tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 64. Edizioa 2016  > Berriak > Zabaltegi-Tabakalerarako aukeratutako hamar film urrian ere ikusgai, Tabakalerako programazioaren barruan
Zabaltegi-Tabakalerarako aukeratutako hamar film urrian ere ikusgai, Tabakalerako programazioaren barruan
64. Donostia Zinemaldia urriaren 28ra arte luzatuko da, bost saio bikoitzetan film labur eta luze bana emanez
Irailaren 15etik aurrera Andrés Di Tellaren instalazioa bisitatu daiteke Tabakaleran
Astelehena, 2016(e)ko irailaren 5

Zabaltegi-Tabakalera saila ez da irailaren 24an amaituko: irailaren 30etik urriaren 28ra arte, Donostia Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak bigarren aukera bat eskainiko dute dute sail horretarako aukeratutako filmetatik hamar ikusteko. Hain zuzen, proposamen zinematografiko harrigarrienei irekitako sail bat da; ez du formari buruzko araurik, ezta gaiari buruzko mugarik. Aurten, sailaren lehen lehiaketa-urtean, 24 film arituko dira 20.000 euroz hornitutako Zabaltegi-Tabakalera saria lortzeko lehian.

Programa bost saio bikoitzek eratuko dute. Horietako bakoitzean, film labur eta luze bana proiektatuko da. Zikloa Tabakalerako ohiko programazioaren barruan sartzen da; beraz, sarrera-txartelak bere ohiko salmenta-kanalen bitartez erosi daitezke (www.tabakalera.eu webgunean, Tabakalerako informazio-gunean, eta txartel-leihatilan saio bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago), 3,5 euroan.

Zikloaren egunak eta ordutegiak

 
Irailak 30, ostirala, 20:00etan
 

El extraño / The Stranger (Film laburra)
Pablo Álvarez  (Txile)

Hein batean irudi-sinfonia, hein batean saiakera-filma, hein batean dokumental faltsua. Irudi multzo batek Santiagoko hirigunea deskribatuko du, gauez, bertan ez den pertsonaia anonimo baten bidean atzera eginez. Atzealdean, zenbait ahotsek pertsona hori deskribatzeko saioak egingo dituzte, loturarik gabeko eta, zatika, kontraesankorrak diren kontakizunen bitartez. Gizon baten berreraikitze lausoa da emaitza. Txileko gizartearen sakonenean errotutako klasegabetze eta goranahia hezurmamitzen duen arrotz bat. Besteen gain boterea eragiteko nahi bizia, indarkeria forma desberdinetan ageri dena.


Zoologiya / Zoology
Ivan I. Tverdovsky  (Errusia - Frantzia - Alemania)

Natasha adin ertaineko emakume bat da, zoo bateko langilea, eta amarekin bizi da oraindik kostaldeko herrixka batean. Trabatuta dago eta badirudi bizitzak ez duela sorpresarik gordeta harentzat, harik eta egun batean... buztana haziko eta bizitza errotik aldatuko zaion arte.

Urriak 14, ostirala, 20:00etan
 

The Hedonists (Film laburra)
Jia Zhang-ke  (Txina)

Shanxiko ikatz-meatzari batzuei buruzko drama liluragarria: langabe daude, eta lan bila.


© Bianca Aun
A cidade onde envelheço / Where I Grow Old
Marilia Rocha  (Brasil - Portugal)

Brasilen bizi den Francisca portugaldar gazteak bere etxean hartuko du Teresa, aspaldiko ezagun bat, zeinarekin harremana galduta baitzuen. Teresa non finkatu nahi den aurkitzen ari da; Francisca, aldiz, Lisboan zeukan bizitzara itzultzeko irrikitan da.

Urriak 16, igandea, 19:00etan
 

Gure hormek / Our Walls (Film laburra)
Las chicas de Pasaik (María Elorza & Maider Fernandez Iriarte)  (Espainia)

Etxeko Andreen auzoa. Lo Ezinak Jotakoen distritua. Ama Ezezagunaren kioskoa. Emakume Bakartien lurpeko bidea. Gure hormek gure maiteak omentzen dituzte. 


Louise en hiver / Louise By The Shore
Jean-François Laguionie  (Frantzia - Kanada)

Udako azken egunean, Louise, adineko emakume bat, azken trena galdu duela konturatzen da. Itsasertzeko hiri txiki bateko hotelgune batean dago, denek abandonaturik. Eguraldiak okerrera egiten du bizkor. Louise ahula eta irtirina da, inondik ere ez Robinson Crusoe bat izateko behar bezain gaitua; ez dirudi negua atzean uzteko gai izango denik. Alabaina, Louisek erronkatzat hartzen du bere babesgabetasuna. Biziraun egingo du, bai elementuei bai oroitzapenei aurre eginez... aukera ezin hobea topatu baitute oroitzapenek abentura honetara biltzeko.

Urriak 23, igandea, 19:00etan
 

© Hayoun KWON
489 Years (Film laburra)
Hayoun Kwon  (Frantzia)

Animazio-filma. Film labur hau Oberhausen-eko Nazioarteko 62. Zinema Jaialdian saritu zuten. 489 Years lanak Hego Koreako soldadu baten lekukotza darabil: Kim-ena. Haren bitartez bi Koreen arteko eremu desmilitarizaturako sarbidea ematen digu, eta soldaduaren oroimen pertsonalaren muinean barneratzen gaitu. Esplorazio-misio batean bizi izan zuen esperientziaren berri ematen digu Kim-ek, baita minaz betetako soro batean egin zuen deskubrimendu harrigarriarena ere (Hego Koreak jarritakoak ziren minak, zer-non zegoen jarrita erregistratu gabe). Pertsonak debekatuta dauden leku batez mintzo zaigu, naturak bere jabegoa guztiz berreskuratu duen leku batez...


El viento sabe que vuelvo a casa / The Winds Know That I'm Coming Back Home
José Luis Torres Leiva  (Txile)

Ignacio Agüero dokumentalista txiletarra fikziozko bere lehen film luzea prestatzen ari da, sekula bukatzea lortu ez duen antzinako dokumental-proiektu batean oinarrituta. 80ko hamarkadaren hasieran, Chiloé eskualdeko Meulín uhartean, bikote gazte bat inguruko basoetan desagertuko da, aztarnarik utzi gabe. Maitasun tragikoko istorio misteriotsu horren inguruan, mito oso bat eraiki zen. Ignacio Agüero gertakarien lekura joango da, filmerako kokalekuen eta aktore ez-profesionalen bila, eta han, pixkanaka-pixkanaka, bere filmaren bilakaera ezagutuko du.

Urriak 28, ostirala, 20:00etan
 

Caminan / On The Path (Bidean) (Film laburra)
Mikel Rueda  (Espainia)

Errepide bat ezerezaren erdian. Auto bat. Bizikleta bat. Bi pertsonaia bakarti, gauza beraren bila. Eta topo egingo dute. Mundu mailako estreinaldia.


The Illinois Parables
Deborah Stratman  (AEB)

Dokumental esperimentala. Hamaika parabolaren bitartez, Illinois estatuaren historiako zenbait gertakari kontatzen dira: eskualde bateko fedeari, indarrari, teknologiari eta exodoari buruzko binetak. Txerokiei beren lurra indarrez utzarazi zietenetik hasi, eta frantses ikariarren komunitate utopikoa ezarri, erreaktore nuklearra asmatu eta Pantera Beltzen liderra (Fred Hampton) hil zuten arte, filmak kokatze, kanporatze, aurrerapen teknologiko, indarkeria, mesianismo eta erresistentziari buruzko istorioak helarazten dizkigu. Illinois tranpa egoki eta egituratu bat da hemen; haren istorioak alegoria bihurtzen dira, eta alegoria horien bitartez sinesmenek eta ideologiek gizarteak nola eratzen dituzten aztertzen da.

 

Andrés Di Tellaren instalazio bat, Ricardo Pigliaren egunerokoen inguruan. 1. gunea. Tabakalera.
 

327 koaderno

327 koaderno instalazioa irailaren 15ean inauguratuko da, eta bertan izango da haren sortzailea, Andrés Di Tella zinemagilea. Instalazioa irailaren 30era arte egongo da Tabakaleran, 1 gunean.

327 koaderno Andrés Di Tella zinemagilearen film bat da. Donostia Zinemaldiko Zabaltegi sailean aurkeztu zen, 2015ean. Orain, instalazio bat ere bada. Gainezka egin duen zinema.

Egunerokoa collage gisa; ideia hori nabarmentzea da asmoa. Hamaika istorio posible, ausaz antola daitezkeenak. Areto honetara sartu, eta nork bere irakurketa egin ahalko du, nork bere asoziazioak, osagai berberak hartu eta kontakizun ezberdinak osatu ahal izango ditu. Ildo horretan, instalazioak filmean dauden eszenak eta filmean ez daudenak biltzen ditu, eta atea irekitzen dio, horrela, bizitza oso bateko eszena ia amaigabeak irudikatzeari.

Instalazio hau Donostia Zinemaldiaren eta Tabakaleraren koprodukzio bat da, Zabaltegi-Tabakalera baterako sailaren harira egina.


Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea