Gaur Victoria Eugenia antzokian egingo den Euskal Zinema eta ETBren Galan estreinatuko da Elkarrekin-Together film dokumentala. 65. Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean Euskal Zinemaren Irizar saria eskuratzeko lehian dago filma. Proiekzioaren aurretik, 20:00etan hasiko den ekitaldian, Zinemira saria emango diote Julia Juaniz muntatzaile nafarrari.
Migueltxo Molinak zuzendu du Elkarrekin-Together filma, Igor Otxoa eta Pablo Irabururekin batera. Euskal arkeologo talde batek Ternuako Placentia izeneko uharte txikira eginiko espedizioa kontatzen du dokumentalak. Euskal arrantzaleen aztarnen bila egindako udako kanpaina kontatzen du istorioak, baina, batik bat, euskal baleazaleen eta bertako indioen arteko topaketa eta elkarlana ditu abiapuntu. “Orain artean landu ditugun proiektuak (Pura vida, Nomadak TX…) geureak izan dira, baina hau enkargu bat izan da”, adierazi du Migeltxo Molina zuzendariak estreinaldiaren bezperan. Albaola Itsas Faktoriako presidente Xabier Agotek eta espedizioaren buru Xabier Alberdi arkeologoak helburu bat zuten: elkarlanean oinarritutako harreman anitz baten frogak aurkitzea. Honenbestez, giza-ondare historikoa aberastu eta aurkikuntza hauei merezi duten balioa ematea bilatzen zuten, ikerketa-lerro berriak jorratzeko tresnak eskainita.