Zinemira saria Donostia Zinemaldiak eta EPE-IBAIA ekoizle-elkarteak ematen duten ohorezko saria da eta euskal zinemagintzaren alorreko pertsona ospetsu baten ibilbidea aitortzen du. Orain arte, Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztambidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramon Agirrek (2018), José María Txepe Larak (2019), Sara Bilbatuak (2020), Kimuak programak (2021), Txema Areizagak (2022), Paco Sagarzazuk (2023), Elena Iruretak (2024) eta Telmo Esnalek eta Asier Altunak (2025) jaso dute. Aurten, Zinemaldiak eta EPE-IBAIAk Jose Ramon Soroiz aktorea omenduko dute Victoria Eugenia antzokian irailaren 22an egingo den Euskal Zinemaren Gala Handian.
Jose Ramon Soroiz (Legorreta, 1951) euskal antzezpenaren aurpegi ezagunenetakoa eta errespetatuenetakoa da. Lau hamarkada baino gehiagoko ibilbidean, Euskal Herriko zinemaren, antzerkiaren eta ikus-entzunezkoen bilakaeraren lekuko eta protagonista izan da.
Bere aurpegia zinemako pantailari eta telebistari estuki lotuta dagoen arren, Soroiz oholtzaren gainean sentitu da beti erosoen. Hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan, Euskal Herriko arte eszenikoen profesionalizazioan aitzindari izan ziren hainbat antzerki-konpainiatan jardun zuen, eta gaur egun ere antzerkian dihardu, bere ibilbide artistikoaren ardatzetako bat izaten jarraitzen duen diziplina batean.
Telebistak egin zuen, ordea, ezagun herritar askorentzat, bere ibilbideak harreman estua izan baitu ETBren sorrerarekin eta garapenarekin. Euskal kate publikoaren ekoizpen esanguratsuenetako batzuetan parte hartu zuen, hala nola Bi eta Bat, Joselontxo interpretatuz; Jaun ta Jabe, Joxean Arizkorreta lehendakariaren rolean; eta Martin, Martin Manterola pertsonaiari bizia emanez. Hainbat belaunaldiren ikus-entzunezko iruditeria osatzen lagundu duten serie horiez gain, Azken urteotan ere ETBko fikzioan jarraitu du, Irabazi arte! eta Altsasu bezalako sailetan parte hartuz. Horrez gain, Patria (2020) seriean Txato Lertxundi enpresaburuaren rola interpretatu zuen, eta lan horrek Euskal Herritik kanpo ere ikusgarritasun handiagoa eman zion.
Zineman, laurogeita hamarreko hamarkadaren hasieran euskarazko zinemagintzak bizi izan zuen loraldiaren parte izan zen, Offeko maitasuna (Koldo Izagirre, 1992) eta Maité (Eneko Olasagasti eta Carlos Zabala, Made in Spain, 1994) filmetan parte hartuz. Julio Medemen Vacas (1992) filmak, ordea, proiekzio handiagoa eman zion, euskal zinema berriaren mugarrietako batean parte hartuz. Azken urteotako euskarazko zinemaren berpizkundearen protagonista ere izan da, besteak beste, Loreak (Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2014), Amama (Asier Altuna, Sail Ofizala, 2015) eta Maspalomas (Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga, Sail Ofiziala, 2025) filmetan egindako lanari esker.
Euskal Herrian aspalditik erreferentziazko aktorea bazen ere, Maspalomas filmak bere ibilbideari nazioarteko oihartzuna eta mugez gaindiko aitortza ekarri dizkio. Lan horri esker Donostia Zinemaldiko Aktore onenaren Zilarrezko Maskorra eta Goya saria eskuratu zituen, azken hori irabazi duen lehen euskal aktorea bihurtuz.