tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Donostia Zinemaldiak lankidetza-lerro bat jarri du martxan euskal artistekin
Donostia Zinemaldiak lankidetza-lerro bat jarri du martxan euskal artistekin
Isabel Herguera eta Izibene Oñederrak Perlak sailaren eta Euskal Zinemaren Galaren atze-oihalak sortu dituzte
Asteazkena, 2016(e)ko abuztuaren 10

Donostia Zinemaldiak lankidetza-lerro bat hasi zuen iaz euskal artistekin, eta helburua da ekimen hori bilduma bihurtzea. Isabel Herguerak Euskal Zinemaren Galarako Victoria Eugenia antzokiaren atze-oihala diseinatzeko enkargua jaso zuen 2015ean. Aurten, Izibene Oñederrak sortuko du Perlak sailaren aurkezpenetan erabiliko den irudia.

Bi atze-oihalak 8 metro garai eta 13,80 metro zabal dira. Isabel Herguerak itsasoko zimurra hautatu du bere lanaren oinarri bezala. Noizean behin, Kursaaleko zubitik fenomeno hori ikusteko aukera izaten da. «Esan didatenez, ur gezako tanta bakar batek eragiten du: gatzez blai eta bero-berotan, gainazalera irteten da eta ertz lausoak dituen bilbe bat sortzen du, dir-dir egiten duen ehundura zimurtsu bat, segundo batean beste errealitate baten ilusioa sortuz», azaldu digu Herguerak.

Bestalde, Izibene Oñederraren ideiak Pina Bauschen Blaubart koreografiaren une batean du jatorria. Pieza horretan, dantzariek banan-banan hormetara salto egiten dute, eta horizontaltasun horretan zintzilik geratzen dira, ahal duten bezala azkazalekin helduz, gorputza tentsioan eta aurpegia paretaren kontra dutela. «Erabilitako arropa lurrean pilatzen da, han eta hemen. Bertan bizi ziren gorputzen memoriaren aztarna da, bai eta istant bat lehenago gertatu zenaren oihartzuna ere. Ia guztiz biluzten direnean, protagonistek beren identitate soziala alde batera uzten dute, eta elkarren pareko bilakatzen dira. Babesten dituen oskola atzean utzita, basati bihurtzen dira, animalien antzerakoak, egoera prekario batean sartzen dira», dio Oñederrak.

Herguerak zein Oñederrak animazioaren arloan lan egiten dute. Kasualitatez, aurten belodromoan Kutxa Beltza izeneko film laburraren estreinaldia egingo da. Ekimen hori biek batera egin dute, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Kalebegiak proiektuaren barruan.

Urtero artistei egindako eskariekin handitzen joango den bilduma horri esker, Zinemaldiak euskal sorkuntza garaikidearekin duen konpromisoa indartzen du.


EUSKAL ZINEMAREN GALA (Isabel Herguera)

Isabel Herguera (Donostia, 1961) animazioko errealizadorea da. Irudikatzen dituen istorioak munduko hainbat lekutan erakusten ditu, maleta batean sartzen diren eszenatokien gainean. Bere film laburrak zinema-jaialdi askotan hautatu dituzte, bestek beste, Rotterdamen, Annecyn, Fantochen, Stuttgarten eta Hiroshiman. Gaur egun, errealizazioan eta irakaskuntzan dihardu. Iaz Euskal Zinemaren Irizar sariaren epaimahaiko buru izan zen.


PERLAK (Izebene Oñederra)

Izibene Oñederrak (Azkoitia, 1979) animazioko filmak marrazten ditu, papera lumaz eta tinta beltzez urratuz. Proiektu bakoitzean istorioak sentimenduen bitartez kontatzen ditu eta gertakari pertsonaletatik abiatzen da beti, halabeharrez. Bere lanen artean daude Hezurbeltzak, una fosa común (2007) eta Hortzanak, For Your Own Safety (2013), Kimuak sailean eta nazioarteko zinema-jaialdi ezagunetan hautatutakoak. Arte Ederretako irakasle da EHUn.

 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea