Birdboy eta Dinki bi nerabe dira, eta hondamendi ekologiko batek astindutako uharte batetik ihes egitea erabakiko dute: Birdboy, mundutik isolatuz; Dinki, berriz, bidaia arriskutsu batean abiatuz, Birdboy berarekin joango delakoan.
Alberto Vázquezek (Coruña, 1980) ibilbide luzea egin du irudigile eta komikigile moduan. Sangre de unicornio film laburrarekin, besteak beste, euskal film labur onenaren saria irabazi zuen 2013an Bilboko FANT zinema-jaialdian. Pedro Rivero (Bilbo, 1969) animazio-produktuen gidoigile trebatua da. La Crisis Carnívora filma zuzendu eta ekoitzi zuen; Flash animazioz egindako pelikulen artean, zinematan banatu zen Espainiako lehena izan zen. Biek batera zuzendu zuten Birdboy film laburra, 2012an, Vázquezen beraren Psiconautas nobela grafikoan oinarriturik. Hari esker, animazioko film labur onenaren Goya saria irabazi zuten.