Rory Kennedy eta Jennifer Peedom zuzendari prestigiotsuen film berriak; Serge Hazanivicious zuzendariaren ekoizpen frantsesa, Bérénice Bejo protagonistarekin; Indonesiako paradisu baten aurkikuntzaren historia, oraindik kontatzeke dagoen abentura bakanetako bat; Chris Burkard argazkilari prestigiotsuaren proiektu pertsonal bat; eta film biografiko bat, Kai Lenny surflariari buruzkoa. Horiek dira Savage Cinemaren bosgarren edizioko sei proposamenak. Lehiaketaz kanpoko sail hori, kirolean eta abenturan espezializatua, Red Bull Media House etxearen lankidetzarekin egiten da.
Peedomek, zeinak 2016an dokumental onenaren BAFTA sarirako izendapena lortu baitzuen Sherpa filmarengatik, Mountain aurkeztuko du, altuerako paisaiei eta halakoek miloika lagunengan sortzen duten lilurari buruzko oda bat. Gailurren edertasuna goresten duen film poetiko bat, Willem Dafoeren narrazioarekin eta soinu-banda bereziarekin. Bilbao Mendi Film Festival jaialdiarekin lankidetzan aurkeztuko da. Asmo handiko proiektu bat da, eta, Tout là-haut / To the Top filmarekin batera, genero berrietara irekiko du Savage Cinema saila; hain zuzen ere, sailean sartu den lehen fikzio-filma baita Serge Hazaniviciusek zuzendutako eta Bérénice Bejok protagonizatutako lan hori.
Paradisuaren bilaketa behin eta berriroko gaia da Savage Cinemaren programazioan. Aurten ere sailera itzuli da, oraindik kontatu gabe dagoen XX. mendeko abentura gutxietako batekin, Desert Point olatuaren aurkikuntzarekin (Secrets of Desert Point). Ira Opper ekoizle eta banatzaileak, akzio-kiroleko edukien alorreko aurrendariak, Bill Heickek grabatutako irudiak berreskuratu ditu 40 urtez isilpean gorde den surf-bidaia basati hari forma emateko.
Horrez gain, Chris Burkard argazkilariaren Under an Arctic Sky filmak esploratzeko modu berriak irudikatzen ditu, eta horietan, irudimena eta teknologia dira nirbana berriak aurkitzeko funtsezko bitartekoak.
Aparteko bizitzak jasotzen dituzten bi film biografikorekin osatu da programazioa. Take Every Wave (Sundance 2017) Rory Kennedy zuzendariaren biopic bat da, 2007an Ghosts of Abu Ghraib filmarekin Emmy bat irabazi eta Last Days in Vietnam zuzendu ondoren (film luze dokumental onenaren Oscar sarietarako izendatua 2015ean). Kennedyk Laird Hamilton aukeratu du filmaren ardatza izateko; izan ere, Estatu Batuetako herri-imajinarioan sartu den surflari bakanetako bat da. Hainbat kirolari gaztek hartu du haren erreleboa: esaterako, Kai Lennyk, diziplina ugarietan munduko txapelduna izan den gaztea. Paradigm Lost filmak haren heldutasuna eta ozeanorekin duen lotura irudikatzen ditu.
Aparteko elkarlan zinematografiko eta musikala, Australiako Ganbera Orkestraren eta BAFTA sarietarako izendatutako Jennifer Peedom zuzendariaren artean; horren ondorioa, Mountain filma, mendiekiko dugun obsesioaren esplorazio zirraragarria. Duela hiru mende soilik, ekintza erotzat hartuko zitekeen mendia eskalatzea; ez zegoen paisaia basatiek halako lilura sor zitekeelako ideia. Gailurrak gune arriskutsuak ziren, ez ederrak. Orduan, zergatik gozatzen dute gaur egun milioika lagunek mendiaz? Garaieren boterea erakutsiko digu Mountainek: zer-nolako ahalmena duten liluratzeko, eta zer-nolako gaitasun etengabea, gure bizitza eta ametsak bideratzeko.
Kai Lenny surflariarentzat, ongi pasa dezakeen bitartean, jolastokia da ozeanoa. Surflaria izateak esan nahi duen kontzeptuari etengabe aurka egiten dio; olatu erraldoietan eta itsas handitan aritzen da surfean, ahal duen modu guztietan. Lehiaketan bere burua proban jartzea nahiz lagunekin gozatzea: beretzat olatuak soilik existitzen dira, baita horietan surf egiteko aukera amaiezinak ere, bere gogo irekiak onartzen dituen guztiak.
80ko hamarkadaren hasieran, itsasontzi herdoildu batzuetan Indonesiako Lombok irla urrunaren inguruan nabigatzen ari zirela, olatu perfektuarekin topo egin zuten Bill Heick Kaliforniako surflari gazteak eta haren lagunek. Surfaren argonauta moderno eta askotariko haiek 'Desert Point' izena jarri zioten olatu eder bezain traidore hari. Aitzindari haiek hamarkada batean baino gehiagoan gorde zuten altxor hori mapatik kanpo eta beren bizitzako helburu bihurtu zuten Desert Pointen beste inor gabe surf egitea… kosta ahala kosta.
Surfaren mito bizi baten erretratu sakon eta aho bilorik gabekoa. Aparteko gizabanako bat aztertzen du Take Every Wave filmak; beldurrak, anbizioak eta erronkek akuilatutako gizabanakoa. Haren bizitzari buruzko kontakizun eferbeszente honek aukera berezia ematen digu, hurbiletik begiratzeko zerk eramaten duen eliteko kirolari bat arauak jarraitu edota haustera; agerian utziko digu zenbateraino aldatu zuen surfaren kirola, zer ondare eraiki zuen, eta zer prezio ordaindu behar duen atleta batek bere bikaintasunagatik.
Scott etorkizun handiko snowboarder bat da eta amets handi bat du: lehena izatea. Orain arte inork lortu ez duen zerbait egin nahi du: Everestera igo, eta munduko jaitsiera arriskutsu eta gogorrenetako bat egitea. Chamonixera iritsiko da, mendiko eski eta snowboardaren muinera, eta han Pierrick gurutzatuko zaio bidean, freerideko txapeldun beterano bat, haren goi-mendiko gidari bihurtuko dena. Scottek ongi daki harekin topatu izanak gailurrera eraman dezakeela.
Filmak sei surflariren urratsei jarraituko die; Chris Burkard abentura-argazkilariarekin eta Ben Welland zinemagilearekin batera, olatu ezezagunen bila joango dira, Islandiako Hornstrandir natura-erreserbako fiordo urrunetara. Itsasontzi bat alokatu ostean, Isafjordur fiordotik aterako dira, azken hogeita bost urtetan izandako ekaitz handienaren une bortitzenean. Ongi jakinik ekaitzek olatu gogoangarriak sortzen dituztela, taldeko kideak baikor ageri dira, baina porrotari aurre egin beharko diote ekaitza dela-eta kostaldera itzuli behar direnean. Espedizioa errepidez jarraitzea erabaki ondoren, Islandiako negu latza biziko dute; orduan, zalantzan jarriko dute ea merezi duen ezezagunaren bila joateko bizitza arriskatzeak. Ezbeharrak gorabehera, taldeak aurrera egingo du, eta pentsaezinekoa aurkitzeko osagai onena ziurtasunik eza dela aurkituko dute.