Canneseko zinema-jaialdiko epaimahaiaren sari nagusiaren irabazle, László Nemes zuzendari hungariarraren lehen lana 1944ko Auschwitzen dago girotuta. Saul Auslander Auschwitzeko errausketa-labeetako batean lan egiten duen preso hungariarra da. Halako batean, gazte baten gorpua sugarretatik ateratzen saiatuko da, bere semea delakoan.
László Nemes (Budapest, 1977) Béla Tarr-en laguntzailea izan zen Visions of Europe (2004) talde-filmeko hitzaurrean eta A londoni férfi (The man from London, 2007) pelikulan. Türelem film laburrarekin 2007ko Veneziako zinema-jaialdian parte hartu zuen eta Europar Zinemako Sarietarako hautatu zuten 2008an. Ondoren, beste bi film labur egin zituen: The Counterpart (2008) eta The Gentleman Takes His Leave (2010). Son of Saul bere lehen film luzearekin epaimahaiaren sari nagusia irabazi zuen Canneseko azken zinema-jaialdian.