Industria Sailak 2014. urteaz geroztik antolatzen du Focus on industria-ekimena, zeinaren bidez herrialde, eskualde edo lurralde batetik datorren profesional-talde bat Donostia Zinemaldira baitator, harreman profesionalen sarea zabaldu eta Industriako jardueretan parte hartzeko.
2014an, Telefilm Canadarekin elkarlanean eta Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroarekin batera, lehenengo Focus on jarduera antolatu zen: Focus on Canada, hamaika profesional bildu zituena. Ekimenaren arrakasta tarteko, 2015ean berriz ere Kanada izan zen lurralde protagonista. 2016an, Focus on Nordic Glocal antolatu zen Danimarka, Islandia eta Norvegiako institutu zinematografikoekin elkarlanean, eta horixe izan zen, hain zuzen ere, 2017an martxan jarritako Glocal in Progress ekimenaren abiaburua.
Aurten, Estonian Film Institute, National Film Centre of Latvia eta Lithuanian Film Centre erakundeekin lankidetzan, proiektuak aribidean dituzten Estonia, Letonia eta Lituaniako hamabost ekoizlek aukera izango dute Donostian beren egitasmoetarako bazkideak aurkitzeko eta Europako nahiz Latinoamerikako beste eskualde batzuekin batera koprodukzio-abaguneak handitzeko.
Azken urteotan beren ekoizpen zinematografikoen kopurua handitu dute Baltikoko herrialdetako zinematografiek, beste herrialde batzuekin koprodukzioak sustatuz. Aurten ere Zinemaldian presentzia izango dute Baltikoko herrialdeek. Hala, Lituania da Nataliia Meshchaninova zuzendariaren Serdtse Mira / Core of the World filmaren (New Directors) herrialde koproduktoreetako bat, Just a Moment ekoiztetxeko Dagne Vildziunaite koproduzitzailearen bidez, eta Lituaniako M-Films enpresako Marija Razgutek koproduzitu du Xacio Bañoren Trote (Zabaltegi-Tabakalera), Ikusmira Berriak programaren lehenengo edizioan aukeratutako proiektuetako bat. Bestalde, Ignas Jonynasen Nematoma / Invisible filma, Glocal in Progressen aukeratua, Lituaniako Magic Films ekoiztetxeko Kristina Ramanauskaitek ekoitzi du eta Locomotive Productions (Letonia) enpresako Robert Vinovskis eta Limeliteko (Ukrainia) Vladimir Yatsenko dira koproduktoreak.
Industria Saila ondorengoen babesarekin: