tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Jacques Beckerren atzera begirakoak bere osoko filmografia eskainiko du Donostia Zinemaldiaren 64. edizioan
Jacques Beckerren atzera begirakoak bere osoko filmografia eskainiko du Donostia Zinemaldiaren 64. edizioan
Bere semeak, Jean Becker zinegileak, Donostiara bidaiatuko du aurkezpenean egoteko
Asteartea, 2016(e)ko abuztuaren 9

Jacques Becker Parisen jaio eta hil zen (1906-1960), eta hamahiru film luze besterik ez zituen egin denbora-tarte labur samarrean; 1942tik 1960ra bitartean. Kopuruz urria dirudien arren, maisulanetan oparoa izan zuen ibilbidea. Horren adibide dira Casque d’Or (1952), Touchez pas au grisbi (1954) eta Le Trou (1960) filmak, nahikoa eta gehiago direnak Frantziako zinemaren historiako egilerik garrantzitsuenetako bat dela esan ahal izateko.

Donostia Zinemaldiaren 64. edizioak atzera begirako bat eskainiko dio Jacques Becker zinemagile frantziarrari. Atzera begirako honek Beckerren film guztiak barne hartuko ditu; erdiak, Espainian merkaturatu gabeak. Gainera, Pierre Prévert-ekin errodatutako Le Comissaire est bon enfant, le gendarme est sans pitié / Pitiless Gendarme 40 minutuko filma eta La Vie est à nous, non Jean Renoirren laguntzaile izan zen.

Ideologiaz komunista zen, baina ez zuen sekula zinema soziala landu, ez bederen zentzu hertsian. Fronte Popularraren zineman jaso zuen prestakuntza Beckerrek eta Jean Renoirren laguntzaile izan zen. La grande illusion (1937) filmaren egilearen eraginak jaso zituen, haren laguntzailea izan zenez, aipatutakoaz gain beste zazpi filmetan, baita Bigarren Mundu Gerra aurreko Estatu Batuetako zinema klasikoarenak ere. Esate baterako, oso gustukoak zituen King Vidor eta Howard Hawks. Klasizismoa igartzen da haren hasierako estiloan, baina berehala heldu zion modernotasunari, eta halabeharrez findu okupazio-garaian eta gerraostean. Ez da harritzekoa Cahiers du cinéma aldizkari ospetsuko kritikari saldoak Frantziako gerraosteko zineman ontzat eman daitekeen zuzendari bakanetako bezala izendatzea; izan ere, Truffaut, Godard eta tankerakoen iritzian –akademizismoaren etsai amorratuak haiek–, Renoir maisuaren parean dago Becker, zehazki, Jean Cocteau, Jean-Pierre Melville, Max Ophüls, Robert Bresson eta Jacques Tati egileen maila berean.

Izugarri zaintzen zituen xehetasunak, bai barnealdean birsortutako garai bateko dekoratuetan, bai kanpoaldeko grabaketetan, eta dotorea zen eszenaratzean zein atmosferak sortzen, Casque d'Or filmeko atmosfera erromantiko eta bortitza kasu. Beckerrek inpresionismoa eta errealismoa uztartu zituen, arreta berezia eskaintzen baitzien kontakizunaren ingurune historikoari eta pertsonaien psikologiari. Cahiers du cinéma aldizkariko kritikariek modernotasuna sumatu zuten zinemagilearengan, eta, gerora, kritikariok eurek ipini zuten praktikan errealizazioaren bideari heldu ziotenean, Nouvelle vague deitutako mugimendu hartan.

Donostia Zinemaldiak antolatu du zikloa, Espainiako Zinematekaren laguntzarekin. Zikloa osatzeko, zinemagileari buruzko liburu bat argitaratuko da, Quim Casasek koordinatuta. Beckerren semeak, Jean Becker errealizadoreak, atzera begirakoaren aurkezpenerako Donostiara bidaiatuko du.

 

Le commissaire est bon enfant, le gendarme est sans pitié / Pitiless Gendarme
Jacques Becker, Pierre Prévert  (Frantzia)  1935

Poliziako intendenteburua izaera oneko gizon bat da, baina gainezka dago deklaratzera etortzen zaizkion lekuko guztien erruz. Zein baino zein zoroagoa da, eta intendenteburua nahiko trebea bada ere kontrola mantentzen, halako txoriburu talde batek bere onetik atera lezake.


La vie est à nous
Jacques Becker, Jean Renoir, Jacques B. Brunius, Henri Cartier-Bresson, André Zwobada, Jean-Paul Le Chanois  (Frantzia)  1936

Frantziako alderdi komunistaren ekimenez filmatua, dokumentala eta fikzioa nahasten dira film honetan. Administrazio-kontseilu bat kaleratze masibo bat prestatzen dabil; fabrika batean, greba batek langile edadetuenak kaleratzea galaraziko du; nekazari batzuek, zenbait militanteren laguntzaz, nekazari probre baten ondasunak enkantean jartzea eragotziko dute; jateko ezer ez duen gazte langabe batek gazte komunista batzuen babesa jasoko du.


Dernier atout
Jacques Becker  (Frantzia)  1942

Hego Amerikako alegiazko hiri batean gizon bat akabatu dute. Bi inspektore gazteri, Clarence-ri eta Montes-i, aginduko diete kasua ikertzea. Polizia-akademiako promozioan lehenengoa izateko lehian berdinduta amaitu ostean, kasuak berdinketa hausteko balioko die.


Goupi mains rouges / It Happened at the Inn
Jacques Becker  (Frantzia)  1943

Frantziako herri txiki batean emakume bat erail dute, eta haren dirua lapurtu. Haren senitarteko batzuk, Goupitarrak, dira susmagarri. Horrez gain, hiltzear den kide zaharrenaren urrearen bila ere badabil familia.


Falbalas / Paris Frills
Jacques Becker  (Frantzia)  1945

Micheline Parisera iritsi da, Daniel Rousseaurekiko bere ezkontza prestatzera. Han, bere senargaiaren lagunik onenarekin maiteminduko da, Philippe Clarence disenatzailearekin. Limurtzaile damugabea, Philippek neska seduzitu eta bazter utziko du gero, baina ondoren Michelinerekin erabat maiteminduta dagoela ohartuko da.


Antoine et Antoinette / Antoine and Antoinette
Jacques Becker  (Frantzia)  1947

Antoine-k, inprimategi bateko langileak, eta Antoinette-k, Prisunic-eko enplegatuak, loteria-billete bat erosi dute, bai eta saria irabazi ere. Baina billetea galduko dute, eta ametsek ihes egiten dietela irudituko zaie.


Rendez-vous de juillet / Rendezvous in July
Jacques Becker  (Frantzia)  1949

Lucien esploratzaile izan nahi duen paristar gazte bat da; gurasoek bizitza konbentzionala eraman dezala nahi dute, ordea. Aitarekin eztabaida izan eta gero, Lucien-ek bere lagunekin alde egingo du. Aktore, idazle eta zinema-zuzendari izan nahi dute Lucien-en lagunek, eta haiekin batera hasiko da bere lehen espedizioa prestatzen.


Édouard et Caroline / Edward and Caroline
Jacques Becker  (Frantzia)  1951

Edouard piano-jotzaile pobre bat da, Carolinerekin ezkondua. Caroline neska ederra da, ezkontza begi onez ikusi ez duen burges familia batekoa. Haren osabak festa batera gonbidatuko ditu, non Edouardek pianoa jo beharko baitu... Konturatu baino lehen, egoera horrek ika-mikan jarriko ditu biak.


Casque d' or
Jacques Becker  (Frantzia)  1952

Leca-ren bandako kideak aire zabaleko dantza-areto batera joango dira beren neska-lagunekin. Haietako batek, Mariek, Manda izeneko arotz bat ezagutuko du, bandako kideetako baten laguna, eta harekin maiteminduko da. Marieren gizona, Roland, jeloskorra da, eta gainera Lecak ere begiz jota dauka neska.


Ali Baba et les 40 voleurs / Ali Baba and the Forty Thieves
Jacques Becker  (Frantzia)  1954

Ali Baba, Cassim-en morroia, nagusiarentzako esklabu bat erostera bidaliko dute. Itzultzeko bidean, esklabuaz maiteminduko da, Morgiane-z. Karabanari eraso egingo diote, eta halaxe aurkituko du berrogei lapurren kobazuloa eta sartzeko hitz ezkutua.


Rue de l'Estrapade
Jacques Becker  (Frantzia)  1953

Françoise eta Henriren ezkon-bizitza ondo badoa ere, Henrik amodio-kontu bat du bere aldetik eta emaztearen lagun batek horren berri izango du. Senarraren fideltasun ezak minduta, Françoise l'Estrapade kalera joango da bizitzera, artista bohemioen auzora. Han, Roberten xarmaren pean eroriko da: musikari existentzialista gazte eta arlote bat, baliabiderik gabea.


Touchez pas au grisbi
Jacques Becker  (Frantzia - Italia)  1954

Max-ek, gangster zahar batek, 50 milioi franko lortzeko maisu-plan bat asmatu du lagun batekin batera. Maxen neska-ohiak, zeinak banda etsaiko Angelo mafiaburuarekin joateko utzi baitzuen Max, planaren xehetasunak jakin nahi ditu, 50 milioiak eskuratu ahal izateko. Maxen diskrezioa eta zuhurtzia direla-eta, ezinezkoa da informazioa onean lortzea; beraz, Maxen kidea bahitzea eta erreskate bat eskatzea erabakiko dute.


Les aventures d'Arsène Lupin / The Adventures of Arsène Lupin
Jacques Becker  (Frantzia - Italia)  1957

Arsène Lupin lapur esku-leunak Leonardoren eta Botticelliren bi maisu-lan lapurtuko ditu kontseiluburuaren etxean. Denbora baten ostean zenbait bitxi-saltzaile engainatuko ditu, bere etxera joateko, eta bitxiak lapurtuko dizkie. Hurrengo biktimak maharaja bat eta Gilen II.a Kaiserra izango ditu.


Les amants de Montparnasse / Modigliani of Montparnasse
Jacques Becker  (Frantzia - Italia)  1958

Filmak Amedeo Modigliani margolariaren bizitzako azken urteak irudikatzen ditu. Haren sormenaren gailurra izan ziren urte haiek, baina baita alkoholak eta Jeanne Hébuterne-rekiko maitasunak markatutako urteak ere.


Le trou
Jacques Becker  (Frantzia - Italia)  1960

Gaspard Claude gazte errugabeari bere emaztea erailtzen saiatzea leporatu diote. Pariseko espetxera bidaliko dute; han, kartzelatik tunel neketsu bat eginez ihes egitea erabaki duten beste lau kriminal gogorrekin batera jarriko dute zeldan.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea