"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
ETAren indarkeriari buruzko dokumentala, etorkizunerako erabakigarriak diren uneotan. "Euskal gatazkaren" ondorioak bizi izan dituzten edota oraindik ere bizi dituzten pertsonen eskutik, Eterio Ortega Santillana zuzendariak euskal nazionalismoaren erroak aztertuko ditu. Era berean, sufrimenduaren amaiera egiaztatzeko bide ematen duten esperientziak, sentimenduak eta jarrerak aurkeztuko ditu, baita bakea, askatasuna eta adiskidetzea lortzeko itxaropena pizten dutenak ere. Zuzendariak gai berari buruz egindako hirugarren film luzea da; aurretik, Asesinato en febrero (2001) eta Perseguidos (2004) egin zituen, guztiak ere Elías Querejeta zinemagilearekin izandako lankidetzaren fruitu.


