Obuvkite na bashta mi / My Father’s Shoes familia arteko harreman eta sekretuei buruz dihoa. Mimak (alaba) eta Boykak (ama) oso harreman ona daukate, baina egun batean, Mimaren aita hil dela jakiten dute,
Boykaren senar ohia, eta hil delako albistea iritsi eta gorpua herrira itzultzen denean, hura identifikatzea eginbehar eta, aldi berean, dilema bihurtuko da.
Hristo Simeonov (Targovishte,1985) Bulgariatik datorren zinemagilearekin elkarrizketatu gara.
Beldurgarria izan al da zure lehen film luzeari aurre egitea? Beldurgarria iruditu liteke, baina film laburrak zuzentzen izandako esperientziak guztiz prestatu nau une honetarako. 2015ean, The Son film laburra zuzendu nuen, 2018an Dimo’s Forest eta urte bat geroago Nina film laburra zuzendu nuen. Horrez gain, Berlinale Talents eta Sarajevo Talents programetan parte hartu nuen, aukera paregabea. Niretzat, ez da aldaketa handia izan, film laburreko talde berdinarekin lan egin baitut. Argazki-zuzendari berdina, arte-zuzendari berdina, jende berdina… Zailena gidoia idaztea izan zen, film luze bat idaztean beste ikuspegi bat izan behar duzulako. Filmaketa ez da asko aldatzen, baina gidoia idaztea film laburretatik guztiz desberdina da.
Eta orain zure lehenengo film luzea, Obuvkite na bashta mi / My Father’s Shoes, Kutxabank sailean aurkeztuko duzu. Bai, nire ekoizleak berria kontatu ninduenean ezin nuen sinetsi. Gaur, nire ekoizlearekin, Valeria Varbanova (Mima), Tanya Shahova (Boykaren papera egiten duen aktorea) eta Vesselin Hristovekin (argazki zuzendaria) egongo naiz. Guztiok poz-pozik gaude. Donostia izugarrizko hiria da eta Zinemaldiaren giroa zoragarria da.
Gidoia idaztea zaila izan zela diozu. Petar Krumov gidoilariarekin idatzi zenuen. Nondik sortzen da ideia? Istorio hau benetako gertaeretan oinarrituta dago. Nire lagun bat polizia da,eta egun batean esan zidan herri txiki bateko gizon bat hil zela, baina inork ezin izan zuela haren gorpua identifikatu, urte askoan kanpoan egona baitzen. Hildakoak alaba bat zeukan baina ez zuen ezagutzen, eta bere emazte ohia ez zuen gizona ikusi nahi. Une horretatik, gertakari horren atzean zegoen istorioa irudikatzen hasi nintzen: familia-loturak, harremanak eta egon zitezkeen sekretuak. Hori da filmaren muina.
Filmaren kokapena ez da benetako gertaeraren herrixka berdina, ezta? Ez! Leku ezberdina bilatzea erabaki genuen. Hilabetez ibili nintzen kokapenen bila eta bila. Egun batean, interneten argazki bat ikusi nuen eta berehala banekien: irudian agertzen zen etxea nire filmaren etxea zen, argazkia begiratzean nire buruan filma ikusi bainezakeen. Liluratu egin ninduen. Gure gauzak bildu eta herri hartara joan ginen. Ortsevo (bulgarieraz Ortzevo) ofizialki Bulgariako eta Balkanetako penintsula osoko herririk altuena da; itsas mailaren gainetik 1.550 eta 1.650 metro arteko altueran kokatuta dago. Mendiko bizileku txiki eta urruna da.Izugarrizko kokapena mendi tontorrean! Argazkiko etxea nire filmaren etxea da.
Ea zer esaten duten gaur ikusleek! Hori da! Ikustear irrikitan nago. Espero dut Zinemaldiko ikusleei gustatzea eta aretotik irtetean beren maiteekiko hobeak izateko gogoa sentitzea.