tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Alberto Rodríguez, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Trueba Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
Alberto Rodríguez, Rodrigo Sorogoyen eta Jonás Trueba Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatuko dira
J.A. Bayonak ''A Monster Calls'' aurkeztuko du lehiaketaz kanpo, eta Diego Galánen eta Jo Solen azken lanak emanaldi berezietan estreinatuko dira, Sail Ofizialaren barruan
Osteguna, 2016(e)ko uztailaren 28

Espainian ekoitzitako bederatzi lanek parte hartuko dute Zuzendari Berriak, Horizontes Latinos, Perlak, Zabaltegi - Tabakalera, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa eta Belodromoko emanaldietan

Gaur, 64. Donostia Zinemaldian irailaren 16tik 24ra bitartean ikusi ahal izango diren Espainian ekoitzitako hamabost film aurkeztu dira, Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan. José Luis Rebordinosek, Zinemaldiaren zuzendariak, eta Ruth Pérez de Anucitak, komunikazio arduradunak, hamabost film horien izenburuak jakinarazi dituzte. Filmok Sail Ofizialean, Zuzendari Berriak sailean, Horizontes Latinosen, Perlak atalean, Zabaltegi - Tabakaleran, Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan eta Belodromoan aurkeztuko dira.

Espainiako gobernuaren agente sekretu ohi famatuenaren istorioa, serieko hiltzaile baten bilaketa, denboraren joana maitasunean. Zinemagile espainiar nabarmenenetako batzuk Urrezko Maskorra eskuratu nahian lehiatuko dira beren azken lanekin. Alberto Rodríguezek (Sevilla) El hombre de las mil caras aurkeztuko du, Francisco Paesarengan oinarritutako film bat. Stockholm filmaren zuzendariak, Rodrigo Sorogoyenek (Madril), polizia-thriller bat zuzendu du Que Dios nos perdone filmean, eta Jonás Truebak (Madril) bikote baten harremana aztertu du, elkar ezagutu zutenetik hamabost urtera, La reconquista (Birkonkista) filmean.

Sorogoyenentzat eta Truebarentzat lehen aldia izango da Sail Ofizialean; Rodríguezentzat, hirugarrena. Sevillako zinemagilearen eta Zinemaldiaren arteko harremana Zuzendari Berriak sailean hasi zen; bere lehen filma aurkezten zuen Rodríguezek, El factor Pilgrim (2000), eta aipamen berezi bat jaso zuen orduko hartan. 2005ean, 7 vírgenes filmarekin lehiatu zen; filmeko protagonistak, Juan José Ballestak, gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuen. La isla mínima (2014) filmak ere gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra lortu zuen (Javier Gutiérrez), baita argazki onenaren saria ere.

J.A. Bayonak (Bartzelona) lehiaketaz kanpo parte hartuko du, A Monster Calls filmarekin. Bere hirugarren film luzea da, El orfanato eta The Impossible (Ezinezkoa) filmen ondoren. Azken horrek ere Donostian izan zuen Europa mailako estreinaldia, 2012an. Filmeko protagonistak, Sigourney Weaverrek, Donostia saria jasoko du 64. edizio honetan.

Sail Ofizialeko emanaldi berezien barruan, Diego Galán (Tanger) zinemagile, kritikari eta Zinemaldiaren zuzendari ohiaren, eta Jo Sol (Bartzelona) gidoigile eta zinemagilearen azken lanak aurkeztuko dira. Galánek Manda huevos aurkeztuko du, gizonen ikuspegia Espainiako zineman. Filma Con la pata quebrada dokumentalaren ifrentzua da. Con la pata quebrada Cannes Classics-en eta Zinemaldiko Made in Spain sailean aurkeztu zen, eta emakumeei buruzko pertzepzioa jasotzen zuen. Zuzendari katalanak, bestalde, Vivir y otras ficciones estreinatuko du, bere El taxista ful filmeko protagonista berarekin. El taxista ful lanarekin Altadis - Zuzendari Berriak sailean epaimahaiaren Aipamen Berezia lortu zuen Jo Solek 2005ean.

Talentu berriei dagokienez, Nely Reguera hasiberriak (Bartzelona) María (y los demás) aurkeztuko du. Bárbara Lenniek 35 urteko gazte baten papera jokatzen du. Protagonistak bizitza berrantolatu beharko du, aita alargunak berea berregin eta gero.

Zabaltegi - Tabakaleran, lehiazko lehen edizio honetan, Sipo Phantasma (Untzi fantasma) ikusi ahal izango da, Koldo Almandoz (Donostia) euskal zinemagilearen lehen film luzea. Itsasontzi, naufragio, mamu, banpiro, amodio eta zinemari buruzko istorio bat da Almandozena. Horrez gain, Mikel Ruedaren Caminan (Bidean) eta Las chicas de Pasaik (María Elorza eta Maider Fernández Iriarte) zuzendarien Gure hormek / Our Walls film laburrak ere ikusgai izango dira.

Horizontes Latinos sailean, iazko Zinema Eraikitzen saileko irabazlearen lana aurkeztuko da. Brasil, Frantzia eta Espainiaren arteko koprodukzio bat da, Era O Hotel Cambridge izenburukoa eta Eliane Caffék (Sao Paulo) zuzendua. Sao Paulon, etxerik gabeko immigrante batzuekin batera, bertan behera utzitako eraikin bat okupatu duen errefuxiatu talde baten istorioa kontatzen du filmak. Espainiak Perlak sailean izango duen parte-hartzea Neruda lanaren bidez gauzatuko da. Biografia irreal eta aldi berean zehatza da Neruda, Pablo Larraínek zuzendua eta Txile, Frantzia eta Argentinaren artean ekoitzia. Canneseko Errealizadoreen Hamabostaldian aurkeztu zen.

Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan, Espainian ekoitzitako bi film labur hautatu dira. Batetik, Take Away, Jorge Cantos-ek (Geórg Cantos) zuzendua. Cantos Madrileko Erkidegoko Zinematografia eta Ikus-entzunezkoaren Eskolako (ECAM) ikaslea da, eta Caimán Cuadernos de Cine aldizkariak 2015eko film labur onenen artean sailkatutako Dôtenh dokumental laburraren egilea. Bere azken lan honetan, fikziora jotzen du, «janari lasterraren belaunaldi galduaren» erretratu bat egiteko. Bestetik, Celebració / Celebration, Pompeu Fabra Unibertsitateko Komunikazio Fakultateko Pau Cruanyes eta Gerard Vidal ikasleek zuzendua. Film labur honek nahasita dabilen emaztegai baten istorioa kontatzen du, eta Federico Falco-ren «El tío vidente» ipuina du inspirazio-iturri.

Azkenik, Belodromoan Kalebegiak aurkeztuko da, Donostia Europako Kultur Hiriburua 2016 Fundazioaren ikus-entzunezko apusturik garrantzitsuena. Proiektu kolektibo hau Donostian filmatutako edo inspiratutako hamabi istoriok osatzen dute. Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Las chicas de Pasaik, Borja Cobeaga, Telmo Esnal, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta eta Imanol Uribek parte hartu dute proiektuan, eta haiekin batera izen ezagunak zein hasiberriak bateratzen dituzten talde tekniko eta artistikoek.

 

SAIL OFIZIALA

Lehiaketarako


© El Espía de las Mil Caras, AIE
El hombre de las mil caras / Smoke and Mirrors
Alberto Rodríguez  (Espainia)

El hombre de las mil caras herrialde oso bat engainatu zuen gizonaren istorioa da. Tranpatien eta iruzurgileen istorio honek egiazko gertaerak kontatzen ditu eta azken hamarkadetan intriga gehien piztu duten pertsonaietako bat du inspirazio iturri: Francisco Paesa espioia.


Que Dios nos perdone / May God Save Us
Rodrigo Sorogoyen  (Espainia)

Madril, 2011ko uda. Krisi ekonomikoa, 15-M mugimendua eta milioi eta erdi erromes, Aita Santuaren zain. Inoizko Madrilik bero eta kaotikoenean. Testuinguru horretan, Velarde eta Alfaro inspektoreek ustezko serieko hiltzaile bat aurkitu behar dute. Erloju kontrako ehiza horrek sekula bururatu ez zaien zerbait ikusaraziko die: haiek biak ere ez dira hiltzailearengandik uste bezainbeste desberdintzen.


La reconquista / The Reconquest (Birkonkista)
Jonás Trueba  (Espainia)

Manuelak eta Olmok topo egingo dute, non eta hamabost urte lehenago, nerabezaroan, amodioa lehen aldiz bizi izan zutenean, elkarri agindu zioten etorkizun batean. Premisa erromantiko horretan oinarrituz, denboraren bila dabilen pelikula da La reconquista, edo denboraren kontzientziari buruzkoa: galdutako denborari eta berreskuratutako denborari buruzkoa; guri buruz gogoratzen dugunari eta gogoratzen ez dugunari buruzkoa; hitzei, keinuei eta fidel gatzaizkien sentimenduei buruzkoa; nolakoak garen erakusten digutelako, eta oraina, iragana eta geroa taxutzen dituztelako.

Lehiaketatik kanpo


A Monster Calls
J.A. Bayona  (Espainia)
Lehiaketatik kanpo

A Monster Calls drama fantastikoak Conor-en istorioa kontatzen du. Conor, 13 urteko mutiko bat, amaren gaixotasunari aurre egiten saiatzen da, munstro baten laguntzaz. Munstroa gauero etortzen zaio bisitan.

Emanaldi bereziak


Manda huevos
Diego Galán  (Espainia)
Emanaldi Bereziak

Manda huevos filma Con la pata quebrada dokumentalaren luzapen logikoa da. Film zatiak erabiliz soilik, kontakizun-erritmoan eta umore onez, Con la pata quebradak honako hau laburbildu nahi zuen: nola irudikatu duen Espainiako zinemak espainiar emakumea, hasi 30eko hamarkadatik eta gaurdaino, baita gizartean izan duen eboluzioa ere. Era berean, antzeko tratamendu bat erabiliz, filmek espainiar gizonari, edo gutxienez zenbait prototipori, nola begiratu dioten ere konta daiteke.


Vivir y otras ficciones / Living and Other Fictions
Jo Sol  (Espainia)
Emanaldi Bereziak

Antonio idazle tetraplegikoak sexu-laguntzarako txoko bat prestatuko du bere etxean, eta sexualitatea bete-betean gozatzeko irrika bizitzaren eta politikaren ildo bihurtuko da. Bizi nahi duenak, azkenean, arazoak izaten ditu bizitzarekin.

 

ZUZENDARI BERRIAK


María (y los demás)
Nely Reguera  (Espainia)

Ama hil zitzaienetik, Maríak aita eta neba-arrebak zaintzeko ardura hartu du. Familiaren zutarria izan da. Horregatik, aitak bere erizainarekin ezkonduko dela jakinarazten dionean, bizitza gainbehera datorkiola sentituko du Maríak. 35 urterekin, bere patua aldatu beharko du.

 

HORIZONTES LATINOS


Era o Hotel Cambridge
Eliane Caffé  (Brasil - Frantzia - Espainia)

Era o Hotel Cambridge filmak Brasilera iritsi berri diren errefuxiatu batzuen istorioa kontatzen du. Baliabide gutxiko langile talde batekin batera, bertan behera utzitako eraikin bat okupatuko dute São Pauloko erdigunean. Eguneroko bizitzako dramak, egoera komikoak eta munduari buruzko bestelako ikuspuntuak gertatzear den kaleratzearen mehatxuarekin nahasiko dira.

 

PERLAK


Neruda
Pablo Larraín  (Txile - Frantzia - Argentina - Espainia)

1948. urtea da eta Gerra Hotza Txilera iritsi da. Kongresuan, Pablo Neruda senatariak Alderdi Komunista traizionatzea leporatuko dio gobernuari; González Videla presidenteak, ondorioz, forua kenduko dio. Ikerketa Poliziaren prefetari, Óscar Peluchonneau-ri, poeta atxilotzeko aginduko diote.

 

ZABALTEGI - TABAKALERA


Caminan / On The Path (Bidean) (Film laburra)
Mikel Rueda  (Espainia)

Errepide bat ezerezaren erdian. Auto bat. Bizikleta bat. Bi pertsonaia bakarti, gauza beraren bila. Eta topo egingo dute. Mundu mailako estreinaldia.


Gure hormek / Our Walls (Film laburra)
Las chicas de Pasaik (María Elorza & Maider Fernandez Iriarte)  (Espainia)

Etxeko Andreen auzoa. Lo Ezinak Jotakoen distritua. Ama Ezezagunaren kioskoa. Emakume Bakartien lurpeko bidea. Gure hormek gure maiteak omentzen dituzte. 


Sipo Phantasma / Ghost Ship (Untzi Fantasma)
Koldo Almandoz  (Espainia)

Ordubeteko itsas-bidaia bat, zinemagile banpiro baten saiakera metafilmikoa, film fantasma bat. Aurkitu eta berriz bilatzera daramaten bilaketen istorio bat. F.W. Murnau eta haren Nosferatu filma; Bram Stoker-en, Florence Balcombe-ren eta haren mutil-lagun Oscar Wilderen arteko maitasun-hirukotea. Naufragio ezagunak, itsasontzi batean emandako oporrak. Hilobi batetik lapurtutako bustoa, historiari eta zinemari buruzko gogoetak. Fikzio gotikoa, errealismo dokumentala eta bideo-saiakera ezkutatzen duten errusiar panpinen historia. Kontakizun baten collagea: liburu-zatiak, eskutitzak, txostenak, iragarkiak, telegramak, prentsako artikuluak, film-zatiak, txotxongiloak. Ispilu-jolas bat, benetako eta fikziozko banpiroak biltzen dituena: bakardadea, gizagabetzea eta gizarte-kontrola. Eta erdigunean, Drakula nobela; haren protagonista, haren egitura, haren funtsa. Rotterdamgo Nazioarteko Zinema Jaialdian estreinatua.

 

ZINEMA IKASLEEN NAZIOARTEKO TOPAKETA


Celebració / Celebration
Pau Cruanyes Garrell, Gerard Vidal Barrena  (Espainia)
Universitat Pompeu Fabra (Espainia)

Emaztegai bat hara eta hona dabil noraezean bere ezteietan; bertaratutakoek gonbidatuetako bat balitz bezala tratatzen dute. Giro surrealista horretan, aita du euskarri bakarra, harreman bitxi batek lotzen baititu biak.


Take Away
Geórg Cantos  (Espainia)
ECAM - Escuela de Cinematografía y del Audiovisual de la Comunidad de Madrid (Espainia)

Burger King bat, gaueko ordu txikietan. Bost lagun, urdaila uzkurtuta. Hogeita zazpi whopper, eramateko. 

 

BELODROMOA


Kalebegiak
Koldo Almandoz, Asier Altuna, Luiso Berdejo, Daniel Calparsoro, Iñaki Camacho, Borja Cobeaga, María Elorza, Telmo Esnal, Maider Fernandez Iriarte, Isabel Herguera, Ekain Irigoien, Julio Medem, Izibene Oñederra, Gracia Querejeta, Imanol Uribe  (Espainia)

Hamabi film labur, Donostia hiriaren hamabi irudikapen. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak sustatutako film honetan, elkarrekin dihardute Gipuzkoako zinemagintzaren izen historikoek eta esperantza gazteek.


Filmak-Bereizmen handiko irudia
Bereizmen handiko irudia

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea