tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > ''American Pastoral'', Ewan McGregor-ek zuzendutako lehendabiziko filma, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da
''American Pastoral'', Ewan McGregor-ek zuzendutako lehendabiziko filma, Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean lehiatuko da
Osteguna, 2016(e)ko abuztuaren 4

American Pastoral filmaren Europako estreinaldia Donostia Zinemaldian izango da. Ewan McGregor da filmaren zuzendari eta protagonista. Aktore eskoziarrak Donostia saria eskuratu zuen 2012an, eta aurten Sail Ofizialean lehiatuko da, kameren atzean egindako lehendabiziko lanarekin.

Philip Roth idazlearen izen bereko eleberria du oinarri (Pulitzer saria eskuratu zuen nobela horrek), eta AEBetako familia baten kontakizuna egiten du hainbat hamarkadatan. Euren bizimodu idilikoa txiki-txiki eginda geratuko da, Ameriketako Estatu Batuetako kultura-egitura betiko aldatu zuen asaldura sozialak eta politikoak eraginda. Ewan McGregor (Salmon Fishing in the Yemen, Beginners) zuzendari-lanetan hasi da, eta Seymour Levov Suediarra antzeztu du, institutuan atleta bikaina izandakoa eta egun negozio-gizon arrakastatsu bihurtua. Dawn izeneko edertasun-erregina izandako emakume batekin ezkonduta dago. Baina Suediarraren bizitza zoragarri horren atzean laino beltzak ageri dira. Haren alaba Merry desagertu egingo da, indarkeriazko ekintza bat egin izana leporatu ostean, eta Suediarra alabaren bila hasiko da, familia elkartu nahirik. Baina aurkituko duenak barruak nahasiko dizkio. Azalean ageri denari baino gehiagori begiratu beharko dio, eta inguruan duen munduko kaosari heldu: AEBetako familia bat bera ere ez da lehen bezalakoa izango.

American Pastoral filmaren antzezle-taldean, honako izen hauek ere ageri dira: Jennifer Connelly (Oscar sariaren irabazlea A Beautiful Mind filmean egindako lanagatik), Dawn antzezten; Dakota Fanning (The Runaways, The Twilight Saga) Merry alabarena egiten; Uzo Aduba (Emmy sariaren irabazlea Orange Is the New Black telesailean egindako lanagatik) eta David Strathairn (Lincoln, Good Night, and Good Luck). Alexandre Desplat da soinu-bandaren egilea.

LakeShore Entertainment etxearen American Pastoral filma Tom Rosenberg, Gary Lucchesi eta Andre Lamal-ek ekoitzi dute. Urriaren 21ean estreinatuko dute Estatu Batuetan Lionsgate etxearen eskutik, eta Espainian, berriz, Tripictures arduratuko da haren banaketaz.

John Romanok egokitu du 1997an argitaratutako eleberria. Aurretik ere egin ditu tankerako egokitzapen-lanak zinemarako, hala nola Michael Connelly idazlearen The Lincoln Lawyer eta Intolerable Cruelty obraren gidoia. American Pastoral Trilogia Amerikarra izenez ezagutzen denaren lehen zatia da; sorta berekoak dira I Married a Communist eta The Human Stain. Azken horren zinemarako egokitzapena ere LakeShore etxeak ekoitzi zuen, eta Robert Bentonek zuzendu 2003an.

Ewan McGregor (Perth, Eskozia, 1971) hirugarrenez etorriko da Donostiara, eta bere belaunaldiko aktorerik onenetako bat bezala jotzen dute. Donostia Zinemaldian aktorearen lanik garrantzitsuenetako batzuk izan dira: lehendabiziko lana, Shallow Grave (1994), Danny Boyle-k zuzendua, zuzendari hasiberri onenaren Zilarrezko Maskorra irabazi zuena; Mark Renton heroinomanoaren interpretazioa Trainspotting filmean (hori ere Boyle-k zuzendua), 1996an belodromoan 2004ko Incorrect@s atzera begirako zikloan emandakoa; Moulin Rouge filmaren emanaldia, belodromoan hura ere (2001), eta Donostiara lehendabizikoz ekarri zuena; The Ghost Writer (2010), Roman Polanskik zuzendua, FIPRESCI Sari Nagusia lortu zuena; Perfect Sense (2011), Culinary Zinema sailaren lehendabiziko edizioan; eta, azkenik, The Impossible (2012). Azken film horrexekin bueltatu zen Donostiara, Zinemaldiaren 60. urteurrenean Donostia saria jasotzera. Zinemaldiak ematen duen ohorezko sari handiena irabazi duen aktore gazteena da.

 

© Richard Foreman Jr.
American Pastoral
Ewan McGregor  (AEB)

Seymour Levov "Swede" atleta bikaina zen institutuan, eta egun negozio-gizon arrakastatsu bihurtu da. Dawn izeneko edertasun-erregina izandako emakume batekin ezkonduta dago. Baina "Swede"ren bizitza zoragarri horren atzean laino beltzak ageri dira. Haren alaba Merry indarkeriazko ekintza bat egiteaz akusatuko dute, eta desagertu egingo da. "Swede" alabaren bila hasiko da, familia elkartu nahirik. Baina aurkituko duenak barruak nahasiko dizkio. Azalean ageri denari baino gehiagori begiratu beharko dio, eta inguruan duen munduko kaosari heldu: AEBetako familia bat bera ere ez da lehen bezalakoa izango.

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea