tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Argentina, Kanada, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Japonia eta Singapurreko zazpi ekoizpen, Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menuan
Argentina, Kanada, Hego Korea, Espainia, Frantzia, Japonia eta Singapurreko zazpi ekoizpen, Culinary Zinema sailaren zortzigarren edizioko menuan
Gastronomia eta zinema lotzen dituen Donostia Zinemaldiko saila Basque Culinary Centerrekin batera eta Berlingo zinema-jaialdiarekin elkarlanean antolatzen da
Asteazkena, 2018(e)ko abuztuaren 29

Culinary Zinema, zinema eta gastronomia uztartzen dituen Donostia Zinemaldiko saila, zazpi filmek osatuko dute zortzigarren urtean. Askotariko gaiak jorratuko dituzte: familia-jatetxeetan inspiratutako istorioak, artearen eta gastronomiaren arteko fusioa, oliba-olioaren kultura, emakumezko sukaldariek aurre egin beharreko zailtasunak, hiri handitik jaioterrira itzultzea, norberaren jatorriak bilatzea eta enpresa-abentura bati ekitea.

Miguel Ángel Jiménezek –Khorosho (Todo bien, Zinemira 2010) eta Kafenio Kastello (Kimuak 2018) film laburren eta Ori (Zuzendari Berriak 2009) eta Chaika (Zuzendari Berriak 2012) film luzeen egileak– bi Michelin izardun L'Escaleta jatetxearen atzealdeko bizimodua jaso du Y en cada lenteja un Dios filmean.

Ander Iriarteren (Echevarriatik Etxeberriara) eta Aitor Bereziartuaren Bihar dok 13 filmak Gaur eta Ez Dok Amairu mugimenduekin aurrez aurre jarriko ditu Basque Culinary Centerreko zenbait ikasle. Duela 50 urte, euskal arte eta musikagintzaren ikuspegia berritu zuten mugimenduok; orain, artelan batean inspiratutako plater bat birsortu beharko du ikasle bakoitzak.

Ramen Shop, Eric Khoo zuzendariaren fikzio-filma, Singapurrerako bidaia pertsonal eta gastronomiko bati ekingo dion ramen-sukaldari gazte batek protagonizatzen du. Khook Canneseko lehiaketa ofizialean (My Magic, 2008) eta Un Certain Regard sailean (Tsatumi, 2011) aurkeztu ditu bere aurreko filmak, eta Berlinaleko Culinary Cinema sailean aurkeztu zuen Ramen Shop. 2014an Recipe (Culinary Zinema) aurkeztu zuen Zinemaldian eta Epaimahai Ofizialeko kide izan zen, eta 2015ean berriz itzuli zen In the Room (Zabaltegi) eta Wanton Mee (Culinary Zinema) aurkeztera.

Soon-rye Yim zinemagilea aski ezaguna da bere herrialdean. Hego Koreako Little Forest ekoizpenerako, hiri handian amodio- eta lan-arazoz estuturik bat-batean jaioterrira itzultzea erabakiko duen gazte bat hartu du ardatz.

Un instante en la vida ajena (2003) filmarekin dokumental onenaren eta Iberia-rekin argazkilaritza onenaren Goya sariak jaso ondoren, José Luis López-Linaresek Picual olibaren iraultza jaso du Jaén, Virgen & Extra filmean. Jaéngo oliba enblematikoena izanagatik ere, historikoki ez zaio oso balio handia eman izan.

Aldiz, The Heat: A Kitchen (R)evolution filmean, jatetxeen buruan aitzindari izan diren emakumezko sukaldarien fenomenoa aztertu du Maya Gallus zinemagileak, besteak beste, Anne-Sophie Pic eta Angela Hartnett-ekin. Iaz, 2017an, Gallusi atzera begirakoa eskaini zion Hot Docs zinema-jaialdiak, eta aurten film horrek eman dio hasiera jaialdiari.

Urtez telebistako formatuetan aritu eta gero (adibidez, Caiga quien caiga programarekin), Alfred Oliverik Germán Martitegui argentinar sukaldari entzutetsuaren eta haren lantaldearen abentura irudikatu du bere lehen film luzean, Tegui: Un asunto de familia-n, 40 egunez euren jatetxea itxi eta hutsetik hasita Andeetako mendikatean beste bat irekitzen dutenean.

Proiekzio eta afarietarako baterako txartelak irailaren 3an jarriko dira salgai, 9:00etan, 70 euroan. Zinemaldiaren eta Kutxabanken web-orrien bitartez erosi ahalko dira. Filmak soilik ikusteko sarrerak datorren irailaren 16an jarriko dira salgai, 7,90 euroko prezioan.

Culinary Zinema sailaren babeslea Nespresso da.

 
Filmak
Irailak 22:

Tegui: Un asunto de familia / Tegui: A Family Affair
Alfred Oliveri  (Argentina)
Antzezleak: Germán Martitegui
Inaugurazioa

Batzuentzat, oraindik ere grina-kontua da gastronomia. Gero eta asmo handiagoko sormen-erronkei aurre egitea da. Eta maitasuna da, bai lanbidearekiko, bai abenturetan bidaide dugun jende-taldearekiko, ia-ia egiazko familia balira bezala sentitu arte. Horixe da Germán Martiteguiren kasua: askoren ustez, Argentinako sukaldari onena, Latinoamerikako hamargarrena. Bere jatetxe Tegui-ren hamargarren urteurrenean, hura itxi eta bere 22 kideko lantalde osoarekin (familia) Andeetako mendilerroaren aurrera joatea erabakiko du, esperientzia paregabe eta errepikaezina izateko, berrogei gauez, bertako produktuak soilik dituen menu bat sortuz eta beste familia baten ardoekin uztartuz. Bigarren familiak bai, odol-loturak ditu, baina grina, konpromisoa eta sormen korrontea berbera da. Haien anfitrioiak dira: Michelini anaiak. Jatetxe bat hutsetik sortzea, aire zabalean; sua besterik ez duena, eta eguzkiaren mugimenduari jarraitzen diona.

Irailak 23:

Ramen Shop
Eric Khoo  (Singapur - Japonia - Frantzia)
Antzezleak: Takumi Saitoh, Mark Lee, Jeanette Aw, Tsuyoshi Ihara, Tetsuya Bessho, Beatrice Chien, Seiko Matsuda

Masatok, ramen sukaldari gazte batek, atzean utziko du bere jaioterria, Japonian, eta Singapurrera abiatuko da sukaldaritzako bidaia batean, bere iraganari eta familiari buruzko egia ezagutzeko. Odisea gozo-gozo horretan, bere arbasoen sekretuak, errezeta bikainak eta askoz ere gehiago aurkituko du Masatok.

Irailak 24:

Y en cada lenteja un dios
Miguel Ángel Jiménez Colmenar  (Espainia)
Antzezleak: Luis Moya, Kiko Moya, Alberto Redrado, Francisco Moya, Ramiro Redrado

Luis gidoilaria da lanbidez eta bere sorlekura itzuliko da, Alacanteko mendialdeen barnealdeko Cocentaina herrira, bere anaia Kiko Moyari eta bere lehengusu Alberto Redradori liburu bat idazten laguntzeko, familia-jatetxeko sukaldaritzari buruz. L’Escaleta du izena jatetxeak, bi Michelin izar preziatu jaso zituen, eta Espainia eta Portugaleko 25 jatetxe onenen artean dago. Urtebete igaro denean, bere ibilaldi horri esker, bidaia lauso eta bilaketa horri guztiari esker, familiarekin berriz elkartuko da Luis eta ikusleak inoiz ez bezala biziko du bi Michelin izar dituen jatetxe baten atzean dagoen bizimodua, gastronomiarekiko grinarekin konprometituta eta jendeari euren onena ematera erabakita dagoen familia oso baten eskutik.

Irailak 25:

Jaén, Virgen & Extra / Jaén, Virgin & Extra
José Luis López-Linares  (Espainia)

Oliba-olioa ezinbesteko osagaia da dieta mediterraneoan. XXI. mende hasieran iraultza hasi zen Jaenen: Picual olibak, bertako guztien artean enblematikoenak, munduko oliba-olio birjina estrarik onena eman zezakeen, historikoki apenas aintzat hartua izan arren. Dokumental honek aldaketa horren ondoriozko erronketan barrena eramaten gaitu, Jaengo olibadiko jendeen, aldaketa horretan iraultza gastronomikoa ikusi duten sukaldarien, olibarien eta kontsumitzaileen begiradaren bitartez, eta Espainiako probintzia ezezagunetako batek ezkutatzen duen edertasuna ematen digu ezagutzera.

Irailak 26:

Little Forest
Yim Soon-rye  (Hego Korea)
Antzezleak: Kim Tae-ri, Ryu Jun-yeol, Moon So-ri, Jin Ki-joo

Lanik gabe, amodio-arazoekin eta nota ezin txarragoekin… Hiri handian bizitzen, ezer ez doakio ondo Hye-won gazteari. Konpondu gabe dituen kontuak albo batera utzi eta, halako batean, sorlekura itzuliko da. Jae-ha eta Eun-sook txikitako lagunekin elkartuko da hor. Haiek beren moduan daramate euren ezohiko bizitza landatarra. Negu horretatik aurrera, une lau baina lasaiez beteko dira Hye-wonen egunak; osagai organikoekin egindako janariez. Lau urtaroetan zehar, bizimodu laua izatearen egiazko plazera aurkituko du Hye-wonek, eta sorlekura itzultzeko benetako arrazoiaz jabetuko da. Udaberri berria gertu da, eta lehen urratsa emango du bere bizitza berrian.

Irailak 27:

The Heat: A Kitchen (R)evolution
Maya Gallus  (Kanada)

Jatetxeetako sukaldeak presioko eltzeak dira, ordutegi latzen, estres mordoaren eta lorik ezaren ondorioz. Haserreak lanarekin batera doaz eta maila txikienean daudenak egon ohi dira jomugan. Baina sukaldari entzutetsuenen ohiko gizonkeriek inflexio-puntua jo dute. Orain, jatetxeen buruan jarri diren emakumeen eraginpean, eta lehen arautzat hartu ohi ziren baldintza basatiei men egiteko prest ez dagoen belaunaldi gazteagoa iritsi denez, berriz idazten ari dira guk ezagutzen dugun 'sukaldearen kulturaren' arauak. The Heat filmak agertokiaren atzealdera eramango ditu ikusleak, laneko oztopoak hautsi zituzten aurrendariak ezagutzeko, Michelin izardun sukaldariak ere barne: kasurako, Anne Sophie Pic ('Frantziako Sukaldaritzako Erregin' ere esaten diote), Maison Pic jatetxekoa, Valencen, Frantzian; Angela Hartnett britainiar izar maitea (Gordon Ramsayren begikoa), Murano jatetxekoa; eta Anita Lo newyorktar sukaldari sariduna (17 urteren ostean New Yorkeko bere jatetxe ikonikoa, Annisa, ixtekotan dena).

Irailak 28

Bihar dok 13
Aitor Bereziartua, Ander Iriarte  (Espainia)
Antzezleak: Chem Wei, Maria Torrecillas, Pau Rull, Jordi Bross, Maria Zibara, Jose Mari Aizega, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Jon Echeverria Plazaola, Oreka Tx, Eneritz Furyak, Andoni Egaña, Joseba Irazoki, Ion Lopez, Mikel Azpiroz, Elena Setien, Jabi Moreno, Mikel Chillida, John Berkhout, Jose Luis Zumeta, Delorean
Klausurako filma

Basque Culinary Centerren, abangoardia gastronomikoa ikasten ari diren mundu osoko zenbait ikaslek iraganera bidaiatuko dute, Bihar dok 13 menua sortzeko. Bidaian, 1966ko Euskal Herrira joango dira, eta hortik abiatuta, kulturaren alorrean dena aldatu zuen hamarkada ezagutuko dute. Bost ekitaldi bereziren bitartez, Gaur, Ez dok amairu eta Euskal sukaldaritza berria (BCCren aita espirituala) mugimenduak ezagutuko ditugu. Ekitaldi horiek barneratu ostean, lidergoak banatu, eta menu gastronomiko bat sortu beharko dute. Dokumentalean, ikasleen begien eta ekitaldien bidez, mugimenduok euskal gizartean zer garrantzi izan zuten ezagutuko dugu. Halaber, nola jarraitu duten sukaldariek ere sortze-prozesua gauzatzen. Azkenik, sukaldari gazteek egindako "Bihar dok amairu" menua dastatzeko antolatuko den bazkarian, euskal kulturaren aurpegi adierazgarrienak egongo dira, artista eta musika berriekin baturik. Sinbolikoki, belaunaldi batek berriari ateak irekiko dizkio.

Egitaraua
Datak - Filma
 
Jatetxea
 
Sukaldariak

Inaugurazioa. Larunbata 22
TEGUI: UN ASUNTO DE FAMILIA
 
Basque Culinary Center
 
Germán Martitegui

Igandea 23
RAMEN SHOP
 
Basque Culinary Center
 
Pang Seng Meng & Alexander Pang

Astelehena 24
Y EN CADA LENTEJA UN DIOS
 
Basque Culinary Center
 
Kiko Moya & Alberto Redrado

Asteartea 25
JAEN, VIRGEN & EXTRA
 
Basque Culinary Center
 
Paco Morales

Asteazkena 26
LITTLE FOREST
 
Ni neu
 
Luke Jang & Mikel Gallo

Osteguna 27
THE HEAT: A KITCHEN (R)EVOLUTION
 
Basque Culinary Center
 
Heidi Bjerkan

Klausura. Ostirala 28
BIHAR DOK 13
 
Basque Culinary Center
 
Graduados del Basque Culinary Center

*2018ko abuztuan, Locarnoko zinema jaialdiko First Look Jury epaimahaiko kidea izan zen.

Sukaldariak
GERMAN MARTITEGUI - TEGUI
Germán Martitegui Necochean jaio zen, Argentinan. Beatriz Chomnalez irakaslearekin hasi zen sukaldean. Frantzian eta Los Angelesen izan ondoren, Buenos Airesera itzuli eta Francis Mallmannekin aritu zen lanean, sukaldari buru gisa. Tegui jatetxea duela 9 urte ireki zuen, eta bertan garatzen du Germánek sukaldaritzari eta gastronomiari buruz duen ikuspegi apartekoa. Hamargarren postuan dago The World's 50 Best Restaurants Latin America zerrendan eta Chefs' Choice Award sariduna izan zen 2017an; Germán Martitegui bai nazioan bai nazioartean izan da aintzat hartua.
PANG SENG MENG ETA ALEXANDER PANG - NEW UBIN SEAFOOD
New Ubin Seafood familiako negozio bat da, Bukit Batoken (Singapur). Jatetxean, gazteriarekin eta ikuspegi globalarekin uztartzen dira eskarmentu sakona eta metatutako ezagutza. Aita-semeek esperientzia paregabea diseinatu, eta gorenera eraman dute jatetxea, baita 2017an Bib Gourmand saria jaso aurretik ere. Zi Char janaria harturik oinarri, aro berri batera eraman eta osagai eta teknika garaikideekin esperimentatzen dute.
KIKO MOYA ETA ALBERTO REDRADO - L'ESCALETA
Kiko Moyak eta Alberto Redradok gurasoengandik jaso zuten gastronomiaren eta ostalaritzaren grina, hainbesteraino, non familiaren L'Escaleta jatetxeari jarraipena eman baitzioten lehengusuek. 2001etik bi Michelin izar eta hiru Repsol eguzki dituen bizitza-proiektu bat da. El Bulli, Talaia eta El Celler de Can Roca jatetxeak igaro ondoren L'Escaletako sukaldearen buruan jarri zen Kiko Moya, eta grinaz eta ingurunea etengabe berraurkitzeko ahaleginez dihardu bertan. Alberto Redradok txikitatik izan du ostalaritzarekin harremana. Sommeliertzak eman zion atentzioa, eta klasikotzat deskribatzen du bere gustua; bere esanetan, botila bakoitzean azaldu behar dira barietatea, ardogilea eta eremua.
PACO MORALES - NOOR
Paco Morales (Kordoba, 1981) gaztetasunagatik eta eskarmentu itzelagatik nabarmentzen da. Hainbat jatetxetan izan eta gero –Diagonal, Guggenheim Bilbao, Mugaritz, El Bulli eta beste– Mugaritzeko I+G atalean amaitu eta harreman estua garatu zuen Andoni Luis Adurizekin. Hainbat sari jaso ditu; besteren artean, aipagarria da XXI. mendeko 30 urtetik beherako sukaldari onenaren saria jaso zuela Gastronomiako Akademia Nazionalarengandik. Córdobako Noor jatetxean kontzeptu berritzailea esploratu du andalustar herentzia gastronomikoa abangoardia garaikidera eramanez. Bere proposamen arriskatuak Michelin izarraren merezidun bihurtu du.
LUKE JANG - SOMA DE ARRANDO
Luke Jang korear sukaldariak El Bullin eta Mugaritzen jaso zuen prestakuntza, eta bakarkako ibilbideari ekin ondoren Soma de Arrando proiektu gastronomikoa ireki berri du Madrilen. Chamberí auzoan dago jatetxea, eta harritzeko asmoz funtsa eta forma uztartzen dituen abangoardiako sukaldaritza baten alde egiten du apustu. Jangen karismak eta abangoardiako tekniken eta korear tradizioaren konbinazioak esperientzia berdingabea osatzen dute.
MIKEL GALLO - NI NEU
Mikel Gallok aparteko bi eraikinetan garatu du bere jardunaren zati handi bat: Bilboko Guggenheim museoan eta Kursaal Kongresu Jauregian. Kursaaleko sukaldeetan bederatzi urte eman ondoren beste norabide bat hartu zuen haren ibilbideak, eta Bixente Arrietarekin batera (IXO Group) sukaldaritza-kontzeptu berri bat aurkeztu zuen: Nineu jatetxea, Kursaal Kongresu Jauregian, proposamen gastronomiko berritzailea mahaigaineratu eta goi-sukaldaritza gizarteari hurbiltzen diona.
HEIDI BJERKAN - CREDO
Norvegiako sukaldari ospetsuenetako bat, ekonomia zirkularreko jatetxe-eredua eta gizarte-errealitatearekin engaiatutako gastronomia proposatzen du chef honek. Credo jatetxean Trondheimeko eta inguruko nekazari-abeltzainak eta bere lantaldea jardunbide organikoetan eta hondakinen kudeaketan integratzen dituen ekosistema bat sortu du Bjerkanek. 2017an, Norvegiako errege-familiaren sukaldari ohiak Vippa azeleratzaile soziala jarri zuen martxan, errefuxiatuei eta etorkinei prestakuntza jasotzeko eta lana aurkitzeko aukera emateko. Bjerkanek Osloko portuko biltegi zahar bat eraberritu, eta munduko hainbat herrialdetako kale-janaria biltzen duen merkatu bizi bihurtu du.
BASQUE CULINARY CENTERREKO GRADUATUAK
Basque Culinary Centerreko azken prestakuntza-urtean, zenbait ikaslek Bihar Dok dokumentalean parte hartu zuten. Proiektuan, artetik gastronomiara daraman aurkikuntza-bidaiari ekin zioten. Graduatu bakoitzak artelan batean inspiratutako plater bat sortu zuen, eta kontzeptu horixe birsortuko dute graduatuek Culinary Zineman, Basque Culinary Centerreko irakasleekin batera. Esperientziak pantailatik mahairako jauzia egingo du, bertaratuek zuzenean bizi ahal izan dezaten artearen, kulturaren eta gastronomiaren arteko elkarreragina.
Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea