tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean, besteak beste, Bertrand Bonello, Fernando Guzzoni, Arnaud des Pallières eta Hong Sang-soo zinemagileen esperotako filmak izango dira
Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean, besteak beste, Bertrand Bonello, Fernando Guzzoni, Arnaud des Pallières eta Hong Sang-soo zinemagileen esperotako filmak izango dira
Hiru hasiberri ere arituko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian: Miles Joris-Peyrafitte estatubatuarra, Johannes Nyholm suediarra eta William Oldroyd britainiarra
Ostirala, 2016(e)ko abuztuaren 5

Nazioarteko zinemagile garrantzitsuenetakoak arituko dira Urrezko Maskorra lortzeko lehian aurtengo Donostia Zinemaldian, irailaren 16tik 24ra bitartean. Bertrand Bonello (Nocturama), Fernando Guzzoni (Jesús), Johannes Nyholm (Jätten / The Giant), William Oldroyd (Lady Macbeth), Arnaud des Pallières (Orpheline / Orphan), Miles Joris-Peyrafitte (As You Are) eta Hong Sang-soo (Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours) errealizadoreen lanak ere Sail Ofizialean lehiatuko dira.

Bonellok Nocturama aurkeztuko du; filmak jakin-min handia piztu du, bai zuzendariarengatik, bai jorratzen duen gaiagatik. Nizako zinemagileak Fipresci saria eskuratu zuen Cannesen Le Pornographe (2001) lanarekin, eta bere azken filmetatik hiru hautatu dituzte Canneseko zinema-jaialdiko Sail Ofizialean: Tiresia (2003), L’Apollonide. Souvenirs de la maison close (2011) eta Saint Laurent (2014). Orain artean ez zen lehiatu Donostia Zinemaldian, baina bere bi film 57. edizioko «Kontrauhina: Frantziako zinemarik berriena» atzera begirakoan eman ziren (Tiresia eta Cindy, The Doll Is Mine). Nocturama Parisko azaroko atentatuen aurretik filmatu zen, eta gazte-talde baten kontakizuna egiten du. Badirudi plan bat jarraitzen ari direla Frantziako hiriburuan.

Frantziako beste errealizadore entzutetsu bat ere izango da Sail Ofizialean lehendabizikoz: Arnaud des Pallières, hain zuzen, Orpheline filmarekin. Aurretik bere azken bi film luzeak Venezian –Parc, Orizzonti sailean (2008)–, eta Canneseko Sail Ofizialean –Michael Kohlhaas (2013)– izan dira. Antzezle-taldean Sergi López izango da berriro ere, eta harekin batera arituko dira Adèle Haenel (L’Apollonide), Adèle Exarchopoulos (La vie d’Adèle), Solène Rigot (17 filles) eta Gemma Anterton (007: Quantum of Solace), lau emakumezko pertsonaiaren bizitzako lau momentu irudikatzeko.

Fernando Guzzoni zuzendari, gidoigile eta ekoizle txiletarra Zinemaldian izango da aurten ere, 2012an Kutxa-Zuzendari Berriak saria irabazi ostean Carne de Perro fikziozko bere lehendabiziko lanarekin. Torturatzaile izandako gizon baten kontakizuna egiten zuen film hark, eta, Donostiatik igaro ostean, Valdivia, Göteborg eta Toulouseko zinema-jaialdietan sariak eskuratu zituen. Jesús filmean, Guzzonik aita-seme batzuen arteko harremana lantzen du, eta, barrenean, herrialdearen argazkia egiten du bi belaunaldiren bitartez. 2013an Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan parte hartu zuen filmak.

Hong Sang-soo zinemagileak, Woody Allen korearra deitzen diotenak, bere azken lana aurkeztuko du Donostian: Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours. Hainbat sari eskuratu ditu zinema-jaialdietan izandako azken parte-hartzeetan: Un Certain Regard Canneseko zinema-jaialdian Hahaha (2010) filmarekin; zuzendari onenaren Zilarrezko Lehoinabarra Locarnoko zinema-jaialdian Our Sunhi (2013) filmarekin; eta Urrezko Lehoinabarra Suitzako zinema-jaialdi horretan bertan Right Now, Wrong Then (2015) pelikularekin.

As You Are lanak, 23 urteko Miles Joris-Peyrafitte zuzendari eta aktorearen lehen film luzeak, Sundance zinema-jaialdiko Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen. Bere As a Friend (2014) film laburreko protagonista Madison Harrison-ekin batera idatzia da, eta Amandla Stenberg (The Hunger Games), Owen Campbell (Conviction) eta Charlie Heaton (Stranger Things telesaila) ditu protagonista. Hala, As You Are filmak bi neraberen eta ikaskide baten arteko harremana aztertzen du polizia-ikerketa baten bidez; batu eta banandu egiten dituen harreman, hain justu.

Jätten / The Giant koprodukzio suediar-daniarra Johannes Nyholm zinemagilearen lehendabiziko lana da; berak zuzendu eta idatzi du filma. Pelikula honek malformazioak eta desgaitasun psikikoa dituen gizon baten berri ematen du: petanka-txapelketa nazional batean ama berreskuratzeko aukera ikusiko du, jaio zenetik bananduta egon ostean. Nyholm Las Palmas film labur ospetsuaren egilea da, eta lan hura Suediako, Finlandiako eta Erresuma Batuko zinema-jaialdietan saritu zuten.

Film luzeetan debuta egin du, halaber, William Oldroyd zinemagileak; aurretik Sundance London zinema-jaialdiko film laburretan irabazle izan zen Best lanarekin. Oldroydek ibilbide entzutetsua du eszenaren munduan, eta Alice Birch-en gidoia hartu du oraingoan. Birchek 2014an antzerkigile promesa onenaren George Devine saria eskuratu zuen Lady Macbeth lanarekin: XIX. mendean girotutako obra horrek pasio debekatuak eta heriotza lantzen ditu. Antzezle-taldean, honako hauek ageri dira: Florence Pugh (The Falling), Cosmo Jarvis (Spooks: The Greater Good), Naomi Ackie hasi berria eta Paul Hilton (Wuthering Heights, Andrea Arnold zinemagilearena).

Hemen aipatutakoekin, badugu Zinemaldiaren Sail Ofizialean izango diren hamabost lanen berri. Ohar honetan aipatutakoez gain, honako hauek ere izango dira: Snowden, Oliver Stone zuzendariarena, eta A Monster Calls J.A. Bayonarena (lehiaz kanpo biak ere); Manda huevos eta Vivir y otras ficciones emanaldi bereziak; eta lehiatuko diren beste lau film: El hombre de las mil caras (Alberto Rodríguez), Que Dios nos perdone (Rodrigo Sorogoyen) eta La reconquista (Jonás Trueba) Espainiako produkzioak, eta American Pastoral Ewan McGregor aktoreak zuzendutako lehendabiziko filma. Datozen asteetan jakinaraziko ditugu Sail Ofiziala osatuko duten gainerako filmen izenak.

 

As You Are
Miles Joris-Peyrafitte  (AEB)

Jack institutu bateko ikaslea da, eta bere ama ezkongabearekin (Karen) bizi da hiri bitxi batean. Gizarteak baztertuta dauka, bakartitzat hartzen dute, eta Jackek ez du batere lagunik izango harik eta Karenen senargai berria, Tom, haiekin bizitzera joaten den arte. Orduantxe sartuko da haien bizitzan Mark, Tomen semea. Bi outsiderak berehala egingo dira lagun min, eta, jatetxe batean halabeharrez topo egin ostean, Sarah izeneko neska bat ere taldeko kide egingo dute. Hirurek ere taldetxo horretan topatuko dute salbazioa; hala, harremanetan hainbat aldaketa izan ostean eta sekretu batzuk jakin ondoren, hausnartu beharko dute zenbateraino ote dauden prest aukeratu dituzten bizitza horiek bizi izateko.


© La Aventura Audiovisual S.L.
Dangsinjasingwa dangsinui geot / Yourself and Yours
Hong Sang-soo  (Hego Korea)

Young-soo margolariak jakin du bere emaztegai Min-jung beste gizon batekin izan zela kopa batzuk hartzen eta harekin borroka egin zuela. Gau hartan bikoteak eztabaida bat izango du, eta Min-jung etxetik irtengo da, denbora-tarte batean elkar ez ikustea komeni zaiela esanez. Biharamunean, Young-soo haren bila joango da, baina ez du topatuko. Bien bitartean, Yeonnam aldean, Young-soo bizi den tokian, Min-jung-ek, edo haren berdin-berdina den beste emakume batek, hitzorduak izango ditu hainbat gizonekin. Young-soo noraezean ibiliko da kaleetan zehar, bere buruaren kontra borrokan edo, bestela esanda, munduaren kontra borrokan.


Jätten / The Giant
Johannes Nyholm  (Suedia - Danimarka)

Rikard deformazio larriak dituen autista bat da. Amarekin elkartu nahi du berriro, aspaldi zela banandu egin baitzituzten, eta horretarako petanka-jokoaz eta 60 metroko erraldoi baten laguntzaz baliatu nahi du. Haren gorpuzkera hauskorrak eta kritikara emandako ingurune zakar batek are gogorragoa egiten dute haren bizitza. Ama itzultzeko Europa Iparraldeko petanka txapelketa irabazi behar duela sinetsita, Rikardek direnak eta bi egingo ditu irabazteko.


Jesús / Jesus
Fernando Guzzoni  (Frantzia - Txile - Alemania - Grezia - Kolonbia)

Santiago, Txile. Jesusek 18 urte ditu eta aitarekin bizi da, Hectorrekin, elkarrekin komunikatzeko ezintasuna telebistari esker arinagoa egiten zaien apartamentu batean. Hortik kanpo, K-pop talde batean dantza egiten du, lagunekin ibiltzen da, drogak hartzen ditu, klip kutreak ikusten ditu eta sexua praktikatzen du leku publikoetan, emozio gogorren bila. Eta topatu ere topatuko ditu emozio gogorrak, gau batean, lagunekin batera, atzera bueltarik gabeko gertaera baten ondorioz.


Lady Macbeth
William Oldroyd  (Erresuma Batua)

1865eko Ingalaterrako landa-eremua. Katherine nahigabean bizi da: maite ez duen eta adina bikoizten dion gizon erretxin batekin ezkonduta dago, eta haren sendia hotza eta kupidagabea da. Bere senarraren finkako langile gazte batekin istorio sutsua hasiko du, eta bere barruan sekulako indar ahaltsua azaleratuko da: ezertxok ere ez dio galaraziko nahi duena lortzea.


Nocturama
Bertrand Bonello  (Frantzia - Alemania - Belgika)

Goiz bat Parisen. Hango eta hemengo nerabe kuadrilla bat. Haietako bakoitza dantza bitxi bat egiten hasiko da metroaren labirintoan eta hiriburuko kaleetan. Badirudi plan bat jarraitzen ari direla. Keinu zehatzak egiten dituzte, arriskutsuak kasik. Toki berean elkartzen dira, saltoki handi batzuetan, ixteko garaian. Paris lehertzeko zorian dago. Hasi da gaua...


© Les Films Hatari & Les Films d'Ici
Orpheline / Orphan
Arnaud Des Pallières  (Frantzia)

Emakumezko lau pertsonaiaren bizitzako lau momentu. Landagunean bizi den haur bat: ezkutaketan jolasean ari dela, tragedia gertatuko da. Nerabe bat, ihesen, gizonen eta gorabaheren segida amaigabe batean harrapaturik, edozer gauza baita hobea bere familiaren etxe atsekabezkoan egotea baino. Gazte bat, Parisera bizitzera joan eta hondamendiaren amildegian kokatuko dena. Eta arrakasta lortutako emakume heldu bat azkenik, zeinak bere iraganetik salbu zegoela pentsatzen zuen. Pertsonaia horiek bat egingo dute pixkanaka, protagonista bakar bat eratzeraino.

Bereizmen handiko irudiak

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea