tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Muriel Box zuzendari eta gidoilari britainiarrari buruzko atzera begirakoak 66. Donostia Zinemaldian beraren film luze guztiak ikusteko aukera emango du
Muriel Box zuzendari eta gidoilari britainiarrari buruzko atzera begirakoak 66. Donostia Zinemaldian beraren film luze guztiak ikusteko aukera emango du
Osteguna, 2018(e)ko abuztuaren 2

Donostia Zinemaldiko 66. edizioaren atzera begirakoak Muriel Box-ek idatzi eta zuzendu zituen 28 film luzeak eskainiko ditu.

Boxen (Surrey, Ingalaterra, 1905- Londres, 1991) obraren ezaugarri nagusia –1945 eta 1964 artean garatu zuen, hala zinema-zuzendari nola idazle gisa– gai konplexuak eta galaraziak tratatzea izan zen –prostituzioa, adingabeen abusuak, abortua, seme-alaba ez-legitimoak edo nerabeen arteko sexua–, eta aparteko buru-argitasunez eta ausardiaz tratatu ere, filmak zer-nolako testuinguru sozial eta politikotan egin ziren kontuan hartzen badugu. Zuzendari honek gai horietan egindako ekarpena funtsezkoa da berrogeita hamarreko hamarkadako eta hirurogeikoaren lehen erdiko zinema ingelesean.

Dorothy Arzner –atzera begirako bat eskaini zitzaion 2014ko Donostia Zinemaldian– eta Ida Lupino estatubatuarren kasuan bezala, haren filmografia berrikustea funtsezkoa dirudi gaur egun, diskurtso feminista batetik emakumezko errealizadoreek hainbat testuingurutan eta zinematografiatan jokatu duten rol garrantzitsua aldarrikatzeko. Zinemazaleen artean nolabaiteko prestigioa duen arren, azterlan gutxi egin dira bere obrari buruz, eta haren inguruko aipamen labur batzuk baizik ez dira jaso zinemaren historia orokorrean.

Muriel Box zinema independentearen kanonetan sailka daiteke, nahiz eta genero klasikoetako gaiak landu zituen, hala nola melodrama, komedia, poliziakoa edo zinema historikoa. Haren lana, zinema-zuzendari gisa, zinema britainiarraren aldaketa-aro batean kokatzen da: ordukoak dira Ealing produkzio-etxearen komediak, beste zinemagile independente batzuen lanak –Michael Powell eta Emeric Pressburger, esaterako– eta lan dokumental kritikoen jaiotza, gero Free Cinema bilakatuko zena.

1905eko irailaren 22an jaio zen New Malden-en (Surrey), Violette Muriel Baker izenarekin, eta script modura hasi zen zinemaren munduan. 1935ean Sydney Box idazlearekin ezkondu zen eta, bien artean, handik bost urtera, Verity Films produkzio-etxea sortuko zuten, gerra-propagandarako film laburrak finantzatzeko xedearekin, Bigarren Mundu Gerran. Sydneyren arreba, Betty Box –1950eko hamarkadako ekoizle ingeles eraginkorrenetako bat– lankide izan zuten. Murielek The English Inn (1941) film laburra egin zuen Verityrako.

Hainbat antzezlan idatzi zituen, senarrarekin batera, antzeztalde amateurrentzat. Gerra ostean, senarra Gainsborough Pictures-eko zuzendari egin zutenean, Muriel gidoigintza saileko arduradun izatera pasatu zen eta The Lost People (1949) gerraondoko drama zuzendu zuen. Bernard Knowles hasi zen aipatutako filma zuzentzen, baina Murielek osatu zuen metrajearen ehuneko hirurogei. Filma Alemaniako antzoki batean dago kokatua, non bi soldadu britainiarrek hainbat iheslari zaintzen baitituzte.

1951n, Sydneyk London Independent Producers konpainia sortu zuen, eta bertan Murielek garai hartan ongi ikusiak ez zeuden –ez zineman eta ez britainiar gizartean– hainbat gai tratatu zituen, ia beti Murielek berak eta senarrak idatzitako gidoiekin. Egile-begiradaren eta genero-zinemaren arteko nahasketa batetik abiatuta lan egin zuen, eta horixe da, hain zuzen, haren bereizgarri nagusietako bat. Pribilegio batzuk izan bazituen ere, zinema-industriako hainbat aurreiritzi maskulinori –eta femeninori– aurre egin behar izan zien: aurreko urtean Jean Simmons aktoreak ahaleginak egin zituen Murielek ez zezan So Long at the Fair (1950) filma zuzendu eta, azkenean, Terence Fisher-ek eta Anthony Darnborough-ek zuzendu zuten. Muriel Box erraz adoregabetzen zen zuzendaria zen, dirudienez, baina, era berean, goranahia, nekaezina eta saiatua ere bazen.

14 film luze zuzendu zituen 1949 eta 1964 artean –baita labur bat ere–. Horien artean, sexuen arteko gerraren inguruko komedia erromantiko bitxiak nabarmentzen dira: To Dorothy a Son (1954), Shelley Winters protagonista duena eta pertsonaia batzuek herentzia bat kobratzeko dituzten gorabeherak ardatz dituena; Simon and Laura (1955), Peter Finch-ek eta Kay Kendall-ek errealitatean bikotekide diren bi aktoreren rola jokatzen dute eta BBCko programa baten protagonista bihurtzen dira; The Passionate Stranger (1957), Ralph Richardsonek txofer baten papera egiten du, eta bere ugazabandrearen –Margaret Leighton– ideia oker bat osatzen du, hark idatzitako eleberri erotiko bat irakurri ostean; The Truth About Women (1957), Laurence Harveyk antzeztutako pertsonaiak hainbat kontinentetan izan dituen maitasun-istorio koloretsu eta exotikoak birbizitzen ditu; eta Rattle of a Simple Man (1964), zuzendariaren azken filma, non futbolzale barnekoi baten eta prostituta baten arteko harremana kontatzen baita.

Dramaren arloan ere titulu distiratsuak ditu: The Beachcomber (1954), W. Somerset Maugham-ek alkoholari, erlijioari, puritanismoari eta epidemiei buruz idatzitako obra klasiko baten egokitzapena; This Other Eden (1959), non Irlandako gaia jorratu baitzuen, IRAko kide bati estatua bat egin nahi dioten hiri txiki bateko tentsioak kontatzearen bitartez; eta Too Young to Love (1960), adingabeen prostituzio eta abortuaren inguruko istorio bat, Estatu Batuetako epaitegi batean girotua, Thomas Mitchell-ek interpretatzen duelarik epaile beteranoaren papera. Kontakizun kriminal bitxiak ere filmatu zituen: Street Corner (1953), emakume polizia baten eguneroko lanari buruzkoa, erdi-dokumental gisa kontatua; Eyewitness (1956), non emakume batek hilketa bat ikusten duen zinema-areto batean, gero autobus batek harrapatzen duen eta, ospitalean, kriminalek jazartzen duten; eta Subway in the Sky (1959), gerraondoko Berlinen girotua eta Van Johnson eta Hildegarde Knef protagonista dituena.

1946an, Murielek jatorrizko gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen, senarrarekin batera idatzitako The Seventh Veil filmagatik, zeina Compton Bennettek zuzendu baitzuen. Bera izan zen gidoi onenaren Oscar saria irabazi zuen bigarren emakumezkoa, Frances Marion-en ondoren (bi aldiz irabazi zuen azken horrek, 1930ean eta 1932an). Errealizaziora igaro aurretik, gidoilari edo ekoizle gisa, berrogei eta berrogeita hamarreko hamarkadetako zuzendari ospetsu askoren filmetan parte hartu zuen, besteak beste, Terence Fisher, Compton Bennett eta David MacDonald-enetan.

Zikloa zuzendariari buruzko liburu baten argitalpenarekin osatuko da; Quim Casas-ek eta Ana Cristina Iriartek koordinatua, Rachel Cooke, Hanna McGill, Eulàlia Iglesias eta Carlos Losillak parte hartuko dute bertan, beste egile batzuen artean.

Ziklo hau Espainiako Zinematekarekin batera dago antolatuta, Lyoneko Lumière zinema-jaialdiaren, Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekaren, Euskadiko Filmategiaren eta San Telmo Museoaren lankidetzarekin.

Behin Donostia Zinemaldian proiektatu ondoren, atzera begirakoa Espainiako Zinematekan, Madrilen, Lumière zinema-jaialdian, Lyonen, eta Valentziako Kultur Institutuaren Filmotekan ikusi ahal izango da, hurrengo urrian eta azaroan.

 

© British Film Institute
29, Acacia Avenue
Henry Cass  (Erresuma Batua)  1945
Antzezleak: Gordon Harker, Betty Balfour, Jimmy Hanley, Carla Lehmann, Hubert Gregg

Robinson senar-emazteek –adin ertaineko britainiar bikote bat– Mediterraneoan zehar itsas bidaia egiteko asmoa dute. Seme-alabek haiekin joateari uko egiten diotenean, Britainia Handiko hondartza batera joateko erabakia hartuko dute. Espero baino lehen itzultzen direnean, "probako ezkontza" batean aurkituko dute alaba, eta ezkondutako emakume batekin maite-kontuetan semea.


The Seventh Veil
Compton Bennett  (Erresuma Batua)  1945
Antzezleak: James Mason, Ann Todd, Herbert Lom, Hugh McDermott, Albert Lieven

Suizidio-ahalegin baten ondoren, Francesca Cunningham, mundu osoan ospetsua den piano-jotzaile bat, Larsen doktorearen eskuetan jarriko da tratamendu psikologikoa jasotzeko. Haren subkontzientean barneratuko da doktorea, gaur egungo egoerara zerk eta nork eraman duten jakiteko. Francescak aurre egin beharko die Nicholas menderatzaileak, haren tutore eta musika-mentoreak, pizten dizkion sentimenduei.


A Girl in a Million
Francis Searle  (Erresuma Batua)  1946
Antzezleak: Hugh Williams, Joan Greenwood, Basil Radford, Naunton Wayne, Eileen Joyce

Asmatzaile gazte bat bere emazte itogarriarengandik dibortziatuko da eta, emakumeak saihesteko, gizonez soilik osatutako Gerra Bulegoko departamentu urrun batean aurkituko du enplegua. Gayk, koronelaren alabak, haren bakea aztoratuko du; neskak trauma osteko estresa du eta ezin du hitz egin. Asmatzailea liluratuta geratuko da harekin, baita emazte ohi hiztunarekin konparatuta ikusten dion aldearekin. Laster harekin maitemindu, eta ezkondu egingo dira. Hala ere, ezkondutakoan, beste kommozio bat izango du Gayk eta hitz egiteko gaitasuna berreskuratuko du.


The Years Between
Compton Bennett  (Erresuma Batua)  1946
Antzezleak: Michael Redgrave, Valerie Hobson, Flora Robson, James McKechnie, Felix Aylmer

Gerran hildakotzat jotako britainiar ofizial bat, Parlamentuko kidea bera, familiarekin etxera itzuliko da ustekabean. Emaztea berriz ezkontzear da, baita Komunen Ganberan haren aulkia betetzear ere, eta guztiek moldatu beharko dute egoera berrira.


Dear Murderer
Arthur Crabtree  (Erresuma Batua)  1947
Antzezleak: Eric Portman, Greta Gynt, Dennis Price, Jack Warner, Maxwell Reed

Lee Warren atzerrira egindako bidaia batetik itzuliko da, eta Vivien emaztea desleiala izan zaiolako probak aurkituko ditu; beraz, haren maitalea nor den aurkitu, hura akabatu, eta suizidioa izan delako itxurak egingo ditu. Baina hura hil orduko, harremana eten zutela eta emazteak beste maitale bat duela jakingo du. Beraz, maitale berria erruztatzen saiatuko da poliziaren susmoak berarengandik aldentzeko.


Holiday Camp
Kenneth Annakin  (Erresuma Batua)  1947
Antzezleak: Flora Robson, Dennis Price, Jack Warner, Hazel Court, Emrys Jones

Huggett familia kanpaleku batera joango da oporretan, eta jende ugari ezagutuko du han: gazte haurdun bat eta haren mutil-laguna, jokalari talde bat, hurrengo biktimaren bila ari den hiltzaile bat, senar bila ari den emakume ezkongabe bat, eta ama ezindua zaintzen urteak eman ondoren lehenengo aldiz oporretan den adin ertaineko andrea.


© AF archive / Alamy Stock Photo
The Brothers
David MacDonald  (Erresuma Batua)  1947
Antzezleak: Patricia Roc, Will Fyffe, Maxwell Reed, Finlay Currie, Duncan Macrae

Mary Lawson eskoziar umezurtza Skye irlara iritsiko da Macrae sendiaren etxean neskame aritzeko. Mary bertan egoteak Macrae eta McFarish klanen arteko liskar zaharra areagotuko du, eta Macrae klaneko bi anaien artean boterea lortzeko borroka piztuko da.


© AF archive / Alamy Stock Photo
The Man Within
Bernard Knowles  (Erresuma Batua)  1947
Antzezleak: Michael Redgrave, Jean Kent, Joan Greenwood, Richard Attenborough, Francis L. Sullivan

Carlyon, XIX. mendeko kontrabandista, Andrews marinelaren tutorea da. Tutoreak ezarritako diziplina zorrotza dela eta, jazarrita sentitzen da Andrews; beraz, Carlyonen itsasontziko tripulazioa salduko du, eta kontrabandista batzuek espetxean amaituko dute. Carlyonek alde egingo du, ordea, eta Andrews bilatzeari ekingo dio. Andrews Elizabeth izeneko neskato baten etxean gordeko da, eta auzitegian kontrabandisten aurkako testigantza emateko eskatuko dio hark.


Easy Money
Bernard Knowles  (Erresuma Batua)  1948
Antzezleak: Jack Warner, Marjorie Fielding, Yvonne Owen, Jack Watling, Petula Clark

Filma lau ataletan banatuta dago, eta kinieletan dirutza irabazteak lau pertsona mota desberdinen gain zer eragin duen jorratzen du bakoitzak. Familia zoriontsua zoritxarreko bihurtuko da, antza denez kinielarik egin ez zutela jakin arte. Langile lasai batek ez du jakingo nola esan bere buruzagi autoritarioari badoala. Kontrabaxu-jotzaile batek utzitako orkestraren falta nabariko du eta beste batzuk delitugile bihurtuko dira.


Daybreak
Compton Bennett  (Erresuma Batua)  1948
Antzezleak: Ann Todd, Eric Portman, Maxwell Reed, Edward Rigby, Bill Owen

Eddie borrero dabil, berea ez den izen bat erabilita, eta bigarren lan hori ezkutatuko du ezkondu eta emaztearekin Tamesis ibaiko gabarra batean bizitzen hasten denean. Bertan, gabarra-negozio bat zuzentzen du. Tragediak gogor astinduko du, ordea, Eddieren laguntzaile Olaf haren emaztea limurtzen saiatzen denean, eta bi gizonen arteko liskar batean itxuraz itota hilko da borreroa. Emazteak bere buruaz beste egingo du, eta Olaf urkamendira zigortuko dute. 


© British Film Institute
Good-Time Girl
David MacDonald  (Erresuma Batua)  1948
Antzezleak: Jean Kent, Dennis Price, Flora Robson, Griffith Jones, Herbert Lom

Filmaren hasieran, Lyla Lawrence nerabe arazotsuari aholkuak ematen ari zaizkio Thorpe andereñoa, adingabeen auzitegiko burua. Thorpe andereñoak esaten dio Gwen Rawlingsen antzeko hastapenak dituela haren bizitzak. Gwen beti okerreko jendearekin elkartzen zen nerabe bat zen. Aitak ere jipoitzen zuen; beraz, etxetik alde egin eta arazoetan sartu zen. Erreformatorioan hiru urte igarotzera zigortu zuten.


The Blind Goddess
Harold French  (Erresuma Batua)  1948
Antzezleak: Eric Portman, Anne Crawford, Hugh Williams, Michael Denison, Nora Swinburne

Lagun bati esker, bere nagusia (laguntza humanitarioko nazioarteko erakundeko administratzailea) funtsak erabilera pribaturako desbideratzen aritu dela jakingo du Lord Brasteden idazkari pribatuak. Gorabehera ugariren ondoren, delitua argitara ateratzea lortuko du.


© British Film Institute
Christopher Columbus
David MacDonald  (Erresuma Batua)  1949
Antzezleak: Fredric March, Florence Eldridge, Francis L. Sullivan, Kathleen Ryan, Derek Bond

Elisabet erreginaren aitor-entzule ohiaren gutun bati esker, Espainiako gortean sartzea lortuko du Kristobal Kolonek, eta agintariak konbentzitzen saiatuko da han, mendebalderantz nabigatuz Ekialde Urrunera iristeko plana babestu dezaten. Gorteko azpikeriak gainditu, eta haren plana praktikoa dela sinestaraziko dio erreginari.


Portrait from Life
Terence Fisher  (Erresuma Batua)  1949
Antzezleak: Mai Zetterling, Robert Beatty, Guy Rolfe, Herbert Lom, Patrick Holt

Alemaniar irakasle batek alabaren berdin-berdina den neska baten erretratua ikusiko du arte-galeria batean. Ustez, gerra garaian hil zen haren alaba. Neskak amnesia du, eta bilatutako gerra-kriminal baten babespean bizi da Europan. Alemania okupatuan dagoen Britainia Handiko armadako maior batek ahaleginak egingo ditu burokrazian eta espioi-konspirazio batean zehar aurrera egin eta neskatxa salbatzeko.


© AF archive / Alamy Stock Photo
The Lost People
Muriel Box, Bernard Knowles  (Erresuma Batua)  1949
Antzezleak: Dennis Price, Mai Zetterling, Richard Attenborough, Siobhan McKenna, Maxwell Reed

Bigarren Mundu gerraren ostean, bortxazko laneko eta kontzentrazio-esparruetako lekualdatu batzuk beren herrialdeetara itzultzeko zain daude, Alemanian, britainiar soldaduek zaindutako antzoki batean. Baina, zenbait urtez faxismoari aurka egiteko elkartu ondoren, liskarrak sortuko dira lekualdatuen artean: serbiarrak kroaziarren aurka, poloniarrak errusiarren aurka, erresistentziako kideak kolaborazionisten aurka, eta guztiak juduen aurka. Jan eta Lily elkarrekin maiteminduko dira eta ezkontzeko erabakia hartuko dute. 


The Happy Family
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1952
Antzezleak: Stanley Holloway, Kathleen Harrison, Naunton Wayne, Dandy Nichols, John Stratton

Lord familia –senarra, emaztea eta seme-alabak– Britainia Handiko jaialdirako eraikitzen ari diren auditoriumetik gertu dagoen fruta-denda baten jabea da. Lillian Lord arduratzen da dendaz, eta senarra, Henry, erretiratzear dagoen tren-gidari bat da. Egun batean, diseinatzaileen akats bat dela-eta denda eta etxea eraitsi behar direla esango dio Filch izeneko goi-funtzionarioak Lord familiari; izan ere, kale bat eraiki behar da. Dena dela, diru-ordaina jasoko dutela eta beste etxe batera lekualdatuko direla ziurtatuko die. 


© AF archive / Alamy Stock Photo
Street Corner
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1953
Antzezleak: Anne Crawford, Peggy Cummins, Rosamund John, Terence Morgan, Barbara Murray

Eguneroko lana eta emakumezko polizien errutina, hiru istorio harturik ardatz. Lehenengoan, denda batean lapurtzeagatik atxilotutako 18 urteko neska bat da protagonista; bigarrenean, armadako desertore bat, bigamia kasu batean nahasia; eta, hirugarrenean, aitak eta amaordeak gaizki tratatutako haurtxo bat, poliziaren lanari esker berriz ere amarekin elkartu ahal izango dena.


© AF archive / Alamy Stock Photo
The Beachcomber
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1954
Antzezleak: Glynis Johns, Robert Newton, Donald Sinden, Paul Rogers, Donald Pleasence

Gray jauna Welcome irletako britainiar biztanle berria da. Han hiru europar daude soilik: Martha eta Owen Jones anaia-arreba misiolariak eta Ted Ohoragarria, gizarteak baztertutako mozkorra, Ingalaterrako familiak haiengandik urruti bizitzeko ordaintzen duena. Irlak koleraren mehatxupean erortzen direnean, Marthak eta Tedek elkarlanean jardun beharko dute eta ahalegin guztiak egin beharko dituzte hedatu ez dadin. 


To Dorothy a Son
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1954
Antzezleak: Shelley Winters, John Gregson, Peggy Cummins, Wilfrid Hyde-White, Mona Washbourne

Osabaren bi milioiko herentzia jasotzeko, Estatu Batuetako emakume batek Britainia Handira bidaiatuko du bere senar ohiak seme-alaba gehiago izatea eragozteko. Izan ere, senar ohiak data jakin baten aurretik semerik ez badu jasoko du emakumeak dirua. Baina senar ohiaren emazte berria haurdun dago.


© AF archive / Alamy Stock Photo
Simon and Laura
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1955
Antzezleak: Peter Finch, Kay Kendall, Muriel Pavlow, Hubert Gregg, Maurice Denham

Ekoizle bati ideia bat bururatuko zaio 50eko hamarkadan: familia-telesail bat egitea, bizitza errealean zoriontsu bizi den aktore bikote bat harturik oinarri. Foster senar-emazteak aukeratuko ditu, eta dirua behar dutenez programa egitea onartuko dute, baina egiaz, ez dira inondik inora zoriontsu.


© AF archive / Alamy Stock Photo
Eyewitness
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1956
Antzezleak: Donald Sinden, Muriel Pavlow, Belinda Lee, Nigel Stock, Michael Craig

Lucyk senarrarekin liskarra izan eta etxetik alde egingo du. Zinemara joango da, eta, han, kutxa gotorra lapurtzean gerentea hiltzen ikusiko ditu bi delitugile. Lapurrengandik ihes egiteko premian autobus batek kolpekatuko du eta bertako ospitalera eramango dute. Bi delitugileak atzetik ditu, hura hiltzeko aukeraren zain, horrela erditik kendu ahal izango baitute euren eta hilketaren arteko lotura ezar dezakeen pertsona bakarra.


© Cinémathèque Suisse
The Passionate Stranger
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1957
Antzezleak: Ralph Richardson, Margaret Leighton, Patricia Dainton, Carlo Justini, Ada Reeve

Eleberrigile batek dama baten eta haren italiar gidariaren arteko maite-harremanari buruz idatziko du. Haren italiar gidariak eskuizkribua aurkitzen duenean, bere ondorioak aterako ditu.


© Cinémathèque Suisse
The Truth About Women
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1957
Antzezleak: Laurence Harvey, Julie Harris, Diane Cilento, Mai Zetterling, Eva Gabor

Sir Humphrey Tavistock-ek maite izan dituen emakumeekin izandako harremanen berri emango dio suhiari, hura ez baita gai, ez emaztea, ez oro har emakumeak ulertzeko, eta haiek estimatzen lagundu nahi dio.


© Cinémathèque Suisse
Subway in the Sky
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1959
Antzezleak: Van Johnson, Hildegarde Neff, Albert Lieven, Cec Linder, Katherine Kath

Berlinen, armadako sendagile bati sendagaiak legez kanpo saltzea leporatuko diote, egia izan ez arren. Errugabea dela frogatzea erabaki, eta ihes egingo dio polizia militarrari. Emazteak Lilli Hoffman kabaret-abeslariari alokatzen dion pisuan gordeko da sendagilea, eta errugabea dela frogatzeko lagundu diezaion konbentzituko du.


© AF archive / Alamy Stock Photo
This Other Eden
Muriel Box  (Irlanda)  1959
Antzezleak: Audrey Dalton, Leslie Phillips, Niall MacGinnis, Geoffrey Golden, Norman Rodway

Irlandako gerra zibilaren legatu traumatikoa aztertzen du filmak. Irlandako hirixka batean, estatua bat jaso nahi dute Irlandako Independentzia Gerran hil den Irlandar Armada Errepublikanoko gizon baten ohoretan, baina erreboltaria hil zuen koronelaren semea aurka agertuko da.


© Cinémathèque Suisse
Too Young to Love
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1960
Antzezleak: Thomas Mitchell, Pauline Hahn, Joan Miller, Austin Willis, Alan Gifford

Nerabe bati etxean gizon helduak hartzea leporatuko dio bizilagun batek. Adingabeen auzitegira eramango dute, eta han epaile atsegin eta ulerkorra aurkituko du buruan. Neskatoak bere istorioa kontatuko dio. Gurasoengandik arretarik eta orientaziorik jasotzen ez duenez, lagun txarrekin elkartu, eta marinel batekin amodio-kontuetan ibili ondoren abortua izan du. Azkenean, prostituzioa dela-eta atxilotuta amaituko du.


The Piper’s Tune
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1962
Antzezleak: Mavis Ranson, Roberta Tovey, Angela White, Malcolm Ranson, Brian Wills

Gerra napoleonikoetan, errefuxiatutako haur talde batek Pirinioetan zeharko ihesbidean laguntzen du, baina arazoa planteatuko zaie haien segurtasunerako arriskutsua den etsai zauritu bat agertzen denean: salbatu beharko al lukete?


© Cinémathèque Suisse
Rattle of a Simple Man
Muriel Box  (Erresuma Batua)  1964
Antzezleak: Harry H. Corbett, Diane Cilento, Thora Hird, Michael Medwin, Charles Dyer

Percy Winthram Manchesterretik Londresera joango da futbol-koparen finala ikusteko. Partidaren ondoren, Sohoko strip-tease klub batera joango da kideekin. Percy gizon xalo eta lotsatia da. Lagun batek apustua botako dio: ezetz eraman ilehori bat etxera gaua harekin emateko. Percyk onartu egingo du. Ilehoriak, Cyrennek, guztia entzun du eta berak ere baietz esango du. Cyrennek bere jatorri aristokratikoei buruz hitz egingo dio, eta, Percyk, txundituta, harro hitz egingo dio bere konkistei buruz. Pixkanaka, haien arteko konfiantza eta maitasuna areagotuko da. 

Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea