Komedia hau Locarnoko zinema-jaialdian aurkeztu zuten, eta zuzendaria Richard Curtis da, Love Actually filmaren egilea eta Lau ezkontza eta hileta bat eta Bridget Jonesen egunkaria filmen gidoilaria. Protagonista egun batean denboran bidaia dezakeela konturatuko den 21 urteko gaztea da. Aitak familiako gizon guztiek betidanik dohain hori izan dutela esango dio.
Richard Curtis gidoilari gisa hasi zen lanean Not the Nine O’Clock News, The Black Adder, Mr. Bean eta The Vicar of Dibley telesailetan. Pantaila handirako jauzia egin zuenean ikusleak txunditu zituen honako komedia erromantiko hauen gidoiekin: Four Weddings and a Funeral (Lau ezkontza eta hileta bat, 1994), Notting Hill (1999) eta Bridget Jones’s Diary (Bridget Jonesen egunkaria, 2001) eta, ondorioz, zuzendaritza-lanetan hastea erabaki zuen. Lehenengo filmak, Love Actually (2003), arrakasta izugarria izan zuen, eta ondoren, 60ko hamarkadako pop-musikari omenaldia egin zion The Boat That Rocked (2009) filmarekin. About Time Locarnoko azkeneko zinema-jaialdian aurkeztu zuten.