tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 61. Edizioa 2013  > Donostia Sariak > CARMEN MAURA
CARMEN MAURA
Igandea 22
 

Donostia Zinemaldiaren 61. edizioko Donostia saria Carmen Maurak eskuratuko du, Espainiako zinemagintzako azken hamarkadetako ibilbide profesional nabarienetako baten omenaldi gisa.

Zinemaldiak Carmen Mauraren ibilbide osoa sarituko du, igandea, irailak 22, Sail Ofizialean eta lehiaketaz kanpo emango duten bere azken filma aurkezteko ekitaldian: Álex de la Iglesia zuzendariaren Las brujas de Zugarramurdi aurkezteko ekitaldian, hain zuzen ere.

Las brujas de Zugarramurdi komedia delirante eta frenetikoa da. Hiru gizonezko ditu protagonista: etsipenaren etsipenez "Compro Oro" denda horietako bat atrakatuko dute Madrilgo Puerta del Solen, eta, handik, Disneylandiarantz abiatuko dira hiruretako baten semea hartuta. Baina, Frantziako mugan, euskal sorgin batzuk agertuko zaizkie, eta, orain milaka urteko sorginkeria-ohiturei jarraiki, gizonezkoei adarra joko diete sorginok. Film honetan hirugarrenez egin du lan Carmen Maurak Álex de la Iglesiarekin. Aurretik, La Comunidad (2000), zeinarekin Zilarrezko Maskorra irabazi baitzuen Donostia Zinemaldian, eta 800 balas (2002) egin zituzten elkarrekin. Filmean agertzen dira, halaber, honako aktore hauek ere: Hugo Silva, Mario Casas, Jaime Ordóñez, Macarena Gómez, Carolina Bang eta Terele Pávez.

Las brujas de Zugarramurdi Enrique Cerezok ekoitzitako filma da eta Universal Pictures Spain etxeak banatua; irailaren 27an estreinatuko dute Espainian.

Carmen Maura Madrilen jaio zen, eta antzerkian hasi zen aktore-lanak egiten, baita telebistako eta zinemako rol txikietan ere. Fernando García Tolak zuzendutako Esta noche telebista-programari esker egin zen ospetsu, TVE katean. Horren ondoren, Fernando Colomoren bi filmetako protagonista izan zen: Tigres de papel (1977) eta ¿Qué hace una chica como tú en un sitio como éste? (1978). Bi lan horiei esker, Espainiako zinemagintza berritzen ari ziren zinemagile gazteen belaunaldi oso baten ikono bilakatu zen. Pedro Almodóvarren hiru film enblematikoenetakori esker, rol hori sendotu egin zuen: Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (1980), Entre tinieblas (1983) eta ¿Qué he hecho yo para merecer esto? (1984). Azken film horretan egindako lanarekin, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Fotogramas saria eskuratu zuen, eta Almodóvarren zinemaren aurpegirik ohikoen bilakatu zen, aipatutako zuzendariarekin egindako hurrengo lanei esker: Matador (1986), La ley del deseo (1987), Mujeres al borde de un ataque de nervios (1988) eta Volver (2005).

Bere filmografian ehun lan baino gehiago ditu Carmen Maurak, eta Espainiako zinemagintzako zuzendaririk garrantzitsuenekin lan egin du: Carlos Saura (¡Ay, Carmela!, 1990), José Luis Borau (Tata mía, 1986), Fernando Trueba (Sal gorda, 1984; Sé infiel y no mires con quién, 1985), Gonzalo Suárez (La reina anónima, 1992), Mario Camus (Sombras en una batalla, 1993), Enrique Urbizu (Cómo ser infeliz y disfrutarlo, 1994), Manuel Gutiérrez Aragón (El rey del río, 1995), Manuel Gómez Pereira (Reinas, 2005) edota Agustí Villaronga (Carta a Eva, 2012), beste hainbaten artean. Nazioartean ere ibilbide garrantzitsua egin du: Francis Ford Coppola (Tetro, 2009), Roger Planchon (Louis, enfant roi, 1993), Étienne Chatiliez (Le Bonheur est dans le pré, 1995), Jean-Pierre Mocky (Alliance cherche doigt, 1997), André Téchiné (Alice et Martin, 1998), Alejandro Agresti (Valentín, 2002), Amos Gitai (Free Zone, 2005), John Irvin (The Garden of Eden, 2008) edota Philippe Le Guay (Les Femmes du 6ème étage, 2010).

Carmen Maurak errekonozimendu eta sari ugari jaso ditu bere ibilbidean zehar: lau Goya sari (Mujeres al borde de un ataque de nervios, ¡Ay Carmela!, La comunidad eta Volver), emakumezko aktore onenaren saria Canneseko zinema-jaialdian (Volver), emakumezko aktore onenaren saria Veneziako zinema-jaialdian (Mujeres al borde de un ataque de nervios), emakumezko aktore onenaren César sarietarako hautagai izan zen (Le Bonheur est dans le pré), antzeztaldeko emakumezko aktore onenaren César saria (Les Femmes du 6ème étage) eta Europako Zinema Akademiaren bi sari (Mujeres al borde de un ataque de nervios eta ¡Ay, Carmela!). Halaber, Zinema Akademiaren Urrezko Domina, Arte Ederretako Merituaren Urrezko Domina eta Frantziako Arteen eta Letren Ohorezko Zaldunaren Domina ere jaso ditu.

 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea