tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > ''The Act of Killing. Zinema eta Indarkeria Globala'' atzera begirakoan 32 film emango dira
''The Act of Killing. Zinema eta Indarkeria Globala'' atzera begirakoan 32 film emango dira
Gaur egungo gizartearen gatazka handienetako batzuei buruz hausnartzen duten filmen ziklo bat eskainiko dute Donostia Zinemaldiak eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak
Asteartea, 2016(e)ko abuztuaren 16

Joshua Oppenheimer, zikloari izena ematen dion The Act of Killing filmaren egilea, Donostian izango da.

The Act of Killing. Zinema eta Indarkeria Globala du izena Donostia Zinemaldiaren 64. edizioaren programazioaren barruan izango den atzera begirako tematikoak. Orotara, 32 film izango dira, bizi ditugun garaien eta mundu osoan gertatzen diren indarkeria-egoeren lekuko direnak: gatazkak, terrorismoa, lurraldeen okupazioa, giza eskubideen urraketak, genozidioak,...

Azken hamarkadatan mundu osoan bizi diren gertakari dramatikoenetako batzuk jorratuko ditu zikloak: IRA, ETA eta bestelako talde terroristen jarduerak, Estatuaren terrorismoa, Afrikako liskarrak, Palestinaren eta Israelen arteko gatazka, Ukrainiako gerra, Latinoamerikako herrialde batzuetako indarkeria, Saharako herriaren egoera, Kanbodiako eta Indonesiako genozidioak eta terrorismo jihadista.

Fikziozko tituluak emango dira atzera begirakoan, bai eta zinemagile garaikide nabarmenen ez-fikzioak ere, besteak beste hauenak: Paul Greengrass, Joshua Oppenheimer, Heddy Honigmann, Hubert Sauper, Amat Escalante, Rithy Panh, Christian Petzold, Steve McQueen, Mahamat-Saleh Haroun, Danis Tanović, Sergei Loznitsa, Bahman Ghobadi, Ziad Doueiri, Hany Abu-Assad eta Julio Medem. Gainera, zikloak Europa Transit proiektuko piezetako baten estreinaldia hartuko du berean. Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren baitako egitasmo bat horretan, hamar dokumental filmatu dituzte gatazkaren lekuko diren edo izan diren hamar bat hiriren gaur egungo egoerari buruz.

Hautatutako filmak, ordea, ez dira heriotza eta sufrimendua eragiten duten egoera horien lekuko izatearekin konformatu. Aitzitik, salaketarako arma izan daitezke, bai eta arazo tragiko horietako asko aztertzeko bitarteko edo horietan esku hartzeko modu ere. Ziklo honen helburua ez da gai horiek, indarkeria bizi duten herrialdeak edo erakusten duten filmak sakonean eta banan-banan aztertzea, baizik eta errealitate horietako batzuen analisia egitea, zinema onaren bitartez.

Zikloa Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin batera dago antolatuta, San Telmo Museoaren, Euskadiko Filmategiaren eta CulturArts-IVACen (Valencia) lankidetzarekin.


Atzera begirakoan ikusiko diren filmen tituluak:

  1. Die innere sicherheit / The State I Am In - Christian Petzold (Alemania) - 2000
  2. Bloody Sunday - Paul Greengrass (Erresuma Batua - Irlanda) - 2002
  3. S-21, La machine de mort Khmère rouge / S-21, The Khmer Rouge Death Machine - Rithy Panh (Kanbodia - Frantzia) - 2003
  4. La pelota vasca. La piel contra la piedra - Julio Medem (Espainia) - 2003
  5. Darwin’s Nightmare - Hubert Sauper (Austria - Belgika - Frantzia - Alemania) - 2004
  6. Omagh - Pete Travis (Irlanda - Erresuma Batua) - 2004
  7. Turtles Can Fly - Bahman Ghobadi (Iran - Irak) - 2004
  8. Paradise Now - Hany Abu-Assad (Herbehereak - Israel - Alemania - Frantzia - Palestina) - 2005
  9. Daratt / Dry Season - Mahamat-Saleh Haroun (Txad - Frantzia - Belgika- Austria) - 2006
  10. El violín - Francisco Vargas (Mexiko) - 2006
  11. To die in Jerusalem - Hilla Medalia (Israel - AEB) - 2007
  12. Hunger - Steve McQueen (Erresuma Batua - Irlanda) - 2008
  13. Johnny Mad Dog - Jean- Stéphane Sauvaire (Frantzia - Liberia - Belgika) - 2008
  14. El olvido - Heddy Honigmann (Herbehereak - Alemania) - 2008
  15. Itsasoaren alaba - Josu Martínez (Espainia) - 2009
  16. Le jour où Dieu est parti en voyage / The Day God Walked Away - Philippe Van Leeuw (Belgika - Frantzia) - 2009
  17. Armadillo - Janus Metz Pedersen (Danimarka) - 2010
  18. Cirkus Columbia - Danis Tanović (Bosnia eta Herzegovina - Frantzia - Belgika - Erresuma Batua - Alemania - Eslovenia) - 2010
  19. El problema, testimonio del pueblo saharaui - Jordi Ferrer, Pablo Vidal (Espainia) - 2010
  20. 5 Broken Cameras - Emad Burnat, Guy Davidi (Palestina - Israel - Frantzia) - 2011
  21. Al final del túnel / Bakerantza - Eterio Ortega Santillana (Espainia) - 2011
  22. La désintégration / The Disintegration - Philippe Faucon (Frantzia - Belgika) - 2011
  23. The Act of Killing - Joshua Oppenheimer (Danimarka - Norvegia - Erresuma Batua) - 2012
  24. The Attack - Ziad Doueiri (Libano - Frantzia - Qatar - Belgika) - 2012
  25. Asier ETA biok - Aitor Merino, Amaia Merino (Espainia - Ekuador) - 2013
  26. Heli - Amat Escalante (Mexiko) - 2013
  27. Maidan - Sergei Loznitsa (Ukrania - Herbehereak) - 2014
  28. Lasa eta Zabala / Lasa y Zabala - Pablo Malo (Espainia) - 2014
  29. The Look of Silence - Joshua Oppenheimer (Danimarka - Indonesia - Norvegia - Finlandia - AEB - Erresuma Batua - Israel - Frantzia - Alemania - Herbehereak) - 2014
  30. 1980 - Iñaki Arteta (Espainia) - 2014
  31. Je suis Charlie - Daniel Leconte, Emmanuel Leconte (Frantzia) - 2015
  32. Irla banandua (Europa Transit) - Xuban Intxausti (Espainia) - 2016
 

Die innere sicherheit / The State I Am In
Christian Petzold  (Alemania)  2000

Clara eta Hans Alemaniako terrorista ezkertiar batzuk dira. Poliziak ia hamabost urte daramatza haien bila. Haien alaba Jeanne, gero eta errebeldeagoa, beren segurtasunerako mehatxu bihurtzen hasiko zaie hondartzan ezagututako mutil batekin maitemintzen denean.


Bloody Sunday
Paul Greengrass  (Erresuma Batua - Irlanda)  2002

Dokumental motako drama honek 1972ko urtarrilaren 30ean Derryn (Ipar Irlanda) izandako gertakari tragikoen berri ematen du: egun hartan, britainiar tropek tiro egin zuten Ivan Cooper giza eskubideen aktibista buru zuen manifestazio baten aurka, eta gertakari horren ondorioz 13 manifestari hil eta 14 zauritu ziren.


© copyright for AD VITAM DISTRIBUTION
S-21, La machine de mort Khmère rouge / S-21, The Khmer Rouge Death Machine (S-21, Hiltzeko makina gorria)
Rithy Panh  (Kanbodia - Frantzia)  2003

Kanbodiako Khmer Gorrien erregimenak iraun zuen lau urteetan biztanleen laurden bat sarraskitu zuten. Alde guztietatik etsaiak ikusten zituen sistema paranoikoan, edozein disidentzia arrasto nahikoa zen susmagarriak S-21 segurtasun espetxean sartzeko. Filmeko protagonistek (S-21eko egiazko kartzelariak eta bizirautea lortu zuten pertsonak) argi eta garbi hitz egingo digute infernu hartan izandako esperientziez.


La pelota vasca. La piel contra la piedra
Julio Medem  (Espainia)  2003

Julio Medemen dokumental bat, Euskal Herriaren iraganari, orainari eta geroari buruz hausnar egiten eta hausnar eragiten duena, hainbat euskal herritarri egindako elkarrizketen ordu kopuru handi bat eta artxiboko materiala baliatuz.


© copyright for AD VITAM DISTRIBUTION
Darwin’s Nightmare
Hubert Sauper  (Austria - Belgika - Frantzia - Alemania)  2004

60ko hamarkadan, zientzia-esperimentu modura, Victoria aintziran arrain espezie berri bat sartu zuten. Honen ondorioz, Niloko perkak bertako espezieak desagertarazi zituen ia; hain azkar ugaldu zen, ezen, gaur egun, haren haragia mundu guztira esportatzen den. Sobietar Batasun ohiko zama-hegazkin eskergak egunero iristen dira harrapaketa berrien bila, kalashnikoven eta munizioen truke.


Omagh
Pete Travis  (Irlanda - Erresuma Batua)  2004

Bloody Sunday filmaren zuzendari Paul Greengrass-ek idatzia eta ekoitzia, lan honek 1998ko abuztuaren 15eko Omagh-eko atentatu lazgarria gogorarazten du. Egun hartan, Benetako IRAk lehergailu bat jarri zuen hirigunean eta errugabeen sarraski ikaragarria eragin zuen. 2004ko Donostia Zinemaldian gidoi onenaren epaimahaiaren saria.


Turtles Can Fly
Bahman Ghobadi  (Iran - Irak)  2004

Irakeko Kurdistaneko herrixka batean, Iran eta Turkiaren arteko mugan, biztanleak antena paraboliko baten bila dabiltza etsi-etsian, Estatu Batuak Iraken kontra aurki egitekoak diren erasoaren berri izateko, pare bat egun besterik ez dira falta eta... Film Onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen 2004ko Donostia Zinemaldian.


Paradise Now
Hany Abu-Assad  (Herbehereak - Israel - Alemania - Frantzia - Palestina)  2005

Bi palestinar gazte, Khaled eta Said txikitako lagunak, Tel Aviven atentatu suizida batean immolatzeko errekrutatuko dituzte. Baina gauzak ez dira espero bezala aterako, eta bananduta amaituko dute. Bakoitzak bere patuari eta usteei aurre egin beharko die.


Daratt / Dry Season
Mahamat-Saleh Haroun  (Txad - Frantzia - Belgika - Austria)  2006

Txad, 2006. Berrogei urteko gerra zibil baten ostean, gobernuak gerra-kriminalei amnistia eman berri diela iragarri du irratiak. Albisteak sutan jarriko du Gumar Abatcha, eta hamasei urteko biloba Atim-i aginduko dio aita erail zion gizona aurkitu eta akabatu dezala.


El violín / The Violin
Francisco Vargas  (Mexiko)  2006

Don Plutarcok, haren seme Genarok eta Lucio bilobak bizimodu bikoitza daramate. Batetik, herriko musikari umilak dira, eta bestetik, Mexikoko gobernu zapaltzailearen aurkako nekazarien gerrilla-mugimenduaren laguntzaile.


To die in Jerusalem
Hilla Medalia  (Israel - AEB)  2007

Rachel Levy, 17 urteko israeldar bat, palestinar suizida baten lehergailuak akabatu zuen, duela lau urte, Jerusalemen; ordutik, haren ama Abigailek apenas izan duen bake unerik. Levyren hiltzailea Ayat al-Akhras izeneko neska bat izan zen, handik zenbait kilometrotara dagoen errefuxiatu-eremu bateko ikasle bat, 17 urtekoa ere.


Hunger
Steve McQueen  (Erresuma Batua - Irlanda)  2008

Steve McQueen zuzendariaren opera primak Ipar Irlandan kokaturiko segurtasun goreneko Maze espetxeko bizitza du hizpide, 1981ean Bobby Sandsek IRAko kideen artean bultzatutako gose-grebako gertakari hunkigarriak ardatz hartuta.


Johnny Mad Dog
Jean- Stéphane Sauvaire  (Frantzia - Liberia - Belgika)  2008

Afrika, gaur egun. Johnnyk, leporaino armatutako 15 urteko haur soldadu batek, bere baitan darama egunen batean izan nahi duen "zakur basatia". Bere komando txikiarekin, bidean gurutzatzen zaion guztia lapurtuko, arpilatuko eta suntsituko du. Hamahiru urteko Lakolék orgatxo erdi-hautsi bati bultzaka darama aita ezindua, haur-miliziek hartutako beren hiritik ihes egin nahian.


El olvido / Oblivion
Heddy Honigmann  (Herbehereak - Alemania)  2008

El olvido dokumentalak ahantzitako hiri bat (Lima), ahantzitako jende bat (perutarrak) eta ahantzitako historia bat (Perukoa) ditu mintzagai. Ironia bizirauteko arma da jende horrentzat, eta ahazten jakin behar dute, zinismoan, gorrotoan eta tristuran ez erortzeko.


Itsasoaren alaba / Sea's Daughter
Josu Martínez  (Espainia)  2009

Haizek bi urte bete baino lehen, GAL taldeak haren aita hil zuen, Mikel Goikoetxea "Txapela" ETAkidea. Aitaren oroitzapenik txikiena ez badu ere, 25 urte geroago neska galdezka hasiko da. Goikoetxea ezagutu zutenen testigantzak josiz, Haizek aita eta garai hartako egoera nolakoak ziren ezagutuko du pixkanaka.


Le jour où Dieu est parti en voyage / The Day God Walked Away
Philippe Van Leeuw  (Belgika - Frantzia)  2009

Kigali, genozidioaren lehen eguna. Ruandarrak elkar sarraskitzen ari dira eta mendebaldarrek herrialdetik ihes egiten dute. Jacqueline, Belgikako familia baten umezain tutsi gaztea, kaosaren edian abandonatu dute. Donostia Zinemaldian Kutxa-Zuzendari Berriak Saria 2009an.


Armadillo
Janus Metz Pedersen  (Danimarka)  2010

2009ko otsailean, daniar soldadu talde bat Armadillora iritsi zen, Helmand probintziako base militar batera, Afganistan hegoaldean, Janus Metz dokumentalista lagun zuela. Metzek eta Lars Skree operadoreak sei hilabete eman zituzten soldadu gazteen bizitzari jarraipena egiten, talibanen posizioetatik kilometro batera baino gutxiagora kokaturik.


Cirkus Columbia
Danis Tanović  (Bosnia eta Herzegovina - Frantzia - Belgika - Erresuma Batua - Alemania - Eslovenia)  2010

Bosnia-Herzegovina, 1991. Komunistak boteretik jausi dira eta Divko Buntic hazi zen herrira itzuliko da bere familiaren etxea berreskuratzeko. Alemanian 20 urtez erbesteratuta egon ondoren, Divkok bere dirua eta harremanak erabiliko ditu bananduta egon arren oraindik emazte duen Lucija etxetik indarrez botatzeko.


El problema: Testimonio del pueblo saharaui / The Problem: Testimony of the Saharawi People
Jordi Ferrer, Pablo Vidal  (Espainia)  2010

Marokok ez du nahi munduak Sahara Mendebaldeko lurralde okupatuen egoera ezagutzea. Sahararrak 2.720 km-ko luzerako hesi batez Afrikaren gainontzekotik bereizitako lurralde batean bizi dira, mehatxupean etengabe, "Sahara Mendebaldea" edo "referendum" hitzak aipatu ere egin ezin dituztela. Egoera laburbiltzeko, "arazoa" hitza erabiltzen da.


© Docs Barcelona
5 Broken Cameras
Emad Burnat, Guy Davidi  (Palestina - Israel - Frantzia)  2011

Emad palestinar baserritarrak bere lehen kamera erosiko du laugarren semea, Gibreel, jaiotzen denean. Haren herrixkan, Bil'in-en, banaketa-hesi bat eraikitzen ari dira eta bizilagunak erabaki horri aurre egiten hasiko dira. Bost urtez baino gehiagoz,  Emadek bere bi lagun onenak buruzagi dituen gatazka hori filmatuko du eta, aldi berean, Gibreeleren hazkuntza.


Al final del túnel / Bakerantza / The Light at the End of the Tunnel in the Basque Country
Eterio Ortega Santillana  (Espainia)  2011

ETAren indarkeriaren amaierari buruzko dokumental honek euskal abertzaletasunaren erroak aztertzen ditu. Hala, gizartearen zati horren deskribapen kolektiboa egiten du, bake eta askatasuneko bere etorkizunerako oso garrantzitsuak diren egunotan.


La désintégration / The Disintegration
Philippe Faucon  (Frantzia - Belgika)  2011

Auzune bat, Lilleko metropoligunean. Alik, Nasserrek eta Hamzak (20 urte) beraiek baino hamar urte gehiago dituen Djamel ezagutuko dute. Manipulatzaile abila, Djamelek gazteak doktrinatuko ditu gutxika, haien etsipenak eta une horretatik aurrera parte izan nahi ez duten gizarte batek sortzen dien haserrea baliatuz.


The Act of Killing
Joshua Oppenheimer  (Danimarka - Norvegia - Erresuma Batua)  2012

Dokumental honek erronka bat luzatzen die Indonesiako heriotza-eskuadroien buruzagi ohiei: beren masa-hilketak nahi duten genero zinematografikoaren bitartez irudikatzea, Hollywoodeko zinema beltz klasikoa eta saio musikal bitxiak barne.


The Attack
Ziad Doueiri  (Libano - Frantzia - Qatar - Belgika)  2012

Badirudi Amin Jaafari zirujau arabeak den-dena duela: etorkizun handiko lan-ibilbidea eta Tel Aviveko israeldarren errespetua. Hori guztiori aldatu egingo da atentatu suizida lazgarri baten ostean, haren emazte Siham, zeina biktimen artean aurkitu baitute, susmagarri nagusitzat hartzen dutenean. Donostia Zinemaldian epaimahaiaren aipamen berezia 2012an.


Asier ETA biok / Asier AND Me
Aitor Merino, Amaia Merino  (Espainia - Ekuador)  2013

Egun batean, Asier, Aitor Merino aktore eta zuzendariaren txikitako lagun mina, desagertu egin zen. ETAko kide egitea erabaki zuen. Nola azaldu zerk eraman zuen ulertzen hain zaila zen erabaki bat hartzera? Donostia Zinemaldian Euskal Zinemaren Irizar Saria 2013an.


Heli
Amat Escalante  (Mexiko)  2013

Hamabi urteko Estela zeharo maiteminduta dago berarekin ihes egin eta ezkondu nahi duen poliziako kadete gazte batekin. Amets hori lortzen saiatzean, bere familiak beren eskualdea suntsitzen ari den indarkeriari egin beharko dio aurre.


Maidan
Sergei Loznitsa  (Ukrania - Herbehereak)  2014

2013-2014ko neguan Kieven (Ukraina) Yanukovych presidentearen erregimenaren aurka egindako matxinada zibilaren kronika. Dokumentalak iraultzaren bilakaerari jarraitzen dio: hasi Maidan plazako kontzentrazio baketsuetatik eta istiluen aurkako indarren eta manifestarien arteko kale-liskar odoltsuetaraino.


Lasa eta Zabala / Lasa y Zabala / Lasa and Zabala
Pablo Malo  (Espainia)  2014

Lasa eta Zabala ustezko ETAkideak bahituak, torturatuak eta erailak izan ziren 1983. urtean. Hamabi urte geroago, Iñigo eta Fede abokatuak hiltzaileak identifikatzeko borrokatuko dira, euren usteak, baita bizitza ere, jokoan jarriz.


The Look of Silence
Joshua Oppenheimer  (Danimarka - Indonesia - Norvegia - Finlandia - AEB - Erresuma Batua - Israel - Frantzia - Alemania - Herbehereak)  2014

Joshua Oppenheimer zinemagileak Indonesiako 1965eko genozidioaren egileei buruz grabatutako materialari esker, bizirik ateratako familia batek bere semea nola erail zuten eta hiltzaileak zein diren aurkituko du. Dokumentalak seme gazteena hartzen du ardatz: hark egingo die aurre bere anaia hil zuten gizonei.


1980
Iñaki Arteta  (Espainia)  2014

1980. urtean Euskadin eta Espainiaren gainontzekoan bizitako gertakari terroristen zuzeneko lekukoek beren oroitzapenak kontatu eta beren iritziak azalduko dituzte dokumental honetan.


Je suis Charlie
Daniel Leconte, Emmanuel Leconte  (Frantzia)  2015

2015eko urtarrilaren 7an, Charlie Hebdo Frantziako astekari satirikoa 12 pertsona akabatu zituen eraso terrorista baten biktima izan zen. Hurrengo egunean, emakumezko polizia bat erail zuten kalean. Urtarrilaren 9an, beste eraso batek Frantziako juduak jarri zituen jomugan. Bahitutako lau pertsona erail zituzten. Haiei guztiei gorazarre egiten die dokumental honek.


Mugaminak / Common Borders
Xuban Intxausti  (Espainia)  2016

Donostia 2016ren Europa Transit enbaxada Pafosen izan zen pasa den uztailean. Zipre bi eremutan banatzen duen lerro berdearen hegoaldean dago Pafos eta bertara egindako bisitan Amets Arzallus bertsolaria izan zuen bidailagun Europako Kultur Hiriburuak, Zipren ere badagoelako bat-bateko kantuaren tradizioa. Bidaia horretan zipretar musikagile eta ahozko poetekin elkartu zen Arzallus, bai halaber exodoaren biktimekin eta desagertutako pertsonen senideekin. Haren begirada eta poesia baliatuta, Zipreko oraina eta iragana ezagutzera emango ditu Xuban Intxaustik zuzendutako dokumentalak.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea