Zinemaldia 70: Historia posible guztiak
Zenbat historia biltzen ditu nazioarteko zinema-jaialdi batek zazpi hamarkadako ibilaldian? Nola berreskuratu Donostia Zinemaldiaren memoria eta 1953an sortu zenetik izandako alderdi zinematografiko, politiko, sozial eta pertsonal guztien arrasto materialak?
Donostia Zinemaldiak, Elías Querejeta Zine Eskolarekin (EQZE) batera, proiektu bat abiarazi du Zinemaldiko artxibo bizi bat sortzeko asmoz: Zinemaldia 70: historia posible guztiak (Z70). Proiektuaren lehen fasea 2022an amaituko da, Zinemaldiaren 70. urteurrenean, hain zuzen. Ekimenaren kolaboratzaile izango dira Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa eta Euskadiko Filmategia, eta Estatuko Loteriak eta Apustuak elkarteak babestuko dute.
Z70 proiektuak agerian jarriko du 1953az geroztik Zinemaldiaren artxiboan gorde diren funts dokumentalen garrantzia (eskutitzak, argazkiak, kritikak eta berri laburrak egunkari eta aldizkarietan, liburuak…). Proiektuaren helburu nagusia da hausnarketa bat piztea Zinemaldiaren iragan, orain eta etorkizunaren inguruan, bai eta zinema-sorkuntzarekin eta pentsamendu garaikidearekin kritikoak diren elkarrizketa batzuk bultzatzea ere.
Proiektu honetarako, Zinemaldiaren artxiboko material guztiak Tabakalerara eramango dira eta, bertan, aztertu, prestatu eta katalogatu egingo dituzte, Euskadiko Filmategiaren instalazioetan ondo kontserbatuko direla bermatzeko. 2022an, artxiboan kontsultak egiteko aukera eskainiko zaio publikoari, eduki digitalizatuen bilduma baten bidez. Funtsen kontsultaren parte izango dira foku tematiko batzuk, Elías Querejeta Zine Eskolako graduondoko ikasle talde batek eginiko ikerketa batean oinarrituak. Lan hori Pablo La Parra Pérez ikertzaileak zuzendu du eta Zinemaldiko lantaldearen laguntza izan dute ikasleek.
Ikerketaren fokuetan arreta bereziz landuko dira Zinemaldiaren historiako pasarte ezezagun edo argitaratu gabeak. 2022ra arte, emaitzak ezagutzera emateko, aldibereko eta elkarrekin lotutako bi lan-ildo planteatu dira. Alde batetik, ikerketa espezializatuko materiala sortuko da (artikulu akademikoak, kongresuetarako aurkezpenak, argitaratzeko proiektu propioak, mintegiak...), zinema-ikasketen alor akademikoko azken garapenekiko elkarrizketa kritiko bat sustatzeko. Horrez gain, publiko zabalago bati zuzendutako programa publikoak ere egingo dira (hitzaldiak, erakusketak, ikastaroak).
Webguneko atal honetan proiektuaren bilakaeraren aurrerapauso guztiak jarraitu ahal izango dira, tartean eduki originalen eta artxiboko material digitalizatuen argitalpena.
Taldea:
Ikertzaile nagusia: Pablo La Parra Pérez
2018-2019ko EQZEko ikasle taldea:
Antonio Miguel Arenas, Sara Hernández, Julieta Juncadella, Felipe Montoya, Clara Rus, Neus Sabaté
2019-2020ko EQZEko ikasle taldea:
Olatz Arrieta Aguileta, Irati Crespo Manjarrés, Noemí Cuetos, Silvia de Olveira Cruz, Sofía García Broca, Diego Ginartes Rodríguez, Marcela Hinojosa.