Álvarok idazlea izan nahi du, baina idazten duen guztia faltsua, harroputza eta graziarik gabea da. Sevillako notario-bulego batean idazlari dabil, eta ametsek soilik koloreztatzen dute haren bizitza grisa. Emaztea, Amanda, kontrakoa da erabat. Beti izan ditu oinak lurrean finkatuta, eta ez du inoiz idazle izatearekin amets egin. Hala ere, idazten jarriko da, eta best-seller bat aterako zaio. Bizitzaren ironiak. Ezinbestekoa izango da banaketa. Eta une horretan, Álvarok bere ametsa lortzen saiatzeko erabakia hartuko du: eleberri bikain bat idatzi nahi du. Baina ez da gauza izango, ez du ez talenturik ez irudimenik. Bere idazketa-irakasle Juanen gidaritzapean, nobelaren oinarriak arakatuko ditu; hala, fikzioa errealitatean oinarritzen dela konturatuko da egun batean. Eta Álvaro bere bizilagunak eta lagunak manipulatzen hasiko da, istorio bat sortzeko: benetako istorio bat, fikzioa ere gaindituko duena.
2001ean El juego de Cuba film luze dokumentala zuzendu ostean, Manuel Martín Cuencak bere lehen zuzendaritza-lana aurkeztu zuen Donostiako Zabaltegi sailean: La flaqueza del bolchevique, emakumezko aktore berri onenaren Goya sariaren irabazlea (María Valverde). 2005ean, Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatu zen Malas Temporadas filmarekin. Dokumentalera itzuli zen Últimos testigos: Carrillo comunista (2009) eta La cara B (2013) obrekin, eta berriz ere fikziora ondoren, La mitad de Óscar (2010) eta Caníbal (2013) filmekin. Azken horrek argazkilaritza onenaren saria eraman zuen Donostian, baita alor bereko Goya saria ere.