tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Ikusmira Berriak egitasmorako hautatutako bost zuzendariek Tabakalerako egonaldietan izandako esperientzien berri eman dute
Ikusmira Berriak egitasmorako hautatutako bost zuzendariek Tabakalerako egonaldietan izandako esperientzien berri eman dute
Osteguna, 2016(e)ko abuztuaren 25

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Programa horren barruan eskainitako egonaldiak iragan abuztuaren 15ean jarri ziren martxan. Egonaldiek sei asteko iraupena daukate. Horietan, Leo Calice, Mikel Gurrea, Aitor eta Amaia Merino eta Kiro Russo zuzendariek Tabakalerako Sortzaileen Gunerako aukeratutako lau proiektu garatuko dituzte. Prozesuan laguntzeko, lehenengo lau asteetarako profesional hauen ikasgai magistralak antolatu dira: Fernanda del Nido, Tic Tac Company ekoiztetxe independentearen sortzailea; John Paul Sniadecki, bere filmekin genero dokumentaleko mugak desafiatzen dituen zuzendaria, eta Manuel Arranz, RTVEren La2-eko zuzendari-ohia eta telebista programen ekoizlea. Horrez gain, egonaldirako aukeratutako sortzaileek baimen osoa izango dute Tabakaleran beren erreferentzia zinematografikoen artean den film bat programatzeko.

Egonaldiko bosgarren astean, Donostia Zinemaldiaren hasierarekin batera, pitching delakoa egiteko prestatuko dira: ikus-entzunezko proiektuaren aurkezpen labur bat, lan hori koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen ekoizle eta nazioarteko salmenta-agenteen aurrean. Zinemaldiko industria-arloan egingo dute pitchinga; iaz, 1.496 akreditatu bildu ziren arlo horretan. Hala, Industry Clubera bertaratutakoekin hitzorduak adosteko aukera izango dute, profesional gisa arituko dira jarduera horietan, eta emanaldi guztietara joateko akreditazio bat ere eskuratuko dute. Egonaldia, hain zuzen ere, irailaren 25ean amaituko da, Zinemaldia bukatu eta hurrengo egunean.

Sei aste horietan, aurkeztutako 33 proiektuen artean haienak aukeratu zituen aditu-batzordearen laguntza eta aholkularitza jasoko dute: Paz Lázaro, Berlineko zinema-jaialdiko Panorama saileko programazio-zuzendaria; Ada Solomon, zinema-ekoizlea eta HiFilm Productions ekoiztetxearen sortzailea, eta Sergio Oksman brasildar zuzendaria (Goodbye America, A Story for the Modlins, O futebol) eta Dok Films ekoiztetxearen arduraduna. “Nire ustez, programa hau opari bat da benetan, edozein artistarentzat. Patxadaz ikertzeko eta sortzeko aukera bat da, etxetik eta egunerokoaren betebeharretatik urrun, ingurune zoragarri batean, Donostian, sekulako zinema-jaialdi baten babesarekin” adierazi du Solomonek. Zaila iruditu zitzaion proiektua aukeratzea: “Txunditu ninduen proposamenen kalitateak, eta ezinezkoa iruditu zitzaidan lau soilik aukeratzea. Hautatzeko, osotasunean ebaluatu genituen proposamenak: horien originaltasuna, proiektuaren kalitatea, zinemagileak bere ideia zinemara eramateko duen gaitasuna, eta haren talentu eta eskarmentua”, azaldu du errumaniar ekoizleak.

Hamar egunez Tabakaleran lanean aritu ostean, beren iritziak plazaratu dituzte Leo Calicek, Labo kategorian (Clermont-Ferrand zinema-jaialdiko film labur esperimentalen saila); Mikel Gurreak, Kimuak film laburren aukeraren barruan; Aitor eta Amaia Merinok, Euskal Autonomia Erkidegoko zuzendarien kategorian, eta Kiro Russok, urtero Donostia Zinemaldian egiten den Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaguneko parte-hartzaileen aukeraren barruan.

Leo Calice
“Denbora hau aurrerabide handia egiteko aukera emango dio gure film laburrari”

“Ikusmira Berriak biotopo baten moduan ikusten dut: proiektuak garatzeko ekosistema batez hornitzen du, eta, esan beharrik ez, oso garrantzitsua da hori. Kontu estetiko eta teknikoak esploratzeko prozesuari bide ematen dio, eta horrek lotura du gure filmaren ekoizpenarekin” azaldu du Leo Calicek, Gerhard Tremlekin batera zuzentzen duen Calipatria animazio-dokumentala prestatzeko lanetan. “Tabakalerako egonaldian filmaketa-estudio bat egituratuko dut eta ekoizpen metodoak probatuko ditut, film laburra zehazki nola ekoitziko dugun erabaki ahal izateko. Ikusmira Berriak programak, horretarako denbora eta espazioa eman ez ezik, ikasgai magistralak antolatzen ditu eta lankide eta adituen feedbacka jasotzeko aukera ematen du. Interes handiz itxaroten ditut ikasgaiok, baita egonaldiko gainerako sortzaileekin trukea ere. Ziur naiz balio handikoa izango dela. Denbora hau aurrerabide handia egiteko aukera emango dio gure film laburrari”.

Mikel Gurrea
“Ikusmira Berriak programak merezi duen garrantzia ematen dio sormen-prozesuari”

“Esperientzia egitekotsua eta oso interesgarria ari da izaten. Egonaldiaren antolatzaileak ezagutzeko aukera izan dugu, eta hasiera-hasieratik harrera ona egin eta laguntza eman digute. Orobat, parte hartzen duten zinemagileekin ikuspuntuak trukatzeko ere izan dugu aukerarik. Hasieran gaude, baina sentsazioak oso onak dira” adierazi du. “Nire ustez, Ikusmira Berriakek bete-betean asmatu du sormen-prozesuari merezi duen garrantzia ematen. Egonaldiak kontatu nahi ditugun istorioak garatzeko eta aurkitzeko espazioa, denbora eta baliabideak eskaintzen dizkigu, materiala sortzeko eta esperimentatzeko, zertarako eta hemendik proiektu sendoagoarekin ateratzeko. Hori guztiori Zinemaldian pitching saio batekin burutzeak motibatzen zaitu, eta egin nahi duzun filma egitera bultzatzen”. Berari dagokionez, adierazi du “egonaldiak idazten laguntzen dit, eta horixe behar dut. Sormen-prozesu dinamikoagoa eta arinagoa probatzen laguntzen dit. Maila txikiagoan saiatua nintzen; hemen, indar handiagoz garatu dezaket. Arriskuak hartzen laguntzen dit, hartara istorio hau kontatzeko modurik onena aurkitzeko”. Horregatik, espero du “Ikusmira Berriak programa urte luzez irautea. Benetan merezi du-eta.”

Aitor eta Amaia Merino
“Guk hazia ereiten dugu; Ikusmira Berriakek lurzorua eta ureztatzeko ura jartzen du”

Aitor eta Amaia Merino anai-arreben ustez “esperientzia oso aberasgarria ari da izaten”. “Batetik, tutoretzek proiektuaren helburuak argitzen laguntzen digute; bestetik, aukeratutako beste sortzaileekin batera lan egiteak zalantzak eta kezkak eztabaidatzeko aukera ematen digu. Tabakalerako gunea ezin hobea da, atsegin handiz ari gara bertan lanean” diote. Haien ustez, “Ikusmira Berriak programa sortzaileak abian jartzeko bultzada da. Ikasteko prozesu osoa ez ezik, maila handiko lantalde profesional bat eskaintzen digu, fase honetan laguntza eta aholkularitza jasotzeko. Arruntean, inolako laguntzarik gabe egiten da hori. Gainera, Zinemaldiak eskaintzen duen merkatuan sartzeko aukera ematen digu. Sormeneko eta ekoizpeneko tailerrak gehituta, egonaldi erabat egokia dugu, oso-osoa. Guk hazia ereiten dugu; Ikusmira Berriakek lurzorua eta ureztatzeko ura jartzen digu, proiektua indarrez haz dadin” ondorioztatu dute. Bestalde, Amaia Ekuadorren bizi da eta Aitor Madrilen. Horiek horrela, “beti izaten da zaila” lanerako elkartzea. “Ikusmira Berriakek elkartzeko eta lanean hasteko aukera eman digu, non eta gure jaioterrian. Guretzat opari bat da programa hau” aitortu dute.

Kiro Russo
“Aparteko egonaldi bat da, honelako bakarra munduan”

“Itxaropen asko ditut” azaldu du boliviar zuzendariak, Locarnoko Cineasti del Presente zinema-jaialdian parte hartu berritan. Han, aipamen berezi bat egin diote haren Viejo Calavera filmari. “Liluratuta geratu naiz Tabakalerako instalazioekin, inoiz ikusi dudan kulturgune zoragarriena da. Luxu aparta iruditzen zait eremu horretan sei astez lan egiteko aukera; gainera, Donostia hiri magikoa eta ederra da, ezin hobea ideiei bide emateko, idazten jartzeko eta proiektuak esperimentatzeko”. “Laguntza handia jasoko dugu, ez soilik eremuaren erosotasunari eta askotariko materiala, filmekoa nahiz idatzizkoa, eskuratzeko aukera mugagabeari esker; baita egonaldiko beste sortzaileekin izaten hasi garen hartu-emanari esker, eta proiektu guztietan laguntzen diguten tutoreei esker. Uste dut egonaldi hau aparta dela, honelako bakarra munduan; izan ere, hizkuntza zinematografikoaren molde berriak esploratu nahi dituzten filmak babesten ditu batik bat. Oso ekimen garrantzitsua da”.

HAUTATUTAKO PROIEKTUAK


Kiro Russo
1. LOBA (film luzea)
Kategoria: Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketa
Sinopsia
Bi gizonek ate bana ireki dute bi une eta leku desberdinetan. Batak premiak bultzatuta lapurtu egin behar du. Bestea bere emaztearengandik iheska doa, hura basati bihurtu delako.
Zuzendaria
Kiro Russo (La Paz, 1984)
Zuzendari, ekoizle eta gidoilaria. Buenos Aireseko Universidad del Cine delakoan zuzendaritza ikasi zuen. Honako film labur hauek egin zituen zuzendari eta gidoilari modura: Enterprisse (2010), Juku (2012) eta Nueva Vida (2015), Locarnoko 68. Zinemaldian estreinatu zen, epaimahaiaren aipamen berezia lortuz eta Donostia Zinemaldiako XIV. Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketan lehen saria eta Orona saria irabazi zituen. Aipaturiko lanek harreman zuzena dute postprodukzio fasean dagoen bere lehen film luzearekin: Viejo Calavera. Bere lehen film luzeak, Viejo Calavera-k, aipamen berezi bat jaso berri du Locarnon Cineasti del Presente sailean eta Donostia Zinemaldian Horizontes Latinos sailean lehiatuko da.


Gerhard Treml


Leo Calice
2. CALIPATRIA (film laburra)
Kategoria: Labo, Clermont-Ferrand Zinemaldiko film labur esperimentalen saila
Sinopsia
Calipatria Kalifornian kokatutako kartzela baten izena da. Santiago Cassilas bertan dagoen preso bat da: 58 urte ditu, banda bateko kidea da eta isolamenduko betiko kartzela-zigor batera kondenatua izan da. Santiagok kartzelako lorategian egiten du lan egunero ordubetez eta hori izango da hain zuzen bere sentipenak, bizipenak, sekretuak eta ametsak adierazteko gunea, kartzelako hormetatik harago.
Zuzendariak
Gerhard Treml (Viena, 1963)
Bere jardunean, narrazio-estrategiak aztertzen ditu gure errealitatearen eraikuntzarako oinarrizko diren harreman espazialak egokitu, aztertu eta berregokitzeko. Marrazketa, idazketa, filmak eta instalazioak dira bere obraren oinarri. Duela gutxi Eden’s Edge (Edeneko ertza) izeneko programa zuzendu du, artean oinarritutako nazioarteko ikerketa programa, Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatearekin elkarlanean. Halaber, Office for Narrative Landscape Design (ONLSD) ere abian jarri du eta Leo Calicekin batera animaziozko film labur multzo bat zuzendu du (2014). Lan honek nazioarteko esker ona eta hainbat sari jaso ditu, horien barne Clermont Ferrandeko Grand Prix saria.

Leo Calice (Texing, 1980)
Leo Calicek Suitzan, Espainian, Portugalen eta Austrian ikasi eta lan egin du. Aurrerago, Paisaia Diseinu ikasketak egin zituen Vienako Arte Aplikatuen Unibertsitatean. 2012an Eden's Edge (Edeneko ertza) izeneko artezko ikerketa proiektuan parte hartzen hasi zen. Halaber, Office for Narrative Landscape Design (ONLSD) proiektuaren sortzaileetako bat da, eta bulego horren bitartez, animaziozko film dokumental laburrez osatutako serie bat ekoiztu zuten, Eden's Edge (2014) izenekoa. Serie hori leku askotan egon zen ikusgai, eta nazioarteko sari ugari irabazi zituen, Clermont Ferrandeko Grand Prix saria barne.


Amaia Merino, Aitor Merino
3. FANTASÍA (film luzea)
Kategoria: Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zinegileak
Sinopsia
Amaia eta Aitor anai-arrebak, jadanik erretiraturik dauden Kontxi eta Iñaki gurasoengandik urrun bizi dira gazte-gaztetatik. Aurreko udan amets bat bete ahal izan zuten: lauak biltzea itsas bidaia bat egiteko FANTASIA izeneko itsasontzi izugarri handian. Itzuleran, itsasontzi handiago eta ikaragarriago bati aurre egin beharko diote: distantziaren errealitatea, zahartzaroa eta egunen batean bananduko dituen heriotza. Errealitatearen gordintasunak benetako zentzua hartzen du oporretako elkar aurkitze idilikoarekin kontrastean.
Zuzendariak
Amaia Merino (Donostia, 1970)
Ekuadorren bizi eta lan egiten du, eta herrialde horretan espezializatu da ez fizkiozko zine muntaketan eta gidoigintzan. Azken hamabost urteetan Ekuadorreko film luze ezagunenetako batzuk muntatu ditu: Blak Mama, Más allá del Mall, Resonancia, En Espera, El Pan Nuestro, 1809-1810 Mientras Llega el Día eta Asier ETA biok (Euskal Zinemaren Irizar Saria 2013an), besteak beste. 2006tik muntaketa eta gidoigintza tutoretzak beregain ditu Quitoko Zine eta Antzezpen Institutu Teknologikoan.

Aitor Merino (Donostia, 1972)
Nagusiki zine, antzerki eta telebistako antzezle karrera garatu du, eta hogei film baino gehiagotan parte hartu du hainbat zuzendariren esanetan: Montxo Armendáriz, Pilar Mir&ocute;, Vicente Aranda, Carlos Saura Medrano, Manuel Matji eta Icíar Bollaín, besteak beste. Zuzendu zuen lehen film laburra, El pan nuestro (Gure ogia), bertako zein nazioarteko hainbat zine jaialditan saritu dute eta Goya Sarietarako proposatu zuten. Asier ETA biok (Euskal Zinemaren Irizar Saria 2013an), Amaia Merino arrebarekin batera zuzendutakoa, haren lehen film luzea izan zen eta Donostia Zinemaldian aurkeztu zuten. Gaur egun, aldi berean antzezle lanean eta Fantasía dokumental luzearen proiektuan ari da, berriro Amaia Merinorekin batera.


Mikel Gurrea
4. SURO (film luzea)
Kategoria: KIMUAK
Sinopsia
Gironan oinordetzan hartutako masia bat aurrera ateratzeko azken aukera du Ivanek (33). Hara doa Elena bikotekidearekin (30) bere garaian kortxo ustiategi izan zena kudeatzeko asmoz, baina arrotza izateak eta bertako baso langileen eta marokoar zamaketarien arteko geroago eta handiagoak diren tentsioak dilema moral gogor bati aurre egitera behartuko dute.
Zuzendaria
Mikel Gurrea (Donostia, 1985)
Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Pompeu Fabra Unibertsitatean. Bitartean, Agosto publizitate ekoizpen etxean lan egin zuen eta film labur batzuk idatzi eta zuzendu zituen. Horien artean, ondokoak nabarmentzen dira: Primo (2008), Los gatos del tejado (2009) eta Rojo en el agua (2010). 2011n “la Caixa” Gizarte Ekintzaren beka bat lortu zuen zuzendaritza master bat ikasteko London Film School delakoan. Garai horretan Txoria dokumentala eta Chessmates publizitate spota zuzendu zituen eta Londresko Queen Elizabeth Hall-en estreinatuko zen Rambert Dance Company-ren Automatic Flesh koreografiarako dramaturgia garatu zuen. Foxes, haren graduazioko filmak hainbat sari bildu zituen, horien artean ikasle mailako fikzio onenaren saria Montrealeko Festival des Filmes du Monde-n, eta Kimuak 2015eko katalogorako hautatu zuten. Soka, antzerti fikzioaren proiektua aukeratu zuten Donostia 2016 Kultur Hiriburutza barruko Antzerkigintza Berriak proiekturako. Gaur egun, Heldu (Hold) izenburuko fikziozko film luzea garatzen ari da Eva Sigurdardottir ekoizlearekin, eta EAVEk (European Audiovisual Entrepreneurs) hautaturik gertatu da.
 

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea