Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 58. Edizioa 2010  > Sailak eta filmak > Atzera begirako tematikoa: .doc- Ez fikzioaren bide berriak
Atzera begirako tematikoa: .doc- Ez fikzioaren bide berriak
Atzera begirako .doc
 

.doc – Ez fikzioaren bide berriak izenburupean, Donostia Zinemaldiaren 58. edizioak atzera begirako zabala eskainiko dio gaur egungo ez fikziozko zinemari. Zikloak azken hamarkadako proposamen interesgarrienetako batzuk bilduko ditu, eta mundu osoan egiten den ez fikziozko zinemaren aberastasuna eta aniztasuna behar bezala ezagutzeko aukera emango digu.

Atzera begirakoan, berrogei filme izango dira ikusgai, hauetatik hiru, 2010ean ekoitzi diren eta Espainian estreinatu ez direnak dira: Isabel Coixet zuzendariaren Aral, el mar perdido filmaren munduko estreinaldia eta Canneseko zinema jaialditik datozen bi lanena: Andrei Ujica zuzendariaren Autobiografía lui Nicolae Ceausescu eta Frederick Wiseman zuzendariaren Boxing Gym.

Azken urteetan zinema dokumentalaren inguruan piztutako interesaren fenomenoak zinematografiaren egoera aldatu du munduan, zalantzarik gabe. Kasu gutxi batzuetan izan ezik, dokumentalak zinemaren istorioetatik, nazioarteko zinemaldietatik eta zinemazaleen memoriatik kanpo zeuden. Hala ere, zinema dokumental garaikidea askotarikoa eta izugarri aldakorra da; beraz, terminoaren ohiko kontzeptua ere zalantzan jarri beharko genuke. Dokumentalei tradizioz lotzen zaizkien ezaugarriak (esaterako, objektibotasuna, tonuaren seriotasuna eta adierazkortasun eza) ez dira ezinbestekotzat jotzen eta nahita ere saihets daitezke. Dokumentalez baino, egokiagoa dirudi fikzioa ez den zinemaz hitz egitea. Termino horrek generoaren heterodoxia berria biltzen du, askotariko adierazpenetan, bide alternatiboetan eta ezusteko irtenbideetan aberatsa baita. Material errealetan oinarritutako zinema berriak alde batera uzten du erreportaje formatua, eta inguratzen gaituen mundua eta harekin dugun harremana filmatzeko bestelako moduak bilatzen ditu. .Doc (Ez fikzioaren bide berriak) zikloaren helburua azken hamarkadan zinema dokumentalak munduan eman dituen proposamenik erakargarrienak erakustea da.

Fikzioa ez den zinemak hartu dituen bideak norabide askotatik eramaten gaituzte, baita kontraste zuzenera ere batzuetan, besteen artean: autodokumentala edo gai indibidualei eta pribatuei buruzko zinema subjektibora –En construcción (José Luis Guerin; 2001; Donostia Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia); Más allá del espejo (Joaquim Jordá; 2006) edota My Winnipeg (Guy Maddin, 2007)–; dokumental autogogoetatsura, filmatzen ari den materialaren aurrean dokumentalistaren jarrera aztertzen duenera –The Five Obstructions (Jorgen Leth eta Lars von Trier; 2003)–; zinema-entsegura eta idazkera esperimentalaren hainbat modutara –Auge/Maschine- Parts 1, 2, 3 (Harun Farocki; 2002-2003), Los rubios (Albertina Carri; 2003), Profit Motive and the Whispering Wind (John Gianvito; 2007) edota Mysterious Object at Noon (Apichatpong Weerasethakul; 2000)–; eta fakeera edo dokumental faltsura, ez fikzioaren erretorika erabiltzen duenera fikziozko istorioak kontatzeko –The Wild Blue Yonder (Werner Herzog; 2005)–; ikuspegi berrietatik planteatutako testigantza sozialetara edo historikoetara, adibidez, Historia kolektiboak banakoen historian duen eragina –S-21, la machine de mort Khmère rouge (Rithy Panh; 2003); Tie Xi Qu: West of the Tracks - Parts 1,2,3 (Bing Wang; 2003) edo Lucio (José María Goenaga eta Aitor Arregi; 2007)–, bideoartistek eta zinemagileek planteatutako dokumentalen joera berrietara edo teknologia digitalen erabileraren ondorio direnetara; eta dokumentalen jarduera klasikoen, hala nola, cinéma vérité delakoaren edo dokumental musikalaren aldaera berrietara –The Filth and the Fury (Julien Temple; 2000) edo The Devil and Daniel Johnston (Jeff Feuerzeig; 2005).

Atzera begirakoak ez fikzioaren joera berri hauen ikuspegia ematen du, mundu osoan sortutako film adierazgarrienen aukeraketa baten bidez. Oraindik aztertu eta jaso ez den alorra ezagutaraztea da asmoa, errealitatearekin nolabaiteko konpromisoa izan arren, horrek ez baitu ikus-entzunezko euskarriari buruzko hausnarketa galarazten. Finean, .doc - Ez fikzioaren bide berriak zikloaren helburu nagusia ikusleek gogoeta egitea da inguratzen gaituen errealitateari buruz, eta kamerak horretaz hitz egiteko ematen dituen aukerei buruz.
Donostia Zinemaldiak liburu bat argitaratuko du atzera begirakoaren harira eta Antonio Weinrichter, gure herrialdean ez fikziozko zinemaren arloko espezialistarik prestigiotsuena, izango da koordinatzailea.

 
Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones