"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Pina Tanztheater Wuppertal Pina Bausch dantza-konpainiari buruz hiru dimentsiotan egindako film luzea da. Konpainia koreografo alemaniarrak berak sortu zuen. Bidaia sentsuala eta bisualki zirraragarria eragingo digu Wendersek, eta ikusleak koreografiarik ezagunenetara gerturatuko ditu. Wim Wenders zinemagileak idatzitako, zuzendutako eta ekoitzitako film esperimental honek zinemaren eta dantzaren arteko harremana erabat aldatuko du; ez hiru dimentsiotan grabatu izanagatik bakarrik, baita planteamenduaren originaltasunagatik ere. Alemaniako Wuppertal hiriko agertoki urbano eta naturaletan dago erabat filmatuta. Hiri horretantxe bizi izan zen Pina Bausch 35 urte luzean, eta bertantxe dago Tanztheater Wuppertal Pina Bausch konpainia ere.


