"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Joan den maiatzean, Neil Young abeslaria 1956. urteko Crown Victoria bat gidatuz joan zen Omemee (Ontario) herrian daukan etxe idilikotik Toronto erdiguneraino; zehazki, Massey Hall areto enblematikoraino. Bertan eman zituen bakarkako munduko biraren azken bi kontzertuak. Jonathan Demme zinemagilea bertantxe zegoen, bidaia eta bi emanaldiak filmatzen. Kontzertuotan, batez ere Daniel Lanoisek ekoitzitako Le Noise (2010) albumeko abestiak jo zituen, baina baita Ohio, I Believe in You eta tankerako klasikoak ere. Neil Young Journeys filmak Youngen interpretazio liluragarriak biltzen ditu, baita hirira egindako bidaia gazi-gozoaren pasarteak ere. Demme eta Young aurretik ere elkarrekin arituak dira bi dokumentaletan: Neil Young Heart of Gold, artistak garun-aneurisma bat gainditu ostean Nashvillen emandako kontzertuaren kronika, eta, bestetik, Neil Young Trunk Show, Chrome Dreams II itzuliaren barruko Pennsylvaniako kontzertua betikotu zuena.



