tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Berriak > Isabelle Huppert aktorea da 66. Donostia Zinemaldiko kartel ofizialaren protagonista
Isabelle Huppert aktorea da 66. Donostia Zinemaldiko kartel ofizialaren protagonista
Osteguna, 2018(e)ko abuztuaren 30

Donostia Zinemaldiak 66. edizioko posterra jasotzen duten kartel ofizialen lerro berria atera du argitara, eta Isabelle Huppert da horien protagonista.

Poster ofizialak Zinemaldiaren identitate grafiko berriaren ildoari jarraitzen dio. Hala, kartel guztien konposizioan argazkiak eta ilustrazioak uztartzen dira. Antzezlearen zuri-beltzeko irudia sailen kolore-lerroei gainjarri zaie.

“Zinemaldirako ohore handia da oraindik jardunean den eta urtero film zoragarriak ekartzen dizkigun munduko antzezle onenetako batek Donostia Zinemaldiaren irudia izatea onartu izana", adierazi du Zinemaldiaren zuzendari José Luis Rebordinosek.

Parisko antzezlearen eta Zinemaldiaren arteko harremana duela 15 urte baino gehiago hasi zen, hark Olivier Dahan zuzendariaren La vie promise aurkeztu zuenean. Hurrengo urtean, 2003an, Donostia saria jaso zuen zinemagintzari egin dion ekarpenaren aitorpen gisa. Izan ere, 130 filmetan baino gehiagotan hartu du parte, eta ehun saritik gora bildu ditu 1978. urtean emakumezko aktore berri onenaren BAFTA saridun suertatu zenetik La dentellière filmean egindako lanagatik.

Besteak beste, sari eta aitorpen hauek jaso ditu: Urrezko Globoa eta Oscar sarietarako izendapena (Elle, Perlak 2016); Zilarrezko Hartza Berlinen (8 femmes, Perlak 2002); bi antzezpen-sari Cannesen, bata 1978an (Violette Nozière) eta bestea 2001ean (La pianiste, Perlak 2011); bi Cesar sari (La cérémonie, 1995, eta Elle, 2016); bi Volpi Kopa (La cérémonie, 1995, eta Une affaire de femmes, 1988) eta Urrezko Lehoi berezia Venezian Gabrielle filmarengatik; bi David de Donatello (emakumezko aktore atzerritar onenarena La dentellière filmagatik 1997an eta laneko ibilbide osoarengatik 2003an); Zinemako Europako Akademiaren hiru sari, La pianiste eta 8 femmes filmengatik eta zinemagintzan egin duen ibilbide bikainagatik; eta bost Lumière sari (La cérémonie, Merci pour le chocolat, Gabrielle, Elle eta ohorezko saria).

Donostian haren 15 film inguru programatu dira. Bai Europako bai Amerikako bai eta Asiako zuzendari onenekin aritu da lanean; besteak beste, Jean-Luc Godard, Michael Haneke, Mia Hansen-Løve, Raúl Ruiz, Brillante Mendoza, Paul Verhoeven, David O’Russell, Hong Sangsoo, Hal Hartley, Claire Denis, François Ozon, Olivier Assayas, Rithy Panh, Andrzej Wajda, Joseph Losey, Diane Kurys (Coup de foudre filmean, Fipresci sariduna 1983an Donostian), Michael Cimino, Bertrand Tavernier, Otto Preminger eta aurrez aipatutako Claude Chabrolekin.

Kartel ofizialaren 1.000 ale inprimatuko dira, eta saltokietan eta Zinemaldiaren ohiko guneetan banatuko dira. Katalogoaren eta filmez filmeko gidaren azalean ere agertuko da.

Nagore García Pascualek, Julen Cano Linazasorok eta Txema García Amianok zuzendutako TGA diseinu-estudio donostiarrak sortu du kartel ofiziala, gainerako posterrak eta identitate grafiko berria bezala.

 
Bereizmen handiko irudiak

© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea