Agustí Villarongak Pedro Juan Gutiérrezen izen bereko eleberria egokitu du. Zentzategi batetik alde egin ostean, Habanako kaleetan bizirauten saiatuko da Reinaldo, Kubako gizartearen hamarkada txarrenetako batean; 90ekoan. Noragabeko ibilaldi horretan, itxaropenak, desengainuak, rona, umore ona eta, batez ere, gosea izango ditu bidelagun, harik eta, bera bezala, bizirauten saiatzen ari diren Magda eta Yunisleidy ezagutzen dituen arte. Bataren eta bestearen besoetan, inguruko miseria material eta moralaz ahazten saiatuko da, amodioa, pasioa, samurtasuna eta sexurik lotsagabeena muturrera eramanda.
Agustí Villarongak Pa negre aurkeztu zuen 2010eko Donostia Zinemaldian, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen filma. Gainera, bederatzi Goya sari lortu zituen filmak, film onenaren saria barne. Harenak dira lan hauek ere: Tras el cristal (Zinemaldiko Zabaltegi-Zuzendari Berriak sailean parte hartutakoa, 1986an), El niño de la luna (Canneseko Sail Ofizialean, 1989an, eta hiru Goya sari), El pasajero clandestino (1995), 99.9 (1997, Europako fantasia-film onenaren Zilarrezko Méliès saria), El mar (Berlineko Sail Ofizialean, 2000n) eta Aro Tolbukhin (Zinemaldiko Sail Ofizialean, 2002an).