Sartu nire zinemaldira Deskonektatu
tve Gas Natural Fenosa movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Zinemaldiaren Egunkaria > DENA GEZURREZKOA
DENA GEZURREZKOA
THE ROMANTIC ENGLISHWOMAN / UNA INGLESA ROMÁNTICA
Ostirala, 2017(e)ko irailaren 29

Hirukote baten arteko maitasuneta jeloskortasun-istorio hau izango da, seguru asko, Joseph Loseyren eta Donostiako Zinemaldiaren arteko harremanaz hitz egitean liburu guztietan azpimarratuko den filma, hain zuzen ere aurkeztu zen urtean, 1975ean, batez ere nazioartean  zeresana eman zuen protesta ekintza dela medio. Filma bere garai emankorrenean obratu zuen Loseyk, mundu osoko aktore izar gehienak eskura zituenean, eta oso lotuta dago ospea  eman zion giro psikologiko eta barnerakoiak transmititzeko lortu zuen gaitasunarekin. Hirukote protagonistaren maila artistikoak berez arrazoi dezake jaialdiaren sail ofizialean sartzeko  erabakia, baina hautaketak berak baino, zuzendariak eta protagonista nagusiak publiko egin zuten protesta izan zen ospea eman ziona. Losey eta Glenda Jackson antolatzaileen  gonbidapenari muzin egin eta ez ziren Donostiara etorri, Franco diktadoreak sinatutako azken heriotza-zigorren aurrean desadostasuna adieraziz horrela.

Filma nahiko oharkabean pasa zen, nahiz eta bazituen garai hartan arrakasta izateko merituak. Giro melodramatiko samarra, misteriotsua, goibela ere bai, itzalekin jolas asko tartean. Loseyren film guztietan bezala, esaten ez dena esaten dena baino garrantzitsuagoa da lan  honetan.

Elkar ulertzeko eta oraindik erakarpenik sentitzeko zailtasunak dituen bikote baten inguruan eraikita dago gidoia. Alde batetik, lanarekin aurrera jarraitu ezinean dabilen gidoilariaren rola jokatzen du Michael Caine handiak, senar kezkatua eta pasiorik gabea, buruan daukan istorioa finitzeko afana bizi duen eta gainerakoarekiko interes gutxi adierazten duen intelektuala. Bestetik, Glenda Jacksonek gorpuzten du senarrarekin gutxi konpartitu eta bizitzak aurrean  jartzen dion aukera aprobetxatzeaerabakitzen duen emakume erakargarriaren papera, bide horrek nora eramango duen inondik ere igartzen ez badu ere.

Protagonisten hirukotea osatzeko, Helmut Berger, 70eko hamarkadako aktore ospetsua.  Drogetan nahastutako gigoloarena egiten du filmean, nahiz eta ustezko poeta aleman bat bezala aurkezten den senar-emazteen aurrean, bainuetxe batean elkar ezagutzen dutenean.  Eszenarioek Loseyren filmetan daukaten garrantziasuperlatiboa da begirada hotzez eta dekoratu soil eta planoez jantzitako drama honetan. Filma eszenatoki ia mutua da, eta  konposizioek elkarrizketek beraiek baina garrantzia handiagoa dute batzuetan.

The Romantic Englishwoman titulua ironia bezala hartu behar da, Loseyk garai hartako  gizarte britaniarrari egin nahi dion kritika fina antzeman baitaiteke: erromantikotasunik batere ez bikote tradizionalaren arteko harremanean, ezta poeta alemanarekin Jacksonek  hasten duen abenturan ere, non dena den gezurra, dena ezkutatu beharra, dena itzala, argia bainoago. Idazleak bilatzen duen inspirazioa bera gezurretan oinarrituta dago, emaztea poetaren besoetan irudikatzen duenean ohartzen baita liburua aurreratu baino, jeloskortasna pizten dela bere baitan.

ALBERTO BARANDIARAN


Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea