dagoen pertsonaia biluztea izan da.“Filmak mitoari jarraipena ematen dio, baina, aldi berean, mitoa zalantzan jartzen du, eta pertsonaia humanizatu nahi du”, azaldu du prentsaurrekoan. Antonio de la Torrek gorpuzten duen Díaz de Garayo ez da munstro abstraktu bat: bere familia, lana eta ingurunea dituen gizona da, nahiz eta emakumeen aurkako krimen lazgarrien erantzule izan.
Filmaren beste ardatzetako bat indarkeriaren irudikapena da. Sañudok bereziki aipatu du bortxaketaren eszena eta kamera aurrean indarkeria erakustearen inguruko erabakiak.“Zenbat erakutsi nahi dugu, nola
erakutsi nahi dugu indarkeria, zer kontatu nahi dugu Sacamantecasi buruz?”, galdetu du. Horren atzean film osoaren jarrera dago: krimena ez erabiltzea ikuslea erraz hunkitzeko edo eszena bortitzak espektakulu bihurtzeko.
“Egiazkotasuna bilatu dugu, dramatismoan edo espektakularizazio errazean erori gabe”, gaineratu du zuzendariak. Ikuspegi horrek lotura zuzena du filmaren estilo naturalistarekin.XIX. mendeko Araba ez da postal historiko gisa ageri; gerra, pobrezia eta desberdintasun sozialak nagusi diren lurraldea da. III. Karlistaldiak baliabide polizialak mugatu ditu, eta hildako guztiek ez dute garrantzia bera agintarientzat.
Euskarari dagokionez, Ramon Lazkanoren laguntza izan dute. Garai hartan Arabako iparraldean hitz egiten zen euskarara hurbil zitekeen euskara bat proposatu zuen, une askotan bizkaieraren oso antzekoa, baina aldi berean ulerterraza izan zedin. Gaztelaniak ere presentzia nabarmena du, boterearen eta administrazioaren hizkuntza gisa.
Hamar urteko ibilbidearen amaiera,hala ere, ez da samurra izan. Zuzendariak aitortu du postprodukzioa eta muntaketa izan direla prozesuaren zatirik gogorrenak,“arrasto eta zauri” ugari utzi dizkiotelako. Azken emaitzan, thrillerretik harago mitoaren atzean ezkutatutako garai baten erretratua bilatu du Sañudok. Sacamantecas ez da soilik hiltzaile baten istorioa; haren krimenak posible egin zituen munduari begiratzeko
ahalegina ere bada.
Sergio Basurko