tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Icíar Bollaín, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen eta Carlos Vermut, 66. Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra lortzeko lehian
Icíar Bollaín, Isaki Lacuesta, Rodrigo Sorogoyen eta Carlos Vermut, 66. Donostia Zinemaldiaren Urrezko Maskorra lortzeko lehian
Enrique Urbizuk eta Jorge Doradok zuzendutako 'Gigantes' telesailak lehiaketaz kanpo parte hartuko du, eta Telmo Esnalen 'Dantza' eta José Luis Cuerdaren 'Tiempo después' filmen proiekzioek osatuko dute Espainiako zinemagintzaren parte-hartzea Sail Ofizialean
Ostirala, 2018(e)ko uztailaren 20

Gaur, Arteen eta Zientzia Zinematografikoen Akademiaren egoitzan, 66. irailaren 21etik 29ra bitartean Donostia Zinemaldian ikusi ahal izango diren hemeretzi film aurkeztu dira, Espainian ekoitzitakoak guztiak. José Luis Rebordinosek, Zinemaldiaren zuzendariak, eta Ruth Pérez de Anucitak, Komunikazio arduradunak, Sail Ofizialean, New Directors, Zabaltegi - Tabakalera eta Perlak sailetan aurkeztuko diren filmen izenburuak jakinarazi dituzte.

Icíar Bollaín (Madril, 1967) hirugarrenez lehiatuko da Urrezko Maskorra lortzeko, Yuli filmarekin. Sail Ofizialean aurkeztu zuen Te doy mis ojos (2003), eta Laia Marull eta Luis Tosar protagonistek bi Zilarrezko Maskor eraman zituzten; ondoren, Mataharis (2007) ekarri zuen, eta oraingoan, Yuli-n, Londreseko Royal Ballet-eko dantzari nagusi bihurtu zen lehen beltzaren historiari heldu dio, Paul Lavertyk Carlos Acostaren No Way Home kontakizun autobiografikoa oinarri harturik idatzitako gidoiarekin.

Isaki Lacuesta (Girona, 1975) ere hirugarrenez lehiatuko Urrezko Maskorra lortzeko, baina laugarrenez parte hartuko du Sail Ofizialean; izan ere, Murieron por encima de sus posibilidades lehiaketaz kanpo aukeratua izan zen. Lacuestak badaki zer den Zinemaldiko sari nagusia irabaztea, Los pasos dobles (2011) filmari esker; orain Entre dos aguas aurkeztuko du, zuzendariaren lehenengo filmetako batean (La leyenda del tiempo), nerabe zirenean, agertzen ziren bi anaia ijitok protagonizatutako filma.

Carlos Vermutek (Madril, 1980) ere Urrezko Maskorra dauka irabazitako sarien zerrendan, bigarren filmarekin –Magical Girl (2014)– lortu baitzuen. Berak ere idatzitako Quién te cantará obran, Najwa Nimri, Eva Llorach, Carme Elías eta Natalia de Molina aktoreak bildu ditu eszenatokietara itzuli baino apur bat lehenago oroimena galduko duen abeslari baten istorioa kontatzeko.

Rodrigo Sorogoyen (Madril, 1981) bigarren aldiz sartu da Sail Ofizialeko aukeran. 2016an, Que Dios nos perdone-ri esker, gidoi onenaren saria eraman zuten zuzendariak eta Isabel Peñak. El Reino, bere lan berriena, Antonio de la Torrek protagonizatzen du, ustelkeria-konplot batean nahastutako politikari bat hezurmarmituta.

Bigarren urtez jarraian, telesail bat sartu da Sail Ofizialeko aukeran. La peste-ren (Alberto Rodríguez) ondoren, Enrique Urbizuk (Bilbo, 1962) eta Jorge Doradok (Madril, 1976) zuzendutako Gigantes aurkeztuko du Zinemaldiak, lehiaketaz kanpo. Urbizu Sail Ofizialean lehiatu zen 2012an bere azken filmarekin (No habrá paz para los malvados), eta oraingoan ere José Coronado zuzenduko du.

Proiekzio berezien atalean Telmo Esnalen azken lana dugu, Dantza, Glocal in Progress Industria sariaren irabazle izandakoa Europan hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako ekoizpenetarako jardueraren lehen edizioan. Esnalek (Zarautz, Gipuzkoa, 1966) lehenengo aldiz parte hartuko du Sail Ofizialean; aurrez, New Directors sailerako aukeratu zuten, Asier Altunarekin batera zuzendutako Aupa Etxebeste (2005) eta Urte berri on, amona (2009) filmei esker. Lehenengoarekin, gainera, Gazteriaren saria irabazi zuen.

Proiekzio berezien artean sartuko da, orobat, José Luis Cuerdaren laugarren parte-hartzea Sail Ofizialean (Albacete, 1947), Pares y nones, El bosque animado eta La lengua de las mariposas aurkeztuak dituenez Donostian. Zuzendari, gidoilari eta ekoizleak Tiempo después estreinatuko du, Amanece, que no es poco obraren sekuela. Hain zuzen, haren film ospetsuenetako bat da horixe.

Sail Ofizialeko parte-hartzeari New Directors sailean jadanik iragarri diren Espainiako ekoizpenak gaineratu behar zaizkio: Koldo Almandozek (Donostia, 1973) bere bigarren film luzea, Oreina, ekarriko du, lehena, Sipo Phantasma, Zabaltegin aurkeztu eta Rotterdamen estreinatu eta gero; Elías León Siminianik (Santander, Espainia, 1971), Mapa-rekin Goya izendapena eskuratu zuenak, Apuntes para una película de atracos aurkeztuko du; Celia Rico Clavellinoren (Sevilla, 1982) lehenengo film luzeak, Viaje al cuarto de una madre izenekoak, Lola Dueñas eta Anna Castillo ditu protagonista; eta Argentinarekin eta Kubarekin baterako ekoizpena, Para la guerra, Francisco Mariseren (La Plata, Argentina, 1985) lehenengo film luzea da eta Javier Rebollo zinemagileak parte hartu du muntaketan eta ekoizpenean.

Ikusmira Berriak egonaldi programaren lehenengo edizioan parte hartutako Xacio Bañoren Trote eta Federico Veirojen Belmonte filmekin batera beste hiru lan sartu dira Zabaltegi-Tabakalerako programazioko aukeran: Lola Ariasen (Buenos Aires, 1976) Teatro de guerra film luzea, Malvinetako gerrako ingeles eta argentinar beteranoen arteko elkarrizketekin egina, eta bi film labur, Maddi Barberren (Iruña, 1988) 592 metroz goiti, 2018ko Kimuak-en sortakoa, eta Elena López Rieraren (Orihuela, Alacant, 1982) Los que desean, abuztuan Locarnoko zinema-jaialdian lehiatuko dena.

Eta Perlak sailean jakinarazitako Raúl de la Fuente eta Damián Nenow zuzendarien Un día más con vida / Another Day of Life eta Luis Ortegaren El ángel filmei Jaime Rosalesen (Bartzelona, 1970) Petra gehitu zaie, estreinaldia Canneseko aurreko edizioko Errealizadoreen Hamabostaldian izan eta gero. 2008an Tiro en la cabeza lanarekin Urrezko Maskorra lortzeko lehiatu eta Fipresci saria eskuratu zuen Rosalesek. Film honetan, Bárbara Lennie eta Alex Brendemühl ditu protagonista, eta Rosales bera, Clara Roquet eta Michel Gaztambide gidoilari.

 

SAIL OFIZIALA - Lehiaketarako


El reino / The Realm
Rodrigo Sorogoyen  (Espainia - Frantzia)
Antzezleak: Antonio de la Torre, Bárbara Lennie, Mónica López, José María Pou, Nacho Fresneda, Ana Wagener, Luis Zahera

Manuelek, autonomia bateko idazkariorde itzal handikoak, guztia du bere alde estatuko politikarako jauzia egiteko, baina bere bizitza perfektua suntsituko dute filtrazio batzuek, ustelkeria-konplot batean nahasiko baitute bere lagun min Pacorekin batera. Komunikabideak eskandaluaren norainokoaren berri ematen hasten direnean, alderdikoak elkarrengana bildu eta Paco soilik aterako da onik. Manuel erresumatik kanporatuko dute, iritzi publikoak jomugan jarriko du, eta duela ordu gutxi batzuk haren lagun zirenek traizionatu egingo dute. Alderdiak erantzukizun osoa Manuelek har dezala nahi du, baina bera ez dago erortzen den bakarra izateko prest. Emaztearen eta alabaren babesarekin soilik, eta biziraute-espiral batean harrapatuta, Manuelek aurka egin beharko die urte luzez doitutako ustelkeria-mekanismoari eta erregeak amiltzen baina erresumei jarraipena ematen dien alderdi-sistema bati.


Entre dos aguas / Between Two Waters
Isaki Lacuesta  (Espainia)
Antzezleak: Israel Gómez Romero, Francisco José Gómez Romero

Isra eta Cheíto bi anaia ijito dira: Isra drogak trafikatzeagatik espetxeratu zuten eta Cheíto itsas armadako infanterian sartu zen. Isra espetxetik atera eta Cheíto misio luze batetik itzultzen denean, San Fernandoko irlara itzuliko dira. Bi anaiak berriz elkartzeak gogora ekarriko ditu aitaren heriotza bortitzaren oroitzapenak, ia-ia haur zirenean. Hamabi urte igaro dira Lacuestaren La leyenda del tiempo filmetik, Isra eta Cheíto nerabe zirenean. Orain, Isra San Fernandora itzuliko da bere emazte eta alabak berreskuratzeko. Baina nola lortuko du Espainiako langabezia-tasa handiena duen lekuan aurrera ateratzea? Erredentzioa bilatzeak, euren bizitzak ordenatzeko eta elkarrekin bakeak egiteko beharrak, berriz ere batuko ditu Isra eta Cheíto.


Quién te cantará
Carlos Vermut  (Espainia - Frantzia)
Antzezleak: Najwa Nimri, Eva Llorach, Natalia de Molina, Carme Elías

Lila Cassen espainiar abeslari arrakastatsuena zen 90eko hamarkadan, egun batetik bestera misterio handiz desagertu aurretik. Hamar urteren ondoren, eszenatokietara arrakasta handiz itzultzeko prestatzen ari da Lila, baina esperotako eguna baina apur bat lehenago oroimena galduko du istripu batean. Violeta bere alaba Marta gatazkatsuaren mende bizi da. Egunero, errealitateari ihes egiten dio zoriontsu bihurtzen duen gauza bakarra eginez; hau da, lan egiten duen karaokean Lila Cassen itxuratzea. Egun batean, proposamen liluragarria jasoko du Violetak: Lila Casseni irakastea berriz ere Lila Cassen izaten.


Yuli
Icíar Bollaín  (Espainia - Kuba - Erresuma Batua - Alemania)
Antzezleak: Carlos Acosta, Santiago Alfonso, Keyvin Martínez, Edison Manuel Olbera, Laura de la Uz

Yuli filmak Carlos Acosta (bere burua antzezten du) kubatar dantzariaren bizitza kontatzen du, Habanako auzo xumeko hastapenetatik, munduko ballet-konpainia handienetako bateko izar bihurtu arte. Yuli (Carlosen familia-ezizena) gaitasun handiak izan arren dantzari izan nahi ez duen haur bat da. Bere aitak, Pedrok, horretara behartuko du, eta Kubako Ballet Eskola Nazionaleko irakasle eta zuzendari Cherryren tutoretzapean, bere belaunaldiko dantzari onenetako bat bihurtuko da. Hala, tabuak hautsi eta Romeo interpretatzen duen lehenengo dantzari beltza izatera iritsiko da, Londreseko Royal Ballet konpainian, non ibilbide bikaina landu eta bere mitoa eraikiko baitu 17 urtez. Yuli sustraiei eta dantzari buruzko film bat da, eta Carlosek aitarekin, familiarekin eta Kubarekin duen harremanari buruzkoa.Yuli-k artea, bizitza hari emateak eskatzen duen sakrifizioa eta, batez ere, norberaren zerizana ditu hizpide.

 

SAIL OFIZIALA - Lehiaketatik kanpo


© Emilio Pereda /Movistar+
Gigantes
Enrique Urbizu, Jorge Dorado  (Espainia)
Antzezleak: José Coronado, Daniel Grao, Isak Ferriz, Carlos Librado 'Nene', Elisabet Gelabert, Yolanda Torosio, Sofia Oria
Lehiaketatik kanpo

Guerrero anaiek hamarkadaz kontrolatu dute drogaren fluxua, penintsulatik Europara. Orain, euren historiako une garrantzitsuenetako bati egin behar diote aurre. Anaia nagusia, Daniel, espetxetik aterako da hamabost urteren ondoren, familian zuen lekua berriz betetzeko gogoz. Danielek atzean utzitako mundua ez da existitzen jadanik. Aita, Abraham, gaixo dago; anaietako bat, Clemente, desagertu egin da, eta orain erdiko anaiak, Tomásek, kontrolatzen du familiaren negozioa. Guerrero anaien etsai okerrena etxean aurkituko dute, euren baitan. Aitak txakur saldo baten gisan borrokatzeko hezi zituen, bitartekoak axola gabe eta moralezko mugarik gabe, Erraldoi gisa. Anaien arteko gerra azkeneraino iritsiko da. Movistar+ kateko telesail berriaren lehenengo bi kapituluen aurkezpena.

SAIL OFIZIALA - Emanaldi Bereziak


Dantza
Telmo Esnal  (Espainia)
Antzezleak: Amaia Irigoyen, Gari Otamendi, Ainara Ranera, Joseba Astarbe, Josu Garate
Emanaldi Bereziak

Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa. Bizitzaren eta heriotzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Musikak eguneroko zereginei lagunduko die. Bizitza erritmoa da! Gai unibertsalak, hemen sinbologia berezi batez jantziak. Dantza tradizionalen unibertso hipnotikoari dagokiona. Tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat.


Tiempo después / Some Time Later
José Luis Cuerda  (Espainia - Portugal)
Antzezleak: Roberto Álamo, Blanca Suárez, César Sarachu, Miguel Rellán, Daniel Pérez Prada, Manuel Solo, Berto Romero, Arturo Valls, Carlos Areces, Gabino Diego, Antonio de la Torre, María Ballesteros, Pepe Ocio, Miguel Herrán, Raúl Cimas, Joaquín Reyes, Martín Caparrós, Estefanía de los Santos, Nerea Camacho, Andreu Buenafuente, Secun de la Rosa, Javier Bódalo
Emanaldi Bereziak

9177. urtean, mila urte gorabehera –ez baitago zertan busti txikikeria horiek zehazten– Ordezkapen Eraikin batera eta kosmoseko langabe eta gosedun guztiak barnean hartzen dituzten aldiri zikinetara murriztu da mundu osoa –eta egile batzuen arabera, baita unibertsoa ere–. Koitadu horien guztien artean, José Maríak erabakiko du bestelako mundu bat posible dela, zailtasun guztiak gaindituta eta prestatzen duen limoi-edari gozo-gozoa Ordezkapen Eraikinean salduz.

NEW DIRECTORS


Apuntes para una película de atracos / Notes for a Heist Film
León Siminiani  (Espainia)

Elías zinema-zuzendariaren ametsa lapurreta-film bat egitea zen. 2013ko udan albiste bat irakurriko du "Vallecaseko Robin Hood"-en, "estolderiako banda"-ren buruzagiaren, atxiloketari buruz. Orduan, bere ametsa gauzatzeko aukera aurkitu duela sentituko du. Eskutitz bat bidaliko du Robin Hood zigorra betetzen ari den espetxera. Itxura guztien kontra, handik hiru astetara erantzuna jasoko du Elíasek. Robin Hoodek onartu egin du berari bisitan espetxera joatea.


Oreina / The Deer
Koldo Almandoz  (Espainia)
Antzezleak: Laulad Ahmed, Patxi Bisquert, Ramón Agirre, Iraia Elías, Erika Olaizola

Khalil gazte arroztua hiriaren aldirietan bizi da, industrialdea ibaiarekin eta padurarekin elkartzen den lekuan. Khalil ahal bezala ateratzen da aurrera, eta ezkutatutako agure batekin ematen ditu egunak. Agurea ibaiertzean bizi da, anaiarekin, baina urteak dira harekin hitz egin zuenetik. Paduraren ertzean, itsasaldiek markatzen dute amodioaren eta desamodioaren, adiskidetasunaren eta mendekuaren denbora.


Para la guerra / To War
Francisco Marise  (Argentina - Espainia)

Para la guerra filmak kubatar soldadu internazionalista baten oroitzapenak eta bakardadea aztertzen ditu, haren gorputzari eta haren (ez)ohiko keinuei behatuz. Para la Guerra tirorik gabeko gerra-filma da baina zauri bat duena: indar berezietako beterano horrena. Duela 30 urte egindako misiotik bizirik atera ziren komandoko kideen bila ari da.


Viaje al cuarto de una madre / Journey to a Mother's Room
Celia Rico Clavellino  (Espainia - Frantzia)
Antzezleak: Lola Dueñas, Anna Castillo, Pedro Casablanc

Leonorrek etxetik joan nahi du, baina ez da ausartzen amari esaten. Estrellak ez du hura etxetik joaterik nahi, baina ez da gai hura alboan mantentzeko. Bai amak bai alabak aurre egin beharko diote elkarrekiko mundua kolokan duen bizitza-aro berriari.

ZABALTEGI-TABAKALERA


592 metroz goiti / Above 592 metres (Film laburra)
Maddi Barber  (Espainia)
Zinemira Kimuak

Gelditzen al da bizitzeko aukerarik lurralde bat goitik behera aldarazten badute? 1990eko hamarkadan, Nafarroako Pirinioetako maldetan zazpi herri eta hiru erreserba natural urperatu zituzten Itoizko urtegia eraikitzeko. Egun, 592 metroen kotan, lur biluziak marra banatzaile bat marrazten du bailarako paisaian: kota horren azpitik ura dago, eta gainetik, bizitzak aurrera dirau.


Belmonte
Federico Veiroj  (Uruguai - Mexiko - Espainia)
Antzezleak: Gonzalo Delgado, Olivia Molinaro Eijo, Tomás Wahrmann

Gizakia eta haren tolestura eta neurrigabekeriak erretratatzeak pizten du Belmonteren interesa, eta aurki pintura-erakusketa bat egitekoa du Montevideoko Arte Bisualen Museoan, baina denbora gehiago ematen du familian bizi dituen aldaketei buruz pentsatzen: emazte ohia haurdun du beste gizon batekin duen harremanaren ondorioz, eta sumatzen du bere alaba Celesterekin denbora gutxiago igaroko duela haren anaia jaiotzen denean. Norabideari eusteko, Belmontek beharrezkoa du alabarekin egotea, haren bazkaria prestatzea, eskolara laguntzea eta, batez ere, bere barne-mundua harekin partekatzen hastea, kezkak ezkutatu gabe, helduen berezko kezkak izan arren.


Los que desean / Those Who Desire (Film laburra)
Elena López Riera  (Suitza - Espainia)

Espainia hegoaldean, eskuz margotutako usakumeen lasterketa bitxi batek ez dio azkarrenari emango saria, ezpada uso emea limurtu eta harekin batera luzaroen hegan egiten duenari.


Teatro de guerra / Theatre of War
Lola Arias  (Argentina - Espainia - Alemania)
Antzezleak: Lou Armour, David Jackson, Rubén Otero, Sukrim Rai, Gabriel Sagastume, Marcelo Vallejo

1982an, Argentina eta Britainia Handia Malvinetako Gerran borrokatu ziren. Britainiar armadaren garaipenarekin eta bi mila hildako ingururekin amaitu zen gerra. Aspaldi gertatu zen gatazka, baina irlen subiranotasunak eztabaidan jarraitzen du oraindik. Teatro de guerra-k Malvinetako Gerrako sei beterano bildu ditu filma egiteko. Gatazkaz geroztik ia 35 urte igaro direnean, hiru ingeles eta hiru argentinar beteranok hilabeteak eman dituzte gerrari buruzko oroitzapenak berreraikitzen. Film honek gizarte-esperimentu bat dokumentatzen du, hain zuzen, zer den behinolako gerra-etsaiekin arte-proiektu bat egitea: protagonistak aurkitzeko entzunaldiak, haiekin egindako lehenengo bilerak eta izandako lehen elkarrizketak, eta haien oroitzapenak eszenan birsortzea askotariko espazioetan: igerileku batean, eraikuntza-obra batean, erregimentu militar batean. Filmeko eszena guztiak benetakoak eta artifizialak dira aldi berean.


Trote / Trot
Xacio Baño  (Espainia - Lituania)
Antzezleak: María Vázquez, Celso Bugallo, Diego Anido, Tamara Canosa
Ikusmira Berriak I

"Norbaiten alaba". "Norbaiten arreba". Carme gurasoekin bizi da, Galiziako barnealdeko mendietako herrixka batean. Ia-ia ez da komunikatzen bere aita Ramónekin eta ama gaixo du. Okindegi batean lan egiten du eta giro itogarri horretatik ihes egiteko beharrean dago, baina egoera dela-eta inoiz ezin izan du pauso hori eman. Trostan ibiltzea. Ihes egitea. "Rapa das Bestas" festa, gizon eta zaldi arteko aspaldiko borroka, ospatzen den asteburuan girotuta dago Trote. Herrixka festarako prestatzen hasi da. Luís, Carmeren anaia nagusia, familiaren etxera itzuliko da egun batzuetarako, bere bikotekide Maríarekin. Trote gizakiaren eta zaldiaren, arrazoiaren eta senaren, arteko borroka da.

PERLAK


El Ángel / The Angel
Luis Ortega  (Argentina - Espainia)
Antzezleak: Lorenzo Ferro, Chino Darín, Mercedes Morán, Daniel Fanego, Luis Gnecco, Peter Lanzani, Cecilia Roth

Hamazazpi urteko Carlitos gazteak zinema-izar baten ospea, ile-hori kizkurra eta ume-aurpegia ditu. Txikitan besteren gauzak gutiziatzen zituen, baina egiaz nerabe goiztiar zenean azaleratu zen haren benetako bokazioa: lapurra izatea. Eskola berrian Ramón ezagutzen duenean, berehala xarmatuta geratuko da Carlitos eta haren arreta erakartzeko harrokeriatan hasiko da. Elkarrekin, aurkikuntza, amodio eta krimenezko bidaia bati ekingo diote. Sarraskia bortizkeriaren ausazko ondorio bat da, besterik gabe, eta areagotuz joango da azkenean Carlitos atxilotzen duten arte. Aingeru-itxura duenez, "Heriotzaren aingeru" izena jarriko dio prentsak Carlitosi. Ederra izateagatik arreta handia jaso, eta gauetik goizera ospetsu bihurtuko da. Guztira, berrogei lapurreta baino gehiago eta hamaika hilketa egin zituela uste da. Gaur egun, berrogeita bost urte baino gehiago daramatza Carlos Robledo Puch espetxean eta Argentinako historian preso denbora gehien eman duen atxiloa da.


Un día más con vida / Another Day of Life
Raúl De la Fuente, Damian Nenow  (Espainia - Polonia - Belgika - Alemania)
Antzezleak: Carlota, Comandante Farrusco

Kapuscinski poloniar berriemaile bat da, idealista eta alferrikako kausen zalea. 1975ean Angolara, Gerra Hotzaren azken gudu-zelaira, bidaiatuko du. Han, okerreko agurrak ere ordain daitezke biziaz. Afrikako herrialdeak eta bere abenturan ezagutuko dituen pertsonek –adibidez, Carlota gerrillari karismaduna– betirako aldatuko dute Kapuscinski. Ilunaren bihotzera egindako bidaia horrek idazle bihurtuko du kazetaria.


© Quim Vives
Petra
Jaime Rosales  (Espainia - Frantzia - Danimarka)
Antzezleak: Bárbara Lennie, Alex Brendemühl, Joan Botey, Marisa Paredes, Petra Martínez, Carme Pla, Oriol Pla, Chema del Barco, Natalie Madueño

Petrak ez daki zein den bere aita, bizitza osoan zehar ezkutatu diote. Amaren heriotzaren ondoren bila hasi, eta Jaume aurkituko du, artista plastiko ospetsu, boteretsu eta bihozgabea. Egia ezagutzeko bidean, Jaumeren seme Lucasekin eta Jaumeren emazte eta Lucasen ama Marisarekin harremanetan jarriko da Petra. Une horretatik aurrera, guztiak mugaraino eramango dituen gaiztakeria, familia-sekretu eta indarkeria espiral batean korapilatuko da pertsonaia horien historia. Halabeharrak erabat aldatuko du bere logika krudelaren norabidea, itxaropenerako eta erredentziorako bidea zabalduz.


Filmen bereizmen handiko irudiak
Aurkezpenaren bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea