Malena erdi-mailako klaseko sendagilea da Buenos Airesen. Arratsalde batean Costas doktorearen deia jasoko du: esaten duenez, berehala bidaiatu behar du herrialdeko iparraldera, espero zuen haurtxoa jaiotzear da eta. Bat-batean eta ia-ia pentsatu gabe, Malenak zalantzaz eta bidegurutzez jositako bidaia bati ekiteko erabakia hartuko du. Bidean orotariko oztopo legal eta moralei egin beharko die aurre, eta bere buruari etengabe galdera hau egitera eramango dute Malena: zer muga zeharkatzeko prest dago bere irrika biziena lortzeko?
Diego Lermanek 2002an egin zuen bere lehenengo film luzea, Tan de repente, eta beste sari batzuen artean Locarnoko zinema-jaialdiko Zilarrezko Lehoinabarra irabazi zuen lan horri esker. Ondoren, Veneziako zinema-jaialdiko Sail Ofizialean parte hartu zuen Mientras tanto (2006) filmarekin. 2007an Servicios prestados dokumentala zuzendu zuen, eta Locarnon aurkeztu zen. Bere hurrengo bi filmak, La mirada invisible (2010) eta Refugiado (2014), Canneseko zinema-jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian proiektatu ziren. Horrez gain, La casa (2015) telesaila ere zuzendu du.