Kutxa ahaztu batean bi koaderno zahar aurkitzen dituenean, bere iragana eta itxaronaldiaren min jasanezina gogoratuko du Marguerite Durasek. 1944ko Frantzian, nazien okupaziopean, idazle gazte bikainak aktiboki parte hartzen du Erresistentzian bere senar Robert Antelme-rekin batera. Gestapok Robert deportatzen duenean, hura itzul dadila lortzeko borrokari ekingo dio, etsi-etsian. Harreman aztoragarria hasiko du Rabier kolaborazionistarekin, eta arrisku handitan sartuko da Robert salbatzeko, katuaren eta saguaren joko horretan Paris osoan zehar topaketak eginez, aurreikusi ezineko emaitzekin. Rabierrek benetan lagundu nahi dio? Edo, nazien aurkako talde klandestinoei buruzko informazioa lortu nahi du? Azkenean, gerra amaitu, eta biktimak eremuetatik itzuliko dira. Denboraldi jasanezina izango da beretzat, agonia luze eta isila, Parisen liberazioaren kaosaren ondoren. Baina zain jarraituko du, faltaren saminari kateaturik, baita itxaropenetik harago ere.
Emmanuel Finkiel Bernard Tavernier, Krzysztof Kieslowski eta Jean-Luc Godard zuzendarien laguntzaile aritu da. 1997an film labur onenaren Cesar saria irabazi zuen Madame Jacques sur la Croisette obrarekin. Haren lehen film luzeak, Voyages (1999) izenekoak, bi Cesar sari eta Canneseko Gazteen Saria jaso zituen. Ondoren, Nulle part terre promise (2008), Jean Vigo sariaren irabazlea, eta Je ne suis pas un salaud (2016) egin zituen. Halaber, Casting (2001) eta Je suis (2012) dokumentalak eta Melanie (1996) eta En marge des jours (2007) telebista-filmak zuzendu ditu.