Emma Suárez, Mireia Gabilondo eta Cayetana Guillén Cuervo aktoreak arituko dira Donostia Zinemaldiaren 64. edizioa inauguratuko duen gala aurkezten. Irailaren 16an izango da, 21:00etan, Kursaal auditoriumean.
Azken edizioetan bezala, gala Patxi Barco aktore, errealizadore eta gidoilariak zuzenduko du. Hiru led-pantailek girotuko dute ekitaldia, eszenatokian gertatzen denarekin elkarreraginean; adibidez, gala abiaraziko duen dantza-piezarekin. Irudiak Romera ikus-entzunezko edukien enpresak prestatu ditu, 64. edizioko kartel ofiziala inspirazio-iturritzat hartuz –kartela Primo Estudioko Jorge Elóseguik diseinatu du–. Barcoren ustez, aurtengo Zinemaldia «kontakizun diren istorioz betetako» liburu bat da, eta inaugurazio-gala hau libururen «azala» izango da. Xabier Zabalaren «Munduko loreak» konposizioa galako soinu-banda izango da berriz.
Zinemaldiaren babesle eta bidaide den TVEren 60. urteurrenari keinu bat egingo zaio, baita Donostiaren Europako kultur-hiriburutzari ere, bereziki hiriburutzak eta Moriarti Produkzioak (Loreak) elkarrekin ekoitzi duten Kalebegiak film kolektiboari –Zinemaldiaren barruan estreinatuko da, Belodromoan, irailaren 21ean–.
Inaugurazio-galaren amaierari ekin aurretik, epaimahai ofiziala aurkeztuko dute eta horren presidentearen, Bille August zinemagile daniarraren, hitzak entzuteko aukera izango da. Bukatzeko, inaugurazio-filmaren lantaldeak hartuko du parte. Zuzendariak, Emmanuelle Bercot frantziarrak (La Tête haute), eta protagonistak, Sidse Babett Knudsen aktore daniarrak (Borgen), aurkeztuko dute La fille de Brest / 150 milligrams filma.
Inaugurazio-gala La 2 eta ETB1 kateek emango dute zuzenean.
