Agustina Chiarino Voulminot Montevideon jaio zen, 1977an. Politika Zientzietako teknikaria da, Komunikazioan lizentziaduna, eta Sormenezko Dokumentalei buruzko masterra egin du.
Mexikon hasi zen lanean, argitaletxe-proiektutan (besteak beste, Y tu mamá también filmaren liburua) eta Juan Carlos Rulfok museo-erakusketetarako zuzendutako bideo batzuetan; horrez gain, hainbat film labur eta musika-bideo produzitu ditu.
Ekoitzi zuen lehen film luzea, Miguel Calderón artistaren La discípula del velócimetro, Rotterdameko zinema-jaialdian eta Pompidou Zentroan eman zuten 2009an.
2007an, Control Z Films ekoiztetxean sartu zen eta film luze hauek ekoitzi zituen: Gigante (2009), Adrián Biniez-ek zuzendua (Zilarrezko Hartza–Epaimahaiaren Sari Nagusia, Alfred Bauer saria, eta Opera Prima onenaren saria irabazi zituen Berlinalen); Hiroshima (2009, Torontoko zinema-jaialdia) eta 3 (2012, Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldia), Pablo Stollek zuzenduak bi-biak; eta Ana Guevara eta Leticia Jorgeren Tanta agua (2013), Donostia Zinemaldiko Zinema Eraikitzen sailaren 21. edizioan eta ondoren Berlineko zinema-jaialdiko Panorama sailean parte hartu zuen film bat.
2011n, Mutante Cine ekoiztetxea sortu zuen, Fernando Epsteinekin. Batera, Biniezen bigarren filma ekoitzi zuten, El 5 de talleres (2014, Veneziako zinema-jaialdiko Venice Days saila); halaber, Benjamin Naishtaten Historia del miedo (2014, Berlineko zinema-jaialdia) eta Ana Katzen Mi amiga del parque (2015) koproduzitu zituzten. Gainera, 2012tik, "Puentes" prestakuntza-tailerra antolatzen dute, EAVErekin elkarlanean.
Uruguaiko Canal 10 telebista-katean proiektu berriak eta koprodukzioak garatzeko ardura izan zuen, eta Unibertsitate Katolikoan irakasle izan zen. Nazioartean ere aritu da, tailerrak ematen, aholkulari gisa, eta erakusketari gisa prestakuntza-jarduera eta forotan, eta epaimahaikide izan da zenbait garapen-funtsetan eta nazioarteko zinema-jaialditan.