Sartu nire zinemaldira Deskonektatu
tve Gas Natural Fenosa movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Donostia Sariak > Monica Bellucci
Monica Bellucci
 

Monica Bellucci italiar aktorearen talentu handia mundu osoan da ezaguna eta aintzat hartua.

Zuzenbideko ikasketak egin eta moda-diseinatzaile garrantzitsuenetarako modelo ibili ondoren, antzezpen-eskolak jaso zituen eta 1990ean hasi zen aktore lanetan, Dino Risi zuzendariaren Vita coi Fligi filmean. 1991n lortu zuen lehen aldiz film garrantzitsu batean rola; hain zuzen, Francesco Laudadioren La riffan. Handik urtebetera, Francis Ford Coppolaren arreta bereganatu, eta Dracula filmean egin zuen bere lehen agerraldietako bat, Drakularen emazteetako bat hezurmamituz.

Italian hainbat rol bete eta gero, Monica Bellucci Frantziara joan zen bizitzera, eta sona handia hartu zuen 1996an L’appartement filmean Lisa hezurmamitu zuenean, Gilles Mimouniren zuzendaritzapean. Obra horrek emakumezko aktore gazte onenaren Cesar sarirako izendapena ekarri zion 1997an. 90eko hamarkadaren amaieran eta 2000.aren hasieran Frantziako hainbat ekoizpen nabarmenetako protagonista izan zen, eta antzezpen bereziki gogoangarriak egin zituen: esaterako, Nathalie izan zen Jan Kounen zuzendariaren Dobermannen; Kleopatra Asterix & Obelix: Mission Cleopatran (Asterix eta Obelix. Kleopatra helburu); eta Alex Gaspar Noéren Irreversible polemikoan, Vincent Cassel eta Albert Dupontel antzezleekin partekaturik protagonismoa.

Frantzian bere lanbidea garatu bitartean, nazioartean lanean ere jarraitu zuen Monica Belluccik, zeinak italieraz, frantsesez eta ingelesez baitaki. Estatu Batuetan, besteak beste, film hauetan aritu zen: Stephen Hopkinsentzat Under Suspicion filmean (2000), Antoine Fuquarentzat Tears of the Sun (2003) filmean eta Wachowski anaientzat Matrix saga ezagunean (Matrix Reloaded eta Matrix Revolutions, 2003). 2004an María Magdalena izan zen The Passion of the Christ filmean, Mel Gibsonen zuzendaritzapean.

Hurrengo urteetan hogeitik gora ekoizpenetan parte hartu zuen, mundu osoan, eta lehen mailako zinemagileekin aritu zen elkarlanean: beste askoren artean, Bertrand Blier, Gabriele Mucchino, Terry Gilliam, Spike Lee, Paolo Virzi, Rebecca Miller, Alain Corneau, Marina de Van eta Philippe Garrelekin. 2014an Milly Catena hezurmamitu zuen Alice Rohrwacher zuzendariaren Le meraviglien. Film horrek txalo ugari jaso zituen Canneseko zinema-jaialdian, non Epaimahiaren Sari Nagusia irabazi baitzuen.

2015ean Bond andere bat izan zen, Daniel Craig ingeles aktorearekin batera, Sam Mendesek zuzendutako James Bond film berrian: hau da, Spectren. Iaz Estatu Batuetako Mozart in the Jungle telesailean parte hartu zuen, Gael García Bernal zuela antzeztaldeko kide. 2017an agerraldi berezia izan du David Lynchen Twin Peaks telesailean eta Emir Kusturicaren andregai ederra izan da hark zuzendutako On the Milky Road filmean.


UNDER SUSPICION
Stephen Hopkins  (AEB - Frantzia)

San Juan (Puerto Rico). Polizia-kapitainak agertzeko dei egingo dio Henry Hearst abokatuari, uharteko pertsona garrantzitsuenetako bati, neskatxa baten bahiketari eta hilketari buruzko adierazpena osa dezan. Izan ere, hilabete batean beste bi neska ere erail dituzte, oso antzeko egoeratan. Hala ere, hasieran bisita arrunta zirudiena aurreikusi ezineko ondorioak izango dituen galdeketa latza bihurtuko da.


MALèNA / MALENA
Giuseppe Tornatore  (Italia - AEB)

Castelcutòn, Siziliako kostalde eguzkitsuko herri lasai batean, Malena da emakume eder xarmangarri eta erakargarriena. Berria da herrian eta, senarra gerran duenez, egiten duen ibilaldi bakoitza ikuskizun bihurtzen da, gizonen begirada lizunez eta emazte bekaiztien txutxu-mutxu erreminduez inguratua. Bizikletan dabiltzan nerabe argal batzuek tropelean jarraitzen diote, edonora doala ere, haren edertasun zoragarri eta arketipikoari begiratzeko asmoz. Gazte horien artean Renato dago, hamahiru urteko mutila. Irudimen handia du, eta fantasia obsesiboaren mugara eramango du bere desira.


Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea