Sei film hauek sartu dira Zinema Eraikitzen 32 sailaren aukeran, izena eman duten 20 herrialdetako 149 filmen artetik: Agosto, Armando Capórena (Costa Rica - Kuba - Frantzia); Ferrugem / Herrumbe, Aly Muritibarena (Brasil); Kairos, Nicolás Buenaventurarena (Frantzia - Kolonbia); Familia sumergida, María Alcherena (Argentina – Brasil – Alemania); Niña errante, Rubén Mendozarena (Kolonbia - Frantzia) eta Rodantes, Leandro Lararena (Brasil - AEB).
Beren filmak Zinema Eraikitzen sailean aurkeztuko dituzten zuzendarietako batzuk aurrez ere izan dira Donostian: adibidez, Armando Capóren Agosto proiektua III. Europa - Latinoamerika Koprodukzio Fororako aukeratua izan zen, eta proiektu onenaren EGEDA saria eraman zuen; bestalde, Aly Muritibaren Para minha amada morta / To my Beloved (lehenago O homen que matou a minha amada morta / To my Beloved Dead zena) I. Koprodukzio Foroaren aukeran sartu zen, eta Zinema Eraikitzen 26 sailean eta 2015eko Horizontes Latinosen parte hartu zuen ondoren. Horrez gain, zuzendaria berriz itzuli zen Forora 2016an, Barba ensopada de sangue / Barba empapada de sangre proiektuarekin.
Zinema Eraikitzen Latinoamerikako zinemagintza sustatzeko laguntza-programa da; Donostia Zinemaldiak eta Cinélatino, Rencontres de Toulouseko jaialdiak eramaten dute aurrera, urtean bitango deialdi baten bitartez. 2002an sortua, talentu berrien nazioarteko proiekziorako plataforma bihurtu da, baita Latinoamerikako ikus-entzunezko industriaren erreferentzia-puntu ere.
Guztira, iragan edizioetan Donostian eta Toulousen aurkeztutako filmetatik zortzi ikusgai egongo dira, Zuzendari Berriak eta Horizontes Latinos sailetan. Toulouseko Zinema Eraikitzen 31 sailean parte hartu zuten filmetatik bi -La novia del desierto, Cecilia Atán eta Valeria Privato zuzendari berriena, eta Los Perros, Marcela Said zuzendariaren bigarren film luzea- azken Festival de Cannes-eko aukeran sartu ziren, Un Certain Regard sailean eta Semaine de la Critique-en, hurrenez hurren. Era berean, azken sail horretan izan zen La familia ere, Gustavo Rondónen lehen lana, zeina Zinema Eraikitzen 30 sailean proiektatu baitzen.
Aurrez aipatutakoez gain, Horizontes Latinos sailean parte hartuko dute aurreko edizioan Donostiako Zinema Eraikitzen sailean izandako film hauek: Medea, Alexandra Latishev-ena; Las olas, Adrián Biniez-ena,eta La educación del Rey, Santiago Esteves-ena, Industria Sariaren irabazlea. Temporada de caza ere, Natalia Garagiola zuzendariaren lana, Horizontes Latinos sailean izango da 2017an Toulouseko Zinema Eraikitzen sailean parte hartu eta gero. Marialy Rivas zuzendariaren Princesita, 2015eko Zinema Eraikitzen sailerako aukeratua, Zuzendari Berriak saileko lehiaketan izango da.
Abuztua, 1994, Kuba. Carlos (14) uda normala igaroko zuelakoan zegoen, baina bere herria kaos bihurtuko da: gobernuaren politikak aldatuko dira, eta milaka kubatarrek itsasora joko dute, alde egiteko esperantzaz. Lagunak joango dira, familiak bananduko dira, eta emozio jakin batzuk lehenbiziko aldiz biziko dira. Ezer ez da lehen bezala izango.
Marcelaren mundua arraro eta hauskor bihurtuko da bere ahizpa Rina hil eta gero. Bere etxean galduta sentitzen da, eta familia hurkoarekin dituen loturak dislokatuta daude. Bere etxera Nacho iritsiko da, alabaren lagun gazte bat, laneko bidaia bat bertan behera geratu baitzaio, eta biek elkarrizketak eta ibilaldiak partekatuko dituzte. Ahaide urrun batek biltzeko deia egingo dio Marcelari; bien bitartean, etxean, hizketaldiak izango ditu beste dimentsio batean dauden senideekin.
Tatik eta Renetek argazkiak, bideoak eta musika trukatu zituzten beren mugikorretan, eta eskolako azken txangoan begietara begiratu zioten elkarri. Baina, maitasun-istorio baten hasiera izan zitekeena, amaiera bihurtu zen.
Cali, Kolonbia. Amaranto (60 urte) bankuko kutxazaina zen, eta duela zenbait urte kaleratu zuten lanetik; hala ere, bere lantoki ohira joaten da oraindik ere, zeregin txikiekin laguntzeko. Garraio blindatuak eskudiru kopuru nabarmena entregatu behar duen egunean, lapurreta erraz bezain aparta egiteko aukeraz jabetuko da Amaranto.
Ángelak 12 urte ditu, eta, aitaren aldetik, 30 urte inguruko hiru ahizpa. Hain zuzen, aitaren heriotza dela-eta elkartuko dira ahizpak lehen aldiz. Ángela ez da inoiz bizi izan bere aita ez beste inorekin, eta ez du bere ama gogoratzen. Ahizpek herrialdearen beste aldean utziko dute, izeba batekin, ez dadin estatuaren kargupean geratu. Dolu-bidaia horretan, eta batez ere errepideko hotel ziztrin batean gela berean daudenean, Ángelak, gorputza ernatzen ari baitzaio, bere ahizpa bakoitzean igarriko ditu emetasuna, sentsualtasuna, plazeraren eta saminaren misterioak, gorputza, nahigabea eta bide horietan zehar emakumea izatearen erronka.
Rodantes filmak hiru pertsonaiaren bizitzaren berri emango digu: Tatiane gazteak atzean utziko du São Paulo, bere iraganeko arazo konpongabeen ondoren bere bizitza berregin nahian; bere sexualitatea ezagutzen ari den Odair gaztea arriskutan sartuko da familiako etxetik joaten denean; eta Henry haitiar etorkina bere bi haurrak aurrera ateratzeko borrokatzen ari da, emaztearen heriotza eta gero, Brasilgo aurrerabide eta pobreziaren erdian. Noizean behin Rondônia estatuan elkartzen dira, kaosaren erdian. Noraezean dabiltza: horixe dute lotura bakarra.
SARIAK
Zinema Eraikitzen CAACI/Ibermedia TV Saria Zinema Eraikitzen Industriaren Saria irabazten duen filmarentzat. Iberoamerikako Ikusentzunezko eta Zinematografiako Agintarien Konferentziak ematen du saria, Ibermedia Programaren bitartez. Hain zuzen, filma Telebistan Zabaltzeko Laguntza Programan sartzean datza saria: Ibermedia TVn eta Ibermedia Digitalen berau modu ez esklusiboan igortzeko baimena, 20.000 USDren balioagatik (fikziozko film luzea) edo 8.000 USDrengatik (dokumentala).
Enpresa eta organismo hauek babesten dute Zinema Eraikitzen saila: Association Rencontres Cinémas d'Amérique Latine de Toulouse (ARCALT), Iberoamerikako Ikusentzunezko eta Zinematografiako Agintarien Konferentzia (CAACI), Ad Hoc Studios, Deluxe Spain, Dolby Iberia, Film Factory, Laserfilm Cine y Video, Nephilim Producciones, No Problem Sonido, Programa Ibermedia, Wanda Visión. Bestalde, sailak honako hauen lankidetza jasotzen du: Centre National du Cinéma et de l'image animée (CNC), Conseil Départamental de la Haute-Garonne, Mairie de Toulouse, Caisse Centrale d'Activités Sociales du personnel des industries électriques et gazières (CCAS), Ciné+, Commune image, Confédération Internationale des Cinémas d'Art et d'Essai (CICAE), Eaux Vives, Europa Distribution, Firefly, Mactari, Région Occitanie / Pyrénées – Méditerranée, Titrafilm, La Cinéfondation, l'École Supérieure d'Audiovisuel (ESAV), Gaumont Wilson, Le-loKal Production, Producers Network (Marché du Film - Festival de Cannes) eta Signis