2003an Audientzia Nazionalak euskaraz idatzitako egunkari bakarra ixteko agindu zuen: Euskaldunon Egunkaria. Egunkaria itxi eta bere zuzendaritzako partaideei ETAko kideak izatea leporatu zieten. 7 urte beranduago, epaiketan, salaketa horien zentzugabetasuna frogatu zen: akusatu guztiak absolbituak izan ziren. Dokumental hau ez da ordea bidegabekeria tamalgarri horien bilduma; lehenengo euskarazko egunkariaren sorrera pozgarri eta itxaropentsua dauka hizpide.
Eriz Zapirain (Donostia, 1974) euskal kulturari buruzko dokumentalen zuzendaritzan espezializatu da; bereziki, 60ko, 70eko eta 80ko hamarkadetako musikari buruzkoetan. Horrez gain, Estatu Batuetako euskal diasporari buruzko zenbait dokumental egin ditu, baita futbolarekin lotutako beste bi dokumental ere. Horietako batek, El Árbitrok (2008), New York Soccer Film Festival jaialdian parte hartu zuen. Beste film hauek ditu bere filmografian, halaber: Salda Badago (2001), Los Bieter (2004), No hay mus (2005), Zai Zoi Bele (2009) eta Costureros (2014).