Borja Cobeagaren komedia berriko protagonista Manu Aranguren da, ETArekiko negoziazioetan Espainiako Gobernuaren mintzaide gisa aritzen den euskal politikaria. Laster, ekintza serio eta ondo pentsatua izan ordez, elkarrizketa kasualitateek, akatsek edo gaizki-ulertuek baldintzatuko dutela ikusiko da. Ramón Barea, Carlos Areces eta Josean Bengoetxea dira protagonistak.
Borja Cobeagak, telebistako errealizadore lana egitearekin batera (ETBko Vaya Semanita saioko lehenengo denboraldia, 2003an), film laburrak zuzendu eta idatzi zituen, adibidez: La primera vez (2001) eta Éramos pocos (2005). Nazioarteko ehun sari baino gehiago eta Goya eta Oscar sarietarako izendapen bana lortu zituzten, hurrenez hurren. Negociador filmaren aurretik, Pagafantas (Mozolopintoa, 2009) eta No Controles (2010) egin zituen, baita Limoncello (2007), Un novio de mierda (2010) eta Democracia (2013) film laburrak ere. Era berean, Amigos (2011) eta 8 apellidos vascos (2014) pelikuletako gidoilarietako bat izan zen.