tve movistar+
Babesle
Ofizialak
65. Donostia Zinemaldia
22/30 Iraila 2017 - #65ssiff

itxi
Bete formularioa zure datuekin, erregistratutako erabiltzaileentzako edukiak ikusteko
Sakatu hemen
Ez duzu pasahitza gogoratzen? Sakatu hemen

itxi


Oraindik ez duzu posta elektronikoa balioztatu. Posta elktroniko bat bidali dizugu, ondoko esteka sakatu behar duzu kontua balioztatzeko

Hemen zaude: Lehen orrialdea > 66. Edizioa 2018  > Donostia Sariak > DANNY DEVITO
DANNY DEVITO
 

Danny DeVito ikuskizunaren munduko pertsona moldakorrenetako bat da, bikaina aktore, ekoizle nahiz zuzendari lanetan.

Louie De Palmaren rol sarituak, Taxi telesailean, Estatu Batuetan ezagutarazi zuen DeVito, eta Emmy eta Golden Globe bana ekarri zizkion. TV Guide aldizkariak 1999an bere irakurleen artean egindako inkesta batean, inoiz telebistan izandako 50 pertsonaia onenen artean bozkatuena izan zen DeVitoren Louie De Palma.

2012an, DeVitok eta Richard Griffiths-ek kritikaren txaloak jaso zituzten Neil Simonsen The Sunshine Boys komediaren Londreseko antzerki-egokitzapenari esker. Hurrengo urtean, DeVitok berriz antzeztu zuen kritikak goraipatutako rol hura, Los Angelesen, Taxi-ko protagonista Judd Hirsch-ekin.

DeVitok 2017an egin zuen Broadwayn debuta, Gregory Solomon hezurmamiturik Arthur Miller-en The Price antzezlanean, eta Tony sarietarako lehenengo izendapena eskuratu zuen ondorioz. Hain zuzen, hainbat sari irabazi zituen rol horri esker; besteak beste, Drama Desk Award, Outer Critics Circle Award eta Broadway.com Audience Choice Award.

Frank Reynolds pertsonaiaren rola bete zuen FXXko It's Always Sunny in Philadelphia kultu-komedian, eta irailean estreinatuko den 13. denboraldian berriz ikusiko dugu bertan.

DeVito Tim Burton zuzendariarekin elkartu da haren hurrengo filmerako (Dumbo) eta duela gutxi amaitu dute hura filmatzen, Ingalaterran. Duela gutxi, Taylor Hackford zuzendariaren The Comedian filmean (Sony Classics) agertu da, Robert De Niro eta Leslie Mann-ekin batera. DeVitok zuzendari, protagonista eta koproduktore jardun zuen Curmudgeons film laburrean; 2016an Tribeca zinema-jaialdian estreinatu zen, eta ondoren 2016ko Seattleko eta Londreseko zinema-jaialdietan proiektatu zuten. 2016an, halaber, Todd Solondz-en Wiener-Dog komedia beltzeko protagonistetako bat izan zen DeVito.

Gutxi barru Chesterfield pertsonaiaren ahotsa izango da Animal Crackers animazio-filmean, baita Warner Bros ekoiztetxearen Smallfoot animazioan ere. Egun, Walt Disney Pictures-en The One and Only Ivan filmerako pertsonaia bat grabatzen dabil. 2012an, Lorax-en ahotsa jarri zuen Universal Pictures-en The Lorax animazio-film luzean, Seuss doktorearen izen bereko liburuan oinarritutakoan. Filmaren alemanezko, errusierazko, gaztelaniazko eta italierazko bertsioetan ere entzun genuen haren ahotsa.

2015ean, ekoizle exekutiboa izan zen Harold and Lillian: A Hollywood Love Story dokumental biografikoan. 2014an A Walk Among the Tombstones (Universal Pictures) polizia-dramaren ekoizleetako bat izan zen eta All The Wilderness filma protagonizatu zuen. 2012an Hotel Noir zuri-beltzeko polizia-dramaren protagonista izan zen.

Bere lan-ibilbidean 25 proiektu baino gehiago zuzendu ditu DeVitok; besteak beste, Matilda, Death To Smoochy, The War of the Roses (Rosetarren gerra), Hoffa, Throw Momma From the Train, The Ratings Game; baita film labur, telesail eta telefilm ugari ere, esaterako, Taxi.

DeVitok beldurrezko film laburrei buruzko TheBloodFactory.com webgunea darama, halaber, John Albo gidoilariarekin batera. Hark splatter cuts (zipriztintzen duten mozketak) esaten die txeraz. Horrez gain, Jersey Film's 2nd Avenue ekoiztetxea, Jersey Films konpainiaren ondorengoa, zuzentzen du. Jersey Filmsek 20 film baino gehiago ekoitzi ditu: besteren artean, Freedom Writers, Be Cool, Garden State, Along Came Polly, Man on the Moon, Pulp Fiction, Out of Sight, Get Shorty, Hoffa, Matilda, Living Out Loud eta Erin Brockovich, Oscar sarietarako izendatua.

Jersey Filmsen egindako lanaz gainera, film hauetan protagonista izan da DeVito: The War of the Roses (Rosetarren gerra), Junior, Batman Returns, Twins, Romancing the Stone, Jewel of the Nile, Ruthless People, Throw Momma From the Train, Tin Men, Anything Else, Big Fish, Renaissance Man, The Big Kahuna and Heist. Beste film hauek ere antzeztu ditu: The Good Night, Deck The Halls, Relative Strangers, The OH in Ohio, Be Cool, Nobel Son and Even Money.

DeVito Our Lady of Mt. Carmel eskolan egin zuen Lehen Hezkuntza, eta Oratory Prep School institutuan (Summit, New Jersey) ikasi zuen ondoren. Eskolako obra bakarrean agertu zen han, Asiseko San Frantzisko gisa. Gradua atera eta gero, askotariko lantxoak egin zituen, baina aktore aritzeko ideia gogoan izanik betiere. Azkenean, American Academy of Dramatic Arts eskolan sartu zen, New Yorken. «Esgrima eta ahoskatze eskolak ematen zituzten» esan izan du txantxetan, «ez dezazun arraro hitz egin». Lana aurkitu ezinean, joan-etorriko bidaia-txartela erosi eta Hollywood aldera abiatu zen Danny. Urtez langabe egon ondoren New Yorkera itzuli zen. Lagun zahar bati dei egin zion, American Academyko irakasle ohia bera, eta hain justu beraren bila ibilia zen, protagonista rola eskaini nahi baitzion ekinaldi bakarreko antzezlan baterako, The Man With The Flower in His Mouth izenburupean aurkeztekoa zen trilogia batean. Danny laster hasi zen ‘dirutza’ irabazten (60 dolar asteko), eta beste zenbait antzezlan iritsi zitzaizkion segidan. Besteak beste, honako hauek: Down the Morning Line, The Line of Least Existence, The Shrinking Bride and One Flew Over the Cuckoo's Nest (Kuku-habiaren gainean hegan).

1975. urtean, American Film Institute erakundearen beka baten bidez, Minestrone idatzi eta ekoitzi zuten Danny DeVitok eta haren emazteak, Rhea Perlman aktoreak. Bitan proiektatu dute Canneseko zinema-jaialdian, eta bost hizkuntzetara itzulia izan da. Ondoren, zuri-beltzeko film labur bat idatzi eta ekoitzi zuten, The Sound Sleeper, 16 mm-tan, eta lehenengo saria irabazi zuen Brooklyn Arts and Cultural Association lehiaketan.

2018an, Asbury Park hiriko alkateak –New Jerseyko herria, bertan hazi zen DeVito– jakinarazi zuen ordutik aurrera eta behin betiko Danny DeVitoren Eguna izango zela azaroaren 17a (DeVitoren urtebetetzea) Asbury Parken.

DeVitok badaki nola eraman arrakasta. Ez ditu inoiz ahaztu bizitako garai gorriak, eta perspektiba osasungarriari eutsi dio. Taxi-ko Louie De Palmak esango lukeen bezala: «gaur ongi jokatu ezean, zureak egin du bihar».


GALARAKO SARREREN AURRESALMENTA

Danny DeVitori Donostia saria emateko ekitaldirako sarrerak dagoeneko salgai daude, eta 45 euro balio dute.

Rodrigo Sorogoyenen El Reino filmaren proiekzioaren aurretik emango zaio saria, irailaren 22an (larunbata), 19:30etan. Sarrerak salgai dauden dagoeneko Zinemaldiaren webgunean. Gainera, salgai daude Hirokazu Koreedari emango zaion Donostia saria entregatzeko ekitaldirako sarrerak ere. Irailaren 23an izango da, igandez, 20:30etan, Manbiki kazoku / Shoplifters filmaren proiekzioaren aurretik.
 

Babesle Ofizialak:
Laguntzaile Ofizialak:
Instituzio Kideak:
© Donostia Zinemaldia | Desarrollado por: Yo Miento Producciones

Webgune hau berezko eta kanpoko cookies-az baliatzen da, erabiltzaile gisa esperientzia hobea eskaintzeko. Informazio gehiago Onartzea