"Z365" edo "Zinemaldia urte osoan" Zinemaldiaren apustu estrategiko berria da, non talentu berrien bilaketa, laguntza eta garapena (Ikusmira Berriak, Nest); formakuntza eta zinema-ezagutzen transmisioa (Elias Querejeta Zine Eskola, Zinemaldia + Plus, Zinemagileen elkarrizketa); eta ikerketa, dibulgazioa eta pentsamendu zinematografikoa (Z70 proiektua, Pentsamendua eta eztabaida, Ikerketa eta argitalpenak) elkartzen diren.
Julie Bergeron Montrealen (Quebec) jaio zen. 1989an Quebeceko abokatuen elkargoan onartu zuten. Merkataritza-zuzenbidearen eta nazioarteko finantzen eremuetan lanean jardun zuen Montrealeko zenbait abokatu-bulego garrantzitsurentzat. Ondoren, Frantziara joan zen, eta han Telefilm Canadaren Europako bulegoan gerenteorde gisa lan egin zuen, Parisen, 2001. urtera arte.
2001ean Vision-in-Motion konpainia sortu zuen, zinemaren industriarako ekitaldi profesionalak antolatzen espezializatuta dagoen enpresa bat. Bertan, besteak beste, Koprodukzio Frankofonoen Topaketak antolatu ditu Parisen (2001-2015), eta Generoko Filmen Frontières Nazioarteko Merkatua BIFFFen (2013-2016).
Gaur egun, Canneseko Marché du Filmeko Industria Programen Zuzendaria da, eta kargu horretan Producers Network, Producers Workshop, Doc Corner eta NEXT pabiloiaren ardura du. Era berean, Nazioarteko Proiektuen Zuzendaria da Marché du Filmek eta INCAAk elkarlanean antolatzen duten Ventana Sur Latinoamerikako zinemaren merkatuan.
Michka Saäl-en Beckett’s Prisoners (2005) koproduzitu du, Arte France, ADR Productions, Quatre par Quatre Films eta Kanadako Zinema Bulegoarekin batera, eta produktore elkartua izan zen Joseph Hillel eta Patrick Demers-en Regular or Super – Views on Mies van der Rohe (2004) filmean.
Mundu osoko hamaika jaialdi eta merkatutan parte hartu ohi du.