Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 63. Edizioa 2015  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren 63. edizioko Horizontes Latinos sailean hamalau film lehiatuko dira
Donostia Zinemaldiaren 63. edizioko Horizontes Latinos sailean hamalau film lehiatuko dira
Pablo Larraínen "El club" filmak inauguratuko du saila
Astelehena, 2015(e)ko abuztuak 17

Donostia Zinemaldiak, 63. edizioan, Latinoamerikako urteko produkzio aipagarrienetako batzuk aurkeztuko ditu, berriz ere. Horizontes Latinos saileko programazioan hamalau ekoizpen sartu dira, Argentina, Brasil, Kolonbia, Kuba, Txile, Guatemala, Mexiko, Peru eta Venezuelatik ekarriak. Nazioarteko jaialdi garrantzitsutan lehiatutako edo aurkeztutako filmak dira, baina oraindik Espainian aurkeztu gabeak: ez jaialdietan, ez zinema-aretoetan.

Epaimahai espezifiko batek erabakiko du nori eman 35.000 euroko Horizontes saria. Zenbateko horretatik, 10.000 euro film irabazlearen zuzendariari emango zaizkio; gainerako 25.000 euroak, berriz, lana Espainian banatzen duen etxeari.

Saila Pablo Larraínen El club filmak inauguratuko du saila. Berlineko zinema-jaialdiaren azken edizioan Epaimahaiaren Sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen. Lau gizoni buruzko istorio bat kontatzen du: batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean, iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali baitituzte hara.

 

El club / The Club
Pablo Larraín
Ekoizpeneko herrialdea(k): Txile
Inaugurazioa

Inaugurazioa
Pablo Larraínek Epaimahaiaren sari Nagusiaren Zilarrezko Hartza eskuratu zuen Berlineko azken zinema-jaialdian film honekin. Lau gizon batera bizi dira, kostako herri txiki bateko etxe isolatu batean. Iraganean egin zituzten bekatuak garbitzeko bidali dituzte hara.


600 millas / 600 miles
Gabriel Ripstein
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko

Arnulfo Rubiok, Estatu Batuetako eta Mexikoko mugaldeko arma-trafikatzaile gazte batek, ez daki Tabako eta Arma Trafikoko Agentziako Hank Harris agentea segika duela. Harrisek akats arriskutsu bat egin eta gero, etsi-etsian, Rubiok erabaki bat hartuko du: agentea Mexikon sartzea, ezkutuan. Lehen Lan Onenari saria Berlineko zinema-jaialdiko Panorama sailean.


El abrazo de la serpiente / Embrace of the Serpent
Ciro Guerra
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia - Argentina - Venezuela

Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztua, Ciro Guerraren film berria xaman amazoniar baten eta bi esploratzaile mendebaldarren arteko istorio epikoa da: lehen harremana, elkartzea, hurbiltzea, traizioa eta, azkenik, bizitzaz haragoko laguntasuna.


El botón de nácar / The Pearl Button
Patricio Guzmán
Ekoizpeneko herrialdea(k): Frantzia - Espainia - Txile

Patricio Guzmán zinemagile txiletarrak uraz, kosmosaz eta gutaz, gizakioz, hitz egingo digu bere dokumental berrian. Txileko kostaldean, Ozeano Barearen sakontasunean agertzen diren bi botoi misteriotsurekin hasiko da guztia. Berlineko Zinema jaialdiko Gidoi Onenaren Zilarrezko Hartzaren irabazlea.


Chronic
Michel Franco
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Frantzia

David gaixo terminalekin lan egiten duen erizain bat da. Eraginkorra eta bere lanari guztiz emana, lotura estuak eratzen ditu artatzen dituen pertsonekin. Lanetik kanpo, ordea, David ez da eraginkorra, baldarra eta isila baizik. Canneseko zinema-jaialdian gidoi onenari saria irabazi zuen filma.


Desde allá / From Afar
Lorenzo Vigas
Ekoizpeneko herrialdea(k): Venezuela - Mexiko
Zinema Eraikitzen 27

Armandok 50 urte ditu; Caracas-eko kaleetan gizon gazteak bilatzen ditu, eta berekin etxera joateko ordaintzen die. Gainera, maiz espiatzen du gizon zaharrago bat ere; dirudienez, iraganeko loturaren batek lotzen ditu biak. Egun batean, Elder ezagutuko du. Hamazazpi urteko gazte bat da, malandro-talde baten buruzagia. Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean lehiatutako filma.


Las elegidas / The Chosen Ones
David Pablos
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Frantzia
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2014

David Pablosen bigarren pelikula 2014ko Donostiako Koprodukzio Foroan aurkeztu zuten eta geroago Canneseko zinema-jaialdiko «Un Certain Regard» sailean. Sofía, 14 urteko gazte bat, Ulisesekin maiteminduta dago. Ulises dela-eta, baina baita Ulisesesk hala nahi ez badu ere, Mexikoko iparraldeko prostituzio-sare batean sartuta amaituko du Sofíak. Sofía askatzeko, Ulisesek haren ordezko neska bat bilatu beharko du.


Ixcanul
Jayro Bustamante
Ekoizpeneko herrialdea(k): Guatemala - Frantzia
Zinema Eraikitzen 26

María, 17 urteko gazte maia bat, familiarekin bizi eta aritzen da lanean, Guatemalako goi-lautadako plantazio batean. Lasai igarotzen ditu egunak han, gurasoek alaba finkako langileburuarekin ezkontzea hitzartzen duten arte. Filmak aipamen berezi bat jaso zuen Zinema Eraikitzen saileko aurreko edizioan; Berlineko zinema-jaialdian ere lehiatu zen, eta han Alfred Bauer saria eraman zuen.


Magallanes
Salvador del Solar
Ekoizpeneko herrialdea(k): Peru - Argentina - Kolonbia - Espainia
Zinema Eraikitzen 26

Zinema Eraikitzen sariaren irabazle Zinemaldiaren aurreko edizioan. Magallanesek ezagutu egingo du bere taxira igo den emakume bat. Celina da, duela hogei urte baino gehiago apetaz atxilotu zuen nekazari adingabea. Garai hartan, soldadua zen Magallanes. Orain, kontu bat dute konpontzeko. Eta, Magallanesek, bere erruaz libratzeko aukera bat. Damián Alcázar, Magaly Solier eta Federico Luppi dira protagonistak.


La obra del siglo / The Project of the Century
Carlos M. Quintela
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kuba - Argentina - Alemania - Suitza

Eltxo-izurri betean, Leonardo, bere maitasun-harremanaren krisiari aurre egin behar dion gizon bat, aitonarekin eta aitarekin bizitzera joango da. Aitona munduaren aurkako borroka etengabean bizi da; aita, bukatugabekoak eragindako melankolia-egoeran. Filmak Tigre saria eskuratu zuen Rotterdameko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.


Paulina
Santiago Mitre
Ekoizpeneko herrialdea(k): Argentina - Brasil - Frantzia

Paulinak abokatu lanbide bikaina bertan behera uztea erabakiko du, Argentinako eskualde pobretu batean irakasle izateko. Kontrako giro batean, irakasle-lanari lotuko zaio, mutil-laguna galdu eta aitari aurre egin behar badio ere. Grand Prix sariaren eta Kritikarien Asteko FIPRESCI sariaren irabazle Canneseko zinema-jaialdiaren aurreko edizioan.


Para minha amada morta / To My Beloved
Aly Muritiba
Ekoizpeneko herrialdea(k): Brasil
Zinema Eraikitzen 26
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2012

Fernando bere seme bakarraren ardura duen gizon zintzo bat da. Semea, Daniel, mutil lotsati eta sentibera da. Ana emaztea hil zitzaionetik, Fernandok gauero gogoratzen du elkarri zioten maitasuna, maite hilaren gauzak txukunduz. Egun batean, VHS bideo-zinta bat aurkituko du eta horrek dena aldatuko du. Film honek Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen Zinemaldiaren iazko edizioan, aurrekoan Koprodukzio Foroan egon ondoren.


Te prometo anarquía / I Promise You Anarchy
Julio Hernández Cordón
Ekoizpeneko herrialdea(k): Mexiko - Alemania

Julio Hernández Cordónen film berria Locarnoko zinema-jaialdiko lehiaketarako hautatu dute. Miguelek eta Johnnyk txikitatik ezagutzen dute elkar. Patinatzen eta ondo pasatzen ematen dute denbora. Diru erraza lortzeko eta patinatzen jarraitzeko, beren odola salduko diote kontaktu klandestino bati. Jarduera hori negozio bihurtuko da, tratu garrantzitsu bat haiek uste ez bezala ateratzen den arte.


La tierra y la sombra / Land and Shade
César Augusto Acevedo
Ekoizpeneko herrialdea(k): Kolonbia - Txile - Brasil - Herbehereak - Frantzia
Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroa 2013

Caméra d'Or sariaren irabazle Canneseko zinema-jaialdian, 2013ko Donostiako Koprodukzio Foroan aurkeztua izan ondoren. Film honek familia bat erakusten digu, elkarrekin lotzen dituzten harreman hauskorrak konpontzen saiatzen dena, aurrerabidearen botere menderatzaileak desagertzear utzi dituenean.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones