“Istorio bat! Emadazue istorio bat!”, oihukatzen zuten ekoizleek 30eko hamarkadako Hollywoodeko estudio handien egoitzetara saldoka iristen ohi ziren gidoilariak bulegotik ia ostikoka botatzen zituztenean, haien sormen ezarekin amorratuta, munduko pantaila guztiak dirdirka eta txaloka jarriko lituzkeen filmaren bila. Eta gidoilariak burumakur ateratzen ziren larruzko besaulkiez betetako bulegoetatik, zigarroak bata bestearen atzetik pipatzen eta taberna zuloetan elkarrekin mozkortzen, inspirazioaren bila pentsatzen, hausnartzen, asmatzen, ustez ulertu gabe bizitza bera dela istoriorik onena, hor arakatu behar zutela ez beste inon; kale zuloetako ilunpeetan barna sartu eta bertan aritzen ziren morroiei begiratu eta entzun eta ulertu egin behar zietelako, besterik ez.
“Emadazue istorio bat!”, oihukatzen dute gaur egungo ekoizle guztiek. Emadazue jendeak ulertuko duen istorioa, emadazue zerekin hunkitu, zerekin negar egin, zerekin barre egin, eta nik film hori ekoitziko dizuet.
Michel Hazanaviciusek bazuen istorio bat, eta ez zuen gehiago behar. Ez zuen ezta gidoi idatzirik behar izan ere. Bazuen jendeak ulertuko zuen istorioa, bazuen jendea zerekin hunkitu, bazekien irria nola sortarazi. Eta The Artist honetan, 80 urte egin du atzera eta soinurik ez zegoen garaietara itzuli da, eta zuri beltzean filmatu du. Eta nahiz eta gaur egun eskura eduki aitzinamendu teknologiko guztiak, hunkitzeko moduko istorioa filmatu du zinema mutuko izar baten irudi hutsarekin, soinuak erbat baztertu zuen George Valentin aktore famatuaren dramarekin.
Filmari umorea dario une oro, ez dugu esango umore beltza, txistea errazegia litzateke, baina umore fina, umore zoragarria, umore komikoa behar bada,eszena asko komikietatik aterata daudela ematen duelako, eta pertsonaiak batzuetan Marvelen faktoriatik aterata daudela ematen duelako. Eta arte zoragarri hau jaio zeneko garaietara garamatzalako, eta arrakastaren eta famaren miseria guztiak agertzen dituelako.Eta ondo amaitzen delako.
A.B.