Goizeko bederatziak dira. Madrileko hiriguneko taberna batean, askotariko pertsona talde bat gosaltzen ari da. Haietako bat presaka dabil; atetik irtetean, tiro bat jasoko du buruan. Inor ez da laguntzera ausartuko. Harrapatuta daude.
Bere ibilbidean, askotariko filmak egin ditu Álex de la Iglesiak, bai nazioarteko ikus-entzuleei zuzendutako asmo handiko ekoizpenak, bai tradizio espainolarekin lotura estuagoa dutenak, esperpento-kutsuekin eta umore beltzarekin. Alexen filmografian lan hauek nabarmentzen dira: Acción mutante (1992, 3 Goya), El día de la Bestia (Piztiaren Eguna, 1995, 6 Goya), Perdita Durango (1997), La Comunidad (2000, emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra Donostian eta 3 Goya), Balada triste de trompeta (2010, gidoi eta zuzendari onena Veneziako zinema-jaialdian) eta Las Brujas de Zugarramurdi (Zugarramurdiko sorginak, 2013, 8 Goya).