"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Sri Lankako hegoaldeko herriska batean, gizonez mozorroturiko emakume bat, garaje batean mekanikari gisa lan egiteaz gain, beste emakume batekin dago ezkonduta. Istripu baten ondorioz, sendatzen duen medikua haren benetako sexuaz ohartuko da, aurrerantzean sekretua sexu-faboreen truke gordeko diolarik. Sasoi beretsuan, joera homosexuala duen garajeko lankide bati ere harekin aukera bat izan dezakeela iruditzen zaio. Hartara, protagonistak medikuaren nola bere lankidearen aldetik jasandako presioak saihestu beharko ditu. Medikuak garajeko nagusiari sekretua azaltzea erabakiko duen arte. Neska gazteak ihes egingo du orduan, baina harrezkero komunitate osoaren txantxa eta irainei aurre egin beharko die, halabeharrez amaiera tragiko batera bultzatuko duten horiei.


