Zinema Eraikitzen sailaren 28. edizioan 113 film jaso dira, 20 herrialdetatik. Azkenean, film hauek hautatu dira: Alejandro Fernández Almendrasen Aquí no ha pasado nada (Txile), Eliane Cafféren Era o Hotel Cambridge / The Cambridge Squatter (Brasil - Frantzia), Daniel Hendlerren La emboscada (Uruguai - Argentina), Marialy Rivasen La Princesita (Txile - Argentina - Espainia), Pepa San Martínen Rara (Txile - Argentina) eta Rober Calzadillaren Sobrevivientes (Venezuela - Kolonbia).
Aurtengo edizioan, batetik, Pepa San Martín, Rober Calzadilla, Marialy Rivas eta Daniel Hendler gisako zuzendari berrien lehenengo edo bigarren lanak ikusteko aukera izango da; bestetik, baita eskarmentu handiagoko zuzendari batzuen filmak ikustekoa ere, Eliane Caffé edo Alejandro Fernández Almendrasenak, esaterako.
Hala, Zinema Eraikitzen saila erreferentziako hitzordu gisa finkatzen da Latinoamerikako produkzioarentzat. Iaz Donostiako Zinema Eraikitzen 26 deialdian aurkeztutako lau film aurtengo Zinemaldian izango dira: Eugenio Canevariren Paula Zuzendari Berriak sailean lehiatuko da; Jayro Bustamanteren Ixcanul Horizontes Latinos sailean sartu da, Berlineko zinema-jaialdian Zilarrezko Hartza - Alfred Bauer saria lortu ondoren; Salvador Solarren Magallanes, iazko Industria sariaren irabazlea, eta Aly Muritibarren Para minha amada morta ere Horizontes Latinos saria lortzeko lehiatuko dira. Era berean, iaz sail horretan aurkeztutako beste film bat, Sergio Castroren La mujer de barro, Berlineko zinema-jaialdiko Forum sailean sartu zen.
Bestalde, joan den martxoan Toulousen egindako deialdian ezagutzera eman ziren proiektuetatik, Pablo Agüeroren Eva no duerme lehiaketa ofizialerako programatu da; Sebastián Brahm-en Vida sexual de las plantas Zuzendari Berriak sailerako hautatu dute; eta Lorenzo Vigasen Desde allá Horizontes Latinos sailean aurkeztuko da, Veneziako zinema-jaialdian lehiaketa ofizialean parte hartu ondoren.
Vicente gazte ausart eta bakartiak hondartzan igaroko du uda, gurasoen etxean. Lasai ederrean, uretan eta edozeinekin festan ibiltzeko egunak izango dira. Baina parrandan eta nesketan igarotako gau batek betirako aldatuko dio bizitza: arrantzale bat autoarekin harrapatzea, hiltzea eta ihes egitea leporatuko diote. "Ni ez nintzen gidaria" esango du, politikari boteretsu baten semeak gidatzen zuela esango du, baina alkoholak oroimena lausotu dio. Botereak, manipulazioak eta erruak Vicenteren opor gozoak garraztuko dituzte azkenean. Zuzendariak hirugarrenez hartzen du parte Zinema Eraikitzen sailean. Aurreko filmarekin –Matar a un hombre–, Grand Jury saria lortu zuen Sundanceko zinema-jaialdian.
Film honek Brasilgo etxegabe- eta errefuxiatu-mugimenduaren ezohiko egoera erakusten du; protagonistak Sao Paoloko hirigunean bizi dira, bertan behera utzitako eraikin bat okupatuta. Kaleratze-mehatxuaren eguneroko kezkak argitara aterako ditu bertako okupen ezbehar, poztasun eta ikuspuntuak.
Martín Marchand lehia politikoan hasiko da. Egitura politiko tradizional batek bere zerrendan sartzera gonbidatuko du, gizarte-sareetan egiten duen lana dela-eta. Martínek teknikari eta ahokulariak hartuko ditu bere kanpaina-irudia sortzeko. Asteburu batean, landetxe baten paisaia bukolikoan murgilduta, bere buruzagi-irudia eratuko du. Baina hauteskunde-aliantzari buruzko informazio bila dabilen infiltratu batek mesfidantza-giro bat sortuko du. Filmak Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen, El Palomar behin-behineko izenburuarekin.
Txile hegoaldean izandako egiazko gertaera batean oinarritutako filma. Familia-sekta batek asmo eta uste bakarra du: beharrezkoa da ordena berri bat. Hamaika urteko Tamarak mundu berriko buruzagiak sortu beharko ditu. Tamara bere klasekide batekin sexua esploratzen hasiko da, bere "patua"ren aurka, baina horrek ondorio pentsaezinak ekarriko ditu, eta Tamararen emakumetze bortitza markatuko du. Tamarak aurrez imajinatuko ez lukeen moduan irabaziko du bere askatasuna. Marialy Rivasen aurreko filmak –Joven y alocada– Zinema Eraikitzen sailean parte hartu zuen; besteak beste, Sundancen eta BAFICIn saritu zuten.
Epaile txiletar baten istorioak inspiratutako kontakizun bat: lesbiana izateagatik, alaben zaintza kendu zioten. Istorioa alaba nagusiaren, 13 urteko Sararen, ikuspuntutik kontatzen da. Gidoiak benetako gertaerak ditu oinarri; abokatu eta auzitegi, salaketa, salatzaile, salatu eta biktimen kontakizun moduan ere eman liteke, baina hau familia baten kontakizuna da.
1988. urtea. El Amparo herria, Kolonbiarekin mugan. Chumba eta Pinilla onik aterako dira Arauca ibaiaren inguruetan gertatutako eraso armatu batetik; hamalau kide hilko dizkiete han, ordea. Venezuelako Armadak gerrillari izatea leporatuko die, eta ahaleginak egingo ditu haiek zeldatik ateratzeko, han daude-eta gordeta, poliziaren eta herriko jendearen babespean. Haiek arrantzale hutsak direla esango dute, baina handia da bertsio ofizialari men egiteko presioa.
Sariak:
Industriaren Zinema Eraikitzen Saria: Daniel Goldstein SL, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones, No Problem Sonido eta Wanda Visión enpresak film baten postprodukzioaz arduratuko dira -ingelesez azpititulaturiko DCP kopia egin arte-, eta, horretaz gain, filma Espainian banatuko dute.
Zinema Eraikitzen Ibermedia TV Saria, Zinema Eraikitzen Industriaren Saria irabazten duen filmarentzat. Iberoamerikako Zinematografiako Agintarien Konferentziak ematen du saria, Ibermedia Programaren bitartez. Hain zuzen, filma telebistan zabaltzeko Laguntza Programan sartzean datza saria: Ibermedia TVn eta Ibermedia Digitalen berau modu ez esklusiboan igortzeko baimena, 25.000 USDren balioagatik (fikzioko film luzea) edo 15.000 USDrengatik (dokumentala).
Argibide gehiago:
enconstruccion@sansebastianfestival.com
sansebastianfestival.com
Zinema Eraikitzen saila Latinoamerikako zinema laguntzeko programa bat da; Donostia Zinemaldiak eta Cinélatino, Rencontres de Tolouse zinema-jaialdiak egiten dute deialdia, bi urtean behin.
Zinema Eraikitzen sailak honako enpresa eta erakunde hauen babesa du: Association Rencontres Cinémas d’Amérique Latine de Toulouse (ARCALT), Conferencia de Autoridades Cinematográficas Iberoamericanas (CACI), Daniel Goldstein, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Laserfilm Cine y Video, Nephilim producciones, No problem Sonido, Programa Ibermedia, Wanda Visión. Eta beste hauen laguntza: Caisse Centrale d’Activités Sociales du personnel des industries électriques et gazières (CCAS), Centre National du Cinéma et de l’Image Animée (CNC), CINÉ + Commune Image, Confédération Internationale des Cinémas d’Art et Essai (CICAE), Conseil Général de la Haute Garonne, Eaux Vives, École Supérieure d’Audiovisuel (ESAV), EP2C Postproduction training program, Europa Distribution, Firefly, La Cinéfondation, La Trame, Mactari, Mairie de Toulouse, Producers Network, Région Midi-Pyrénées, Signis eta Titra TVS.
Ondorengoen babesarekin