Babesle
Ofiziala
Media
Partner

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 65. Edizioa 2017  > Zinemaldiaren Egunkaria > ETENGABE HANDITZEN DOAN ZINEMAGINTZA
Zinemaldiaren Egunkaria » ZINEMIRA
ETENGABE HANDITZEN DOAN ZINEMAGINTZA
Ostirala, 2017(e)ko irailak 22

Euskal Herrian ekoiztutako hamalau lan erakutsiko dituzte 65. Donostia Zinemaldian, 8 sail eta programatan banatuta. Horietatik zazpik estreinaldia izango dute, gainera. Euskal zinemagintzak aurtengo Zinemaldiko sail garrantzitsuenetan presentzia nabarmena izateak filmen kalitatearen, aniztasunaren eta produkzio mailaren erakusgarri da.

Euskal Zinemaren Irizar sarirako zazpi hautagai izango dira lehian: Sail Ofizialean lehiako diren Handia (Jon Garaño eta Aitor Arregi) eta Morir (Fernando Franco); eta Zinemira saileko Bi txirula (Iñigo Garcia), Non (Ez) frantsesez filmatutako filma (Ximun Fuchs eta Eñaut Castagnet); Elkarrekin-Together (Migeltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa); Belodromoan erakutsiko den Operación Concha; eta bestelako jardueren barruan erakutsiko den Volar (Bertha Gaztelumendi), indarkeria matxista jasan duten 9 emakumeren bizipenak biltzen dituen filma. Itxaro Borda idazleak (Presidentea), Etxepare Institutuaren zuzendari Miren Arzalluzek eta Joserra Senperena konpositoreak osatzen dute Euskal Zinemaren Irizar Sariaren epaimahaia.

Lehiaketaz kanpo ere izango da filmak ikusteko aukera. Aurten zendu den Juanba Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua animaziozko lana, eta Converso, David Arratibelen igarren film luzea, esaterako. Arratibelek bere familiaren fede katolikorako konbertsioa jaso du filmean, ulertu asmoz, eta lan horrekin Publikoaren Saria jaso du Punto de Vista zinema-jaialdian, baita dokumental onenaren saria Malagako zinema- jaialdian ere.

Zinemira-Kimuak sailean izango dira, berriz, Iñigo Royo eta Iñigo Fernandezen Ab Alio, David P. Sañudoren Aprieta pero raramente ahoga, Atxur animazio taldearen Areka, Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan, Andres Daniel Sainzen For the good times, Raul de la Fuenteren La fiebre del oro eta Koldo Almandozen Plágan/Plague. Zuzendari donostiarrak iaz aurkeztu zuen Sipo Phantasma lehen luzea Zabaltegin eta aurten atal berera ekarriko du “izurritea”. Urtero moduan, Kimuak ekimeneko 7 obrak profesionalentzako emanaldia izango dute Zinemaldiaren esparruan.

Bestalde, Zinemaldiak eta Tabakalera - Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak elkarrekin antolatzen duen Ikusmira Berriak-en Las letras de Jordi aurkeztuko da, Las chicas de Pasaik kolektiboko kide den Maider Fernandezen lana. Europako hizkuntza ez hegemonikoetan sortutako zinema bultzatzeko helburuarekin abiatuko den Glocal in Progress sail berrian lehiatuko da Telmo Esnalen Dantza, posprodukzio fasean dagoen euskal dantzen inguruko fikziozko film musikala. Azkenik, Industry Club atalean izango dira Pablo Agüeroren Akelarre eta Mikel Ruedaren El doble más quince.

IRENE ELORZA

 

Babesle Ofiziala
Media Partner
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones
Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea